Koronabirusa

Hegoaldeko 38.000 autonomok jaso dute langabezia sari berezia

Eusko Jaurlaritzak 30 milioi eurorekin zabalduko du autonomoei laguntzeko funtsa. Hiru milioiko ekarpena ordu batzuetan ahitu da

Iruñeko Alde Zaharreko saltokiak eta tabernak, itxita. IÑIGO URIZ / FOKU.
xabier martin
2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Autonomoen erreskate operazioa aurrera doa, eta orain arte sekula ikusi gabeko neurriak gauzatu dira koronabirusak eragin dien muturreko egoera arindu nahian. Gizarte Segurantzako Ministerioak atzo emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 38.264 autonomok jaso dute langabezia sari berezia. Konfinamenduaren ondorioz jarduera ekonomikorik gabe geratu direnek edo fakturazioaren %75etik gora galdu dutenek dute saria jasotzeko eskubidea. Gainera, ez da beharrezkoa gutxieneko kotizazio maila bat egin izana sistemari. Nahikoa da izena emanda egotea autonomoen erregimenean, eta ordainketak eguneratuak edukitzea.

Datu ofizialen arabera, 42.381 eskaera egin dituzte Hego Euskal Herriko langile autonomoek, eta horietatik 4.117 bota dituzte atzera, %9,7 hain zuzen ere. Saria kotizazio oinarriaren %70 da. Hau da, Gizarte Segurantzan gutxieneko kopurua kotizatzen dutenek 661 euroko saria jasoko dute. Martxoan, 217.000 autonomo zeuden Gizarte Segurantzan kotizatzen, eta, beraz, Hego Euskal Herriko autonomoen %17,5ek jaso dute prestazio berezi hori.

Espainiako Gizarte Segurantzaren Ministerioak 670,9 milioi euroko funts berezia jarri du martxan, sisteman dauden 3,2 milioi autonomoen taldeko ahulenei laguntzeko helburuarekin. Milioi bat autonomok baino gehiagok lortu dute salbuespeneko langabezia hori, eskatu duten guztien %97,3k.

Sektoreka, eskaera gehien dituen alorra merkataritza txikiarena da; gero, ostalaritza; ondoren, eraikuntza. Hilabetez luzatuko da laguntza berezi hori, eta alarma egoerak irauten duen azken egunera arte luzatuko dute.

Jaurlaritzaren laguntza

Eusko Jaurlaritzak ere martxan jarri du autonomoei laguntza emateko funts bat, baina hiru milioi euroko aurrekontuarekin, eta berehala ahitu zen atzo —1.000 autonomorengana baizik ez dela iritsi kalkulatu dute—, eta Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri du 30 milioi eurorekin zabalduko duela funts hori; autonomoentzat eta enpresa txikientzat izango da, eta datozen egunetan azalduko dute zein diren laguntzak eskatzeko egin beharreko urratsak. «Pauso bat gehiago da martxan jartzen ari garen beste laguntzen artean», esan zuen Urkulluk.

Euskaldendak patronalak, berriz, «kulturaren alorrak jaso duen tratu bera» eskatu du. DSBE berezi bat nahi du ostalaritzan eta merkataritza txikian aritzen diren langile autonomoentzat. Beren negozioak derrigorrez itxi behar izan dituztela gogoratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.