Koronabirusa

Aeronautikak luzarorako kalteak izan ditzakeela aitortu du klusterrak

Heganek uste du «eskariak ikaragarri amil» daitezkeela. Langileen osasuna arriskuan jarri gabe lan egin dezaketela uste du

Hegazkinak Pragako aireportuan aparkatuta, koronabirusaren krisiaren ondorioz. MARTIN DIVISEK / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiaren irudietako bat da hau: dozenaka hegazkin aireportuetan aparkatuta, nora joan ez daukatela. Berri ona airearen kutsadurarako, hegazkinek darabilten kerosenoa kutsatzaile handia baita, baina oso txarra hegazkin konpainientzat eta hegazkinak eta haien osagaiak egiten dituztenentzat. Azken horiek biltzen dituen Hegan klusterrak aitortu du eskariak asko txikitzen ari direla. Gainera, beldur da luzarorako joko duen eta ondorio sakonak izango dituen euskal enpresetan.

«[Ekoizpen] Gaitasunaren eta merkatuaren doikuntza handi baten da hau: egoera okerrenean, eskaria ikaragarri amilduko da, eta denbora gutxian berreskuratzeko aurreikuspenik gabe». Hitz horiekin deskribatu du Heganek aeronautika sektorearen kezka.

Epe laburrean jada arazoak daudela aitortu du klusterrak, agiri baten bidez. «Dagoeneko nabari dira krisiaren lehen ondorioak. Klusterreko enpresen bazkide nagusien modeloen fabrikazio erritmoak %36 eta %43 artean jaitsi dira pandemiaren aurretik zeudenen aldean. Hainbat arrazoiren ondorio da: hegazkin konpainiek bertan behera utzi dituzte eskaera batzuk; eskaera berriak falta dira; ziurgabetasuna dago...».

Izan ere, aire garraioa da konfinamenduak eta mugen itxierak bizkorren eta gehien jasan dituzten arloetako bat. Heganek gogorarazi duenez, Eurocontrolek kalkulatu du azken asteetan %90txikitu da aire trafikoa kontinentean. Mundu osoan %80 txikitu da, IATAren arabera. «Horrek oso ondorio larriak izango ditu gure sektorean; izan ere, azken finean, hegazkin eskariaren azken motorra da aire garraioa».

Heganek azaldu du administrazioarekin lanean ari direla egoera aztertzeko eta kaltea arintzeko planak egiteko. Edonola ere, ziurtatu du «segurtasun maila oso handiak» ezartzeko gaitasuna duela sektore aeronautikoak, eta horri esker lanean jarraitu ahal dutela, «pertsonen osasuna arriskuan jarri gabe, sektorearen benetako aktiboa baitira».

5.000 langile

Urte oparoa izan behar zuenean etorri zaio krisia aeronautikari. Izan ere, hegazkin eskari gero eta handiagoari esker, urtetik urtera emaitzak hobetzen ari zen. Heganek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektoreko 56 enpresa—ITP Aero, Aernnova, Aratz, Sener, Sisteplant...—, lau zentro teknologiko eta lau unibertsitate biltzen ditu. Haren enpresek 2.457 milioi euro fakturatu zituzten 2018an; 176 lantegi zituzten, eta 14.857 langile: horietatik ia 5.000, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.