Izurriteak ekarritako egoerak andreen buru osasunean izan duen eragina izan dute aztergai Leire Murgialdai eta Amanda Jimenez psikologoek. Espazio Lunarra taldeko kideak dira, Maddi Gutierrez, Javi Olfos eta Betsy Trejorekin batera. Egoeraz hausnartu dute, kolektiboki, ikuspegi feminista batetik.
Nola eragin du izurriteak emakumeen egoeran?
L. MURGIALDAI: COVID-19ari lotutako krisiak osasunari eta zainketei eragiten die, eta, ondorioz, eragin handiagoa du emakumeengan, ordaindutako zein ordaindu eta aitortu gabeko zaintza lanak egiten baititugu. Dena dela, emakumeez ari garenean, ez gara genero bati buruz ari, baizik eta termino horrek politikoki ezarritako aginduetatik harago biltzen dituen identitate aniztasunari buruz; emakume transak eta beltzak, esate baterako. Desberdintasuna areagotzen duena ez da soilik andreen kategoria, baizik eta gure gorputzak zeharkatzen dituzten beste identitateak ere.
Eta buru osasunean?
A. JIMENEZ: Osasun fisikoa eta mentala ezinbestean daude lotuta, baita osasun emozionala eta soziala ere. Ez gara pertsona zatigarriak, eta kontzeptu horiek elkarri eragiten diete. Krisi honetan eragina izan zuten lehen dimentsioak sozialak eta fisikoak izan ziren, eta, ondorioz, mentalak eta emozionalak. Hori agerian gelditu zen lehen hilabeteetan loezinarekin, antsietatearekin, nekearekin... Azken hilabeteetan, berriz, genero indarkeriaren salaketekin eta online psikoterapiarekin, besteak beste.
Nola sentitzen dira andreak?
L. M.: Erreta gaudela esaten dugu; nekatuta, beldurtuta, triste, amorratuta, frustratuta, ziurgabetasunarekin, maitasun propiorik gabe, irrikaz, iraultzarako gogoz...
Zergatik daude horrela?
A. J.: Gehiegizko karga fisikoa, mentala eta emozionala dago zaintza lanetan; ez daude ekitatez banatuta, eta andreen gain gelditzen dira. Etxea «dena» gertatzen den gunea bilakatu da, eta hortik kanpo ere ez gara gelditu: lehen lerroan gaude osasun sisteman, elikagaien eta zainketen sareak sustatzen eta arrazismoaren aurkako sareak sortzen. Emakumeok kontaktu sozialarekin mugatuago gaude; izan ere, kolektibo zaurgarrienekin egiten dugu lan, eta, aldi berean, kutsatzeko arriskua handiagoa dugu, eta norbere zaintzarako denbora gutxiago.
Eremu askotan du eragina.
L. M.: Gizonak baino pobreagoak gara, eta ondorio horiek sentitzen ditugu ekonomiaren eta lan merkatuaren esparruan ere. Ez gara modu berean haziak izan, etorkizunean ere ez da espero zarata berbera egitea. Sinesgarritasuna kentzen digute «histerikoak» garelako; hori herentzia emozionalaren eta hazi garen indarkeriaren ondorioa da. Egoerok legitimatu eta betikotu egiten dute indarkeria eta genero maskulinoak boterea duen iruditeria kolektiboa; andreen hitzak ez du baliorik.
Beraz, zer egin daiteke?
A. J.: Ikuspegi psikosozial eta transfeminista batetik egin behar da lan, pertsonak, beren eskubideak eta zaintzak sistemaren erdigunean jarrita, testuinguruaren errealitateak ikusteko eta kolektiboki lantzeko. Prozesuan jarri behar da arreta, emaitza etengabe aldatu daitekeelako, eta legeak behar dira prozesu horietan gutxieneko ekitate bat zehaztu eta andreen parte hartzea bermatzeko. Era komunitarioagoan, garrantzitsua da elkarrekin lan egitea eta taldea zaintzea, eta, pertsonalean, norberaren zaintzari lekua eta denbora ematea.
Hori, ikuspegi feministatik?
L. M.: Emakumeek berdintasunez hartu behar dute parte erabakietan, eta genero ikuspegiarekin; hori izan behar da krisia arintzeko politikaren ardatza. Buru osasunari dagokionez, gure proposamena da norberaren eta taldearen zaintzan lan egitea, paraleloki, pertsonak zentroan jarrita eta gure benetako beharrei erantzunda; elkar entzun, onartu eta mimatuko dugu, garapen handiagoa eta gizarte eraldaketa erreala lortzeko tresna gisa.
Amanda Jimenez eta Leire Murgialdai. Psikologoak
«Norberaren eta taldearen zaintzan egin behar da lan, paraleloki»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu