Fronte Polisarioren 50. urtemuga

Erresistentziaren lekukotasunak

Lurralde okupatuetan bizi diren 81 emakume ekintzaileren testigantzak jaso dituzte txosten baten eta dokumental baten bidez. Hegoa institutuak eta Euskal Fondoak egindako lanari esker, urraketak dokumentatu dira.

El Ghalia Djimi dokumentalaren aurkezpen ekitaldian, joan den ostegunean, Bilbon. KRISTINA BERASAIN TRISTAN.
Kristina Berasain Tristan.
Bilbo
2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
«Harategi baten modukoa zen gela; kakoak eta kateak zeuden nonahi. 11 bat emakume ginen. Negarrak, negar zotinak eta min garrasiak baino ez ziren entzuten. Torturak etengabeak ziren. Konortea galtzen genuen. Zintzilikatzen gintuzten, eta deskarga elektrikoak ematen zizkiguten... Metodo horiekin aspertzen zirenean, makila bat ekarri, eta belaunen atzean sartzen ziguten;eskuak atzean lotu, eta buruz behera zintzilikatzen gintuzten ordubetez edo bi orduz. Hain mingarria zen, non jaio izanaz ere damutzen zinen».




Insumisas. Emakumeak borrokan Mendebaldeko Saharan. dokumentalean aipatzen diren lekukotasuneko bat da hori. Marokok Mendebaldeko Sahara indarrez hartu zuenean, 1975ean, setiatu egin zituen hiriak, eta hainbat eta hainbat saharar atxilotu eta zentro klandestinoetara eraman zituzten. Urteak eta urteak izan ziren han. Asko desagertuta daude oraindik.

Hegoa institutuaren eta Euskal Fondoaren elkarlanari esker, testigantza latz horiek dokumentatuta geratu dira. Dokumentalak iaz argitaratutako ikerketa bat dauka oinarri. Gertatutako guztia argitan jarri txostenak 81 emakumeren lekukotasunak jasotzen ditu, eta, lehen aldiz, kontakizun lazgarriez gain grafikoak eta estatistikak ematen ditu, genero ikuspegia zainduz: elkarrizketatutako emakumeen % 90ek pairatu dituzte tortura eta bestelako tratu ankerrak, eta % 68k sexu indarkeria.

Praktika sistematikoa

Txostenaren ondorioa letra larriz idatzi behar da: Mendebaldeko Saharan desagertze behartuaren praktika sistematikoa izan zen okupazioa hasi zenetik, eta emakume sahararrek giza eskubideen era guztietako urraketak pairatu dituzte.

Garai bateko errepresioa ez da eten, eta, hala ere, emakume sahararrek tinko eusten diote: debekatuta dauden ikurrak eskuetan hartu, eta kalera ateratzen dira. Erresistentziaren ikur dira.

Ikusi gehiago:KLANDESTINITATETIK ERBESTERA

Sultana Khaya da horietako bat. 2007an begi bat galdu zuen manifestazio batean parte hartzen ari zela hartutako kolpeengatik, eta, duela bi urte, beste begia galtzekotan izan zen. Bojadorko bere etxeko teilatu laura banderarekin ateratzeagatik eraso zioten. 558 egunez eduki zuten atxilotuta etxean.

Khaya dokumentalean agertzen diren hiru ekintzaileetako bat da. El Ghalia Djimi eta Mina Baali dira beste biak. Djimi beti bezain irmo mintzatu zen dokumentalaren aurkezpenean, behatzekin garaipenaren ikurra eginez: «Askapen borrokak emakume menderakaitzen kolorea du. Marokok krimen etengabe bat egin du, biktimak gara, baina, batez ere, ekintzaileak».

Dijmi hiru urtez eta zazpi hilabetez eduki zuten atxilotuta zentro klandestino batean, 1987tik 1991ra arte, eta, ordutik, borrokaren lehen lerroan dago.

Ikusi gehiago:Brahim Gali: «Sanchezena hirugarren traizioa izan da; labana bera zauri berean mugitzea izan da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.