'Pasaiako Badia' dokumentala emango du ETB1ek, gaur gauean

'Ur handitan' programan Poliziaren bortizkeriaren hainbat biktimaren lekukotzak entzungo dira

Erik Aznal, Xabier Otamendi eta Yuri Agirre, Pasaiako Badia dokumentalaren egileak. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2017ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen 1984ko martxoaren 22an, Pasaiako badiako harkaitzetan (Gipuzkoa). Lehen tiroaldian, Pedro Mari Isart Pelitxo eta Jose Mari Izura Pelu hil zituzten. Rafael Delas Txapas eta Dionisio Aizpuru Kurro harkaitzetan bertan fusilatu zituzten gero. Oinatza Produkzioak ekoizpen etxeak duela 33 urte gertatutakoa bildu du Pasaiako Badia dokumentalean. Hainbat proiekzioren ostean, ETB1ek gaur emango du lana, 23:30 inguruan.

Yuri Agirrek, Xabier Otamendik eta Erik Aznalek zuzendu dute dokumentala —BERRIA eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua izan dituzte babesle—. Besteak beste, Joseba Merinoren eta Rosa Jimenoren testigantzak bildu dituzte. Gertaeren bertatik bertarako lekukoak izan ziren Merino eta Jimeno; Merino beste lau kideekin batera zetorren Pasaira, Ziburuko (Lapurdi) kaitik abiatuta. Eta Jimeno amu gisa erabili zuen Espainiako Poliziak, egun batzuk lehenago atxilotu eta torturapean beste kideekin hitzordu bat egitera behartu baitzuten.

Lau hildakoen senideak ere hizketan ageri dira dokumentalean: Javier Izurak, Peluren anaiak, anaia nolakoa zen kontatzen du; Inma Delas Txapasen arrebak, anaiarekin zuen harremana eta bere beste hiru anaiak atxilotzean, ama nola zaintzen zuen azaltzen du; Rafael Delasek, berriz, anaia hil zutela Poliziaren deiarekin jakin zuela ere bai; Arantxa Isart Pelitxoren arrebak, hark jasandako torturez dihardu; Peio Aizpuru Kurroren anaiak kontatu behar izan zien gertatua bai aitari eta bai Pelitxoren familiari; Dioni Aizpuruk, Kurroren amak, «hura galtzea zer kolpe» izan zen azaltzen du.

Dibulgazio lantzat jo daiteke Pasaiako Badia, eta elkarrizketatuen artean daude Carlos Garaikoetxea 1984an Jaurlaritzako lehendakari zena, Santi Gonzalez familiako abokatua, Miguel Castells abokatua eta Enrique Villareal El DrogasBahía de Pasaia kantuaren egilea.

'Ur handitan', aurretik

Pasaiako Badia eman aurretik, dokumentaleko egile Yuri Agirre eta Xabier Otamendi ETB1eko Ur handitan saioan azalduko dira, hizketan (22:20). Programa berean, Poliziaren bortizkeriaren biktimak izango dira protagonista: Koldo Arriola 19 urteko gaztearen hilketa —1975eko maiatzaren 23an— gogoratuko dute Jose Luis Basterretxeak eta Iñaki Arriolak; Josu Zabala Hondarribian tiroz nola hil zuten —1976ko irailaren 8an— kontatuko dute Rafa Gonzalez eta Maxuxa Larrarte lekukoek; Martxoaren 3ko Gasteizko sarraskiaren berri ere emango dute.

Horretarako, Nerea Martinezekin hitz egingo du Xabier Madariagak —1976an hil zituztenbost langileetako bat zen haren osaba Pedro Mari Martinez izan zen—. Felix Placer apaiza ere egun hartan gertatutakoaz mintzatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.