Badator HBOren uzta berria

Euskal Herrian 'Taboo' telesaila ikusi ahalko da larunbatetik. Hilaren 19an 'Six' estreinatuko dute

Oona Chaplin aktoreak —Charles Chaplinen biloba— jokatzen du Taboo telesaileko rol protagonistetako bat. HBO.
urtzi urkizu
2017ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
HBOren Internet bidezko plataforman hainbat telesail berri ikusi ahalko dira datozen asteetan. Berrikuntzen artean, larunbat honetan Taboo telesail britaniarra jarriko dute harpidedunen eskura. BBC One eta FX Networks kateek ekoitzi dute, eta Erresuma Batuan telebistaz estreinatuko den egun berean ikusi ahalko da Euskal Herrian ere. Istorioa 1813. urtean dago girotuta. James Keziah Lenaey abenturazalea Ingalaterrara itzuliko da, bolada batean Afrikan ibili ostean. Aitaren enpresa heredatu du, eta etsai ugari jarriko zaizkio bidean. Delaneyren asmoa, ordea, aitaren heriotza mendekatzea da.

Zortzi atalez osatutako telesail laburra da Taboo. Steven Knight, Tom Hardy eta Edward Hardy dira sortzaileak, eta zuzendariak Kristoffer Nyholm eta Anders Engstrom. Aktore protagonistak Tom Hardy bera, Oona Chaplin, David Hayman eta Jonathan Pryce dira. Ekoizle eragileen artean Ridley Scott zinemagilea dago.

Hilaren 19an, beste telesail bat estreinatuko du HBOk: Six. Gerrako drama bat da, eta Walton Goggins aktoreak jokatzen du rol protagonista. Afganistanen girotuta dago, 2014. urtean.

Dokumental berriak ere iritsiko dira HBOren zerbitzura. Hilaren 24an, esate baterako, Beware the Slenderman lana estreinatuko dute. Istorio beldurgarri bat kontatzen du: 2014ko ekainean, Ameriketako Estatu Batuetako 12 urteko bi neska eskolako lagun bat hiltzen saiatu ziren, hemeretzi labankada sartuz. Dokumentalean, auziko ikerlarien hitzak, nesken ingurukoen testigantzak eta Poliziari neskek emandako azalpenak agertuko dira.

Telesailak hasi eta amaitu egiten dira. 2017an amaituko denetako bat Girls izango da. HBOk otsailaren 13an jarriko du ikusleen eskura seigarren eta azkeneko denboraldia —Movistar+en ere ikusi ahalko da egun beretik—.

Otsailaren 20an, berriz, beste bi telesail estreinatuko ditu kateak: batetik, Big Litte Lies drama, Nicole Kidman, Reese Witherspoon eta Shailene Woodley aktoreekin. Eta bestetik, Crashing komedia, Judd Apatow zuzendari eta gidoilariak sinatua.

2017ko telefilm berrien artean, The wizard of lies nabarmendu behar da. Barry Levison zinemagilea da zuzendaria, eta aktoreen artean Robert de Niro eta Michelle Pfeiffer daude.

Feud telesail berrian Susan Sarandon eta Jessica Lange Bette Davisen eta Joan Crawforden azalean sartuko dira. LGTB kolektiboaren 1970eko borrokari lotutako telesail labur bat ere estreinatuko du HBOk: When We Rise. Whoopi Goldberg eta Guy Pearce izango dira aktore protagonistak.

Reynolds eta Fisher

Ameriketako Estatu Batuetan, HBOk kable bidezko emanaldian estreinatuko du larunbatean Bright lights: Starring Debbie Reynolds and Carrie Fisher dokumentala. Bi aktoreak, ama-alabak, joan den astean hil ziren, eta dokumentala bien bizitzan murgiltzen da. Fisher Stevens eta Alexis Bloom zinemagileek zuzendu dute lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.