MOBIOLA

Zer da hau?

Xabier Erkiziaren O gemer filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Andoni Imaz.
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Hau mobiola bat da. Orson Welles, zinemaren zeremonia maisua, Filming 'Othello' (1978) dokumental zoragarrian: «Hau mobiola bat da. Kamera bezain garrantzitsua da. Hemen filmak salbatzen dira hondamenditik, ala erauzten dira existentziatik». Nondik atera behar dira pelikulak hemen? Première-etako laudorio hanpatuetatik? Dena kaskarkeriara kondenatzen duten hasperen aspergarrietatik?

Welles, berriro: «[Thomas] Carlylek esan zuen, behar bezain gertutik aztertuz gero, ia guztia dela musikala». Xabier Erkiziak hurbil-hurbiletik begiratu die idi gurdiei O gemer film sentsorialean. Ahaztutako soinuek ere gordetzen dute musikarik? Musika al da Brasilgo gurdien karranka ozen hori? Eta aretoko argiak itzaltzeko unean ikusle guztiek egunkariak aldi berean ixten eta tolesten dituztenean? Hori ere bada musika?

Hori ez da zinema. Askotariko zinemazaleak elkartzen dira Donostiako Zinemaldiaren neurriko jaialdi batean, eta, jakina, zaletasunak berak ez dio inori enbarazurik egiten, baina komunitate zabal horretako sektorerik estuenari darion oilarkeriatik eta zinismotik babesteko lagun egokia da Vicente Monroyren Contra la cinefilia liburua. Zinemako ikustaldiaren esperientzia desakralizatzera gonbidatzen du irakurlea. Haren ustez, zinemak ez du etorkizunik izango oraindik unibertso itxi eta baztertzaile gisa ikusten bada, gainontzeko arteetatik eta bizitzatik bereiz. Begiradak pantailaren mugak gainditu behar ditu. Zinemazaleen ika-mika intelektual batzuk kontatzen ditu liburuan, eta horietako bat da Jean-Paul Sartrek 1946an idatzi zuena Wellesen lehen filma Parisen estreinatu zutenean: «Citizen Kane ez da zinema». Manierista izatea eta egitura literarioa edukitzea egotzi zion.

Netflixek asteon Kursaalaren ondoan ipini duen kartel handi bat ekarri dit gogora: «Edozein ikuspuntutatik, zinema da». Izan ere, zinemazale itsuaren ohiko jarrera da gustuko ez duena ozen arbuiatzea, izatea bera ukatzea, kasik «ni hau naiz» esatea baino garrantzitsuagoa delako «ni ez naiz hau» garbi adieraztea.

Zer da hau? Salbamenduontzi bat presaren ur-lasterrak eramandako zeozer azalera ekartzeko asmoz, edo zinemazale itsu antzeko baten kontu kitatze bat bere buruarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.