Hirugarren olatuak zerbait erakutsi badigu, hori da egoera honen bukaera azkarrik izango bada txertoek emango digutela. Txerto eraginkorrik ez bada, eta txertaketa zabal bat egiten ez bada, hilabete askotan luzatuko da pandemia hau, eta hildakoak milaka izango dira munduan zehar.
Egoera honen aurrean sortzen zaigun lehen galdera da ea txertoak eraginkorrak diren ala ez. Txerto guztiek, ez koronabirusarenak bakarrik, «artalde efektua» esaten diogunaren bidez lan egiten dute. Txertoek, norbanakoaren babesa baino gehiago, taldearen babesa eskaintzen dute. Hau da, txertaketa zabal bat lortzen bada, eta txertoen eraginkortasuna %70ekoa baino handiagoa bada, birusa jaso eta garatuko duen pertsona oso gutxi izango dira, eta transmisio kateak eten egingo dira. Horrela, aste gutxitan taldeko guztiak babesturik geratuko dira, nahiz banaka-banaka babesturik ez egon. Beraz, babesik izango bada, ezinbestekoa da txertaketa zabala lortzea, eta txertoak eraginkortasun nahikoa izatea.
Pfizer eta Modernaren txertoek %50eko eraginkortasuna dute lehen dosiarekin, eta %95ekoa bigarren dosiarekin, entsegu klinikoetan. Euren erabilera asko zabaltzen ari da, eta entseguetatik kanpoko lehen emaitzak iristen hasi zaizkigu. Pfizerren txertoari dagokionez, Israelekoak dira daturik zabalenak, eta bigarren dosia jaso ondoren, 163.000 pertsonatatik 31 bakarrik kutsatu dira (guztiak gaixotasun arinarekin), txertatu gabeko neurri bereko taldean 6.437 kasu izan diren bitartean. Horrela, %92ko eraginkortasuna du txertoak, entseguek diotenaren antzerakoa. Dosi bakarrarekin, aldiz, eraginkortasuna neurtu duten bi taldeetan, batean %33koa izan da, eta bestean %60koa. Datu horiek garbi erakusten dute bigarren dosi baten beharra. Modernaren datuen zain geratzen gara, aste gutxitan izango ditugulakoan.
Europako Batasunean ostiral honetan onartu den beste txertoa AstraZenecarena da. Enpresaren eta Europako Batasunaren arteko sestra albora utzita, haren entsegu klinikoaren eraginkortasunak zenbait zalantza sortu ditu. Txertoaren bi dosi emanda, eraginkortasuna %62koa zen, eta akatsez dosi eta erdi eman ondoren, %90eko eraginkortasuna neurtu zen. Azkenean, erabilera hori onartu da, eta eraginkortasun erreala ezagutu zain gaude, Erresuma Batuan erabilera zabala egiten ari delako. Dena den, eta azken emaitzen zain, nahikoa babes eskaintzen duela dirudi.
Bestelako txerto batzuk ere badira. Errusiako Sputnik-V txertoak %95eko eraginkortasuna duela dio, baina ez dute txosten medikorik zabaldu. Hainbat herrialdetan erabiltzen ari dira, eta laster jakingo dugu hori ere. Jhonson-Jhonson etxeak bere txertoak %66ko eraginkortasuna duela dio, eta kasu larriak ekiditen dituela. Novavax etxeak, berriz, %89ko eraginkortasuna duela zabaldu du. Gehiago ere badira bidean, eta aurki ezagutuko ditugu. Datu horiek jakinda, eraginkortasuna nahikoa izango dela dirudi. Orain, gakoa produkzioan eta horniduran egongo da, txertaketa ahalik eta azkarrena egin dadin.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN
Zer eraginkortasun dute txertoek?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu