Zientzia

Gripearen txertoan laguntza bila

Bioarabako talde bat ikertzen ari da ea gripearen txertoa hartzeak eraginik daukan bai SARS-CoV-2 birusaz kutsatzeko arriskuan, bai kutsatu osteko bilakaeran. Iaz Araban txertatzera deitu zituzten 64.000 herritarren datuak erabiltzen ari dira; txertatu zirenenak eta ez zirenenak.

RAUL BOGAJO / @FOKU.
jakes goikoetxea
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
SARS-CoV-2 birusaz kutsatzeko arrisku ezberdina al dute gripearen txertoa hartu dutenek eta ez dutenek? Koronabirusaz kutsatuz gero, ezberdina al da batzuen eta besteen eboluzio klinikoa? Birus ezberdinak dira gripearena eta SARS-CoV-2 birusa, baina bataren kontrako txertoak bestearen kontra eraginik izan dezakeen ikertzen hasi da Bioaraba osasun ikerketarako institutua.

Vital Fundazioak 312.000 euroko diru sail berezi bat sortu du, COVID-19ari buruzko ikerketak laguntzeko. Hamalau ikerketa babestuko ditu guztira, Bioarabaren bederatzi eta Euskal Herriko Unibertsitatearen bost. Proiektu horietako bat da gripearen txertoan oinarritutakoa.

Sasoiko birusa bihurtu da gripearena. SARS-CoV-2 birusa ez. Ez dago haren kontrako txertorik, eta ikusteko dago etorkizunean zer eboluzio izango duen: sasoiko birusa bihurtuko den, etenik gabe iraungo duen, desagertuko den...

Gripearen kontrako txertaketak ohikoak dira. Iaz bai, eta aurten ere bai. Araban, iaz, 64.000 lagun deitu zituzten txertoa hartzera, arrisku talderen batekoak zirelako. Bioarabak horiek guztiak ikertuko ditu: gripearen txertoa hartu zutenak eta hartu ez zutenak, ez baitziren guztiak txertatu.

Ikusiko dute ea koronbirusak kutsatu dituen eta, kutsatu baditu, zer-nolako eboluzio klinikoa izan duten ikertuko dute: ospitaleratu behar izan zituzten, egonaldiak zenbat iraun zuen, zainketa intentsiboen unitatean sartu zituzten, gaitzak zenbaterainoko larritasuna zuen, hil ziren...

Koronabirusak gripearen txertoa hartu zutenak eta hartu ez zutenak kutsatu zituen edo ez jakingo dute aurrena. Zenbat diren talde batekoak eta zenbat bestekoak. Azkar eta erraz samar lor ditzakete datu horiek. Bi taldeen artean alderik baldin badago, ordea, lan zailagoa eta luzeagoa da gripearen txertoak alde horretan zer-nolako eragina izan dezakeen neurtzea eta interpretatzea.

Nola jakin gripearen txertoak zer eragin duen datu horietan, eraginik baldin badu? Naiara Parrazak azaldu duenez, «beste hainbat faktore kliniko hartu behar dira aintzat, koronabirusaz kutsatzea errazten dutenak». Faktore horien artean daude aurretik beste gaixotasun batzuk izatea, 65 urtetik gorakoa izatea, hipertentsioa edo obesitatea izatea... Bioarabako Metodologia eta Estatistika Unitateko arduraduna eta ikerketaren koordinatzailea da Parraza.

Kasuen jarraipena egiteko aintzat hartuko dituzte faktore horiek guztiak. «Kontuan hartu behar ditugu gero esan ahal izateko gripearen txertoak arriskua gutxitzen duen edo ez; ez da bakarrik zenbakiak hartzea eta aztertzea», Parrazaren arabera.

Ikerketa epidemiologikoa egiteko, hainbat arlotako profesionalak bildu dira taldean: lehen arretako medikuak, ospitaleko espezialistak, epidemiologoak, osasun publikoan adituak, matematikariak... Ekainean sortu zen ikerketa egiteko asmoa, kezkatuta zeudelako udazkenean bat egingo zutela SARS-CoV-2 birusak eta gripearenak.

Ez daukate hipotesirik; ez dakite gripearen txertoak koronabirusaren eragina gutxitzen eta leuntzen duen, gurutzatutako immunitaterik dagoen. Zer gertatu den jakin nahi dute. Egin dira gripearen aurkako txertoaren eragina COVID-19 kasuetan neurtzeko beste ikerketa batzuk. «Emaitza kontrajarriak izan dituzten ikerketak kaleratu dira hilabeteotan», azaldu du Parrazak. Batzuek diote gripearen txertoak babestu egiten duela; besteek, aldiz, arriskua eta hilkortasuna handitzen duela. «Horregatik, egokia iruditu zitzaigun benetako eragina ikertzea». «Badirudi», jarraitu du, «azken aldian iristen ari diren ikerketek esaten dutela gripearen txertoak babestu egiten duela».

Datuak indargune

Horretarako, ikerketaren koordinatzaileak nabarmendu du haien indarguneetako bat datuak direla: datu kopurua —ia 64.000 herritarrenak— eta datuen indibidualtasuna. «Orain arte argitaratu diren ikerketetan, serieak txikiagoak izan dira, eta datu agregatuak izan dituzte oinarrian, indibidualak izan beharrean». Alegia, orain artekoak taldeen edo multzoen datuetan oinarritu direla, ez pertsona bakoitzaren datuetan.

Osakidetzaren datuak erabiliko dituzte, eta osasun zerbitzuarekin elkarlan estuan ari dira. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila Bioarabako bazkideetako bat da, eta, jakina, interesatzen zaizkio ikerketaren emaitzak.

Osakidetzak informazio asko dauka, bai, baina halako ikerketa batera egokitzeko korapilatsua. Izan ere, Osakidetzak informazioa jasotzeko eta antolatzeko modu propio bat du, eta hortik abiatuta, Bioarabako ikerketa taldeak datu base bat sortu behar du. «Hori da lanik zailena», Parrazaren arabera.

Zergatik? «Osasun sistemako datuak gaixoak tratatzeko erabiltzen dira, eta egituratu gabeko datuak izan ohi dira, testu gisa idatziak», argitu du Parrazak. Edozein kontsultatan gertatzen da: gaixoa iristen da, bere arazoen berri ematen dio medikuari eta medikuak txosten bat egiten du, «testua idatziz». Testua. «Datu horiek, testu gisa idatzita, ezin dira ustiatu, nolabait esateko», jarraitu du Parrazak. «Beraz, ikerketa honetarako informazio zehatza atera nahi badugu, egitura bat osatu behar dugu. Erremintak diseinatzen ari gara, geure neurrira eginak».

Asko zaindu nahi dute informazioaren zuzentasuna: «Esaterako, osasun sistemaren informazioaren barruan COVID-19 kasu gisa etiketatzen ari garena benetan COVID-19 kasu bat izatea».

COVID-19ak eragin ezberdina izan du herri eta eskualde ezberdinetan. Bioarabako taldeak ikerketaren emaitzen banaketa geografikoa ere egingo du, lurraldetasunetik abiatuta, oinarrizko irizpide sozioekonomiko batzuk emateko. «Oso garrantzitsuak baitira edozein gaixotasun aztertzeko orduan», Parrazaren iritziz.

Ez dakite emaitzak noizko izango dituzten. Bizkorrak izan nahi dute, eta espero dute ikerketaren lehen zatia —koronabirusaren eragina neurtzea txertatuetan eta txertatu gabeetan—, «luze gabe» izango dutela. Bigarren zatia egiteko, kutsatuen bilakaera aztertzeko, denbora gehiago beharko dute. «Saiatuko gara ahal dugun azkarren egiten; ea gripearen kanpaina amaitu baino lehen lortzen dugun», dio itxaropentsu Parrazak.

Asmoa ez da, gainera, iazko gripearen txertaketa kanpaina bakarrik ikertzea. Iazko kanpaina ikertzeko egingo duten lana aurtengoa aztertzeko ere baliatu nahi dute; uste baitute oso interesgarria izango dela aurtengo kanpainako datuak ere aztertzea, testuingurua erabat aldatu delako iazkoarekin alderatuta: COVID-19aren kontra hartutako prebentzio neurriek gripearen zabalkundea mugatzea espero da. Hala gertatu da hego hemisferioko hainbat herrialdetan: gripe kasuak izugarri gutxitu dira.

Txertatzearen garrantzia

Bioarabako taldeak ez daki gripearen txertoak koronabirusaren eragina baldintzatzen duen ala ez. Gripearen txertoak, hori bai, osasun zentroetako eta ospitaleetako gainkarga arintzen lagundu dezake: zenbat eta pertsona gutxiago kutsatu gripeaz, orduan eta pertsona gutxiago artatu beharko dituzte gripeagatik ospitaleetan, eta baliabide gehiago izango dituzte koronabirusari aurre egiteko. Gainera, bi gaitzen sintomatologia oso antzekoa da, eta horrek nahasketak eragin ditzake. «Beste patologia batzuk saihestuz gero, hobeto, sistemak gainezka egin ez dezan», ohartarazi du Parrazak.

Ikerketan, gripearen txertoaren eragina neurtzeaz gain, inkesta bat ere egingo dute: alde batetik, herritarrek egungo egoeraz duten arrisku pertzepzioaren inguruan, eta bestetik, COVID-19aren kontrako txertoak izango lukeen harrerari buruz. «Gauza bat baita txertoa edukitzea, eta beste bat jendeak txertoa hartzea», Parrazaren iritziz. «Garrantzitsua da hori jakitea, gero txertatze estrategia eta plangintza egokia egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.