«Hurrengo urteetara begira zer-nolako osasun sistema behar dugun?». Gogo onez hartu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Opik ikerketa taldeko soziologo Amaia Bacigalupek ere itauna. Eta beste galdera bat ere jarri nahi izan du mahai gainean, solasaldia hasi orduko: sistema publikoaren alde egiteko nor dagoen prest gaur egun gizartean. Eta zergatik. «Nor ari da erabiltzen osasun sistema publikoa? Eta nork utzi dio erabiltzeari urteotan?».
Ikusi gehiago:BERRASMATU BEHARREKO SISTEMA
Zentzua dute galderek, eta datuak ditu hori erakusteko: «Bizkaian, populazioaren %30era heldu dira aseguru pribatuak: %30». Hegoaldeko gainerako herrialdeetan ere ugaritu egin dira urteotan aseguru pribaturen bat duten herritarrak. Eta horra errealitatea: «Batez beste, herritarren %23k badute aseguru pribatu bat. Ia lau biztanletik batek beste sare bat erabiltzen badu, hor lehen kaltetua lehen mailako arreta izango da... Izan ere, sare pribatuak modua ematen dizu arta espezializatura zuzenean jotzeko, lehen mailakotik igaro gabe».
Horren atzean, besteak beste, diru publikoarekin finantzatutako «mutualitate pribatuak» daudela adierazi du, eta eskatu ere egin gabe ematen direla askotan. «Gure osasun sistemaren eraikuntzaren erroan daude», kritikatu du. «Sistema paralelo eta parasitario bat dira, publikoki finantzatua... Ikaragarria da. Nik ere badut halako bat; irakasle titularra naiz EHUn, estatuko funtzionarioa, eta nik ere badaukat aseguru bikoitz hori...». Jakina, zenbait herritar urrundu egiten ditu horrek osasun sistematik, haren defentsatik. «Aseguru horrekin zuk erabaki dezakezu nork ematen dizun osasun arta». Eta horrek eragina du. «Ezinbestekoa da hori kontuan hartzea ulertzeko zergatik politikoki ez dagoen benetako konpromisorik sistemari behar dituen baliabideak emateko, eta, batez ere, lehen mailako arretara bideratzeko...».
Haize kontra
Administrazioak urteotan osasun sistema eredu jakin baten alde egin izana ere kezkarako zioa da Bacigaluperentzat. Arreta «espezializatua» lehenestera egin da. «Teknifikatu da erabat, eta gastua asko igo da; Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, azken hogei urteotan ehunekoetan hamar puntu igo da arreta espezializatuan gastua...». Lehen mailako arretan, berez, duen izaerarengatik, lan egiteko erarengatik, urriagoa da «teknologia»: bigarren mailakoa. «Baina horrek ez luke esan behar ehunekoetan gastuak ez duenik gora egin behar... Zer gertatu da, ordea? Lehen mailako arretan gastua txikiagoa da».
Eta gizartean ozenen hauspotzen diren balioak ere kontra ditu gehiegitan. «Lehen mailako arreta ukitzea da, entzutea, itxarotea», nabarmendu du Bacigalupek. Aditz horiek, ordea, egun gailentzen diren balioen kontra doaz guztiz: haize kontra. «Gizartean nagusitzen ari diren balioak kontraesanean daude lehen mailako arretak azpian dituen balioekin. Horri buelta eman behar zaio».
Ikusi gehiago:Aintzat hartuak izateko bide bila
Badira bide formalak osasun publikoa sustatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, ontzen ari dira osasun publikoko lege bat. Iazko urriaren 5ean aurkeztu zuen lege proiektua Eusko Legebiltzarrean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak; azaldu zuen «osasuna politika guztietan» xedea gidalerro duela testuak, eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak berak alde horretatik ematen dituen irizpideak ardatz dituela. Xede horri begirakoa da Nafarroan ondu duten osasun plana ere; 2025era bitarteko asmoak ditu, eta estatuan eta nazioartean esparru horretan zedarrituta dauden hainbat estrategiaren bidean ari da hori ere. «Geroa ikusteko garaia da», onartu du Marian Nuin Nafarroako Osasun Publikoko Institutuko zuzendariak. «Zalantzaz betetako garaiak dira, baina izurriaren fase akutua igarota, orain da etorkizuneko erronkei begiratzeko garaia». Eta argi du bide horietan «osasunaren ikuspegi holistiko bat» gailendu behar dela.
Urrats formalak
Urrats formal horiei garrantzirik ez die kentzen Bacigalupek. «Osasun publikoko lege indartsu bat izanez gero, ziurrenik osasun sistemari ere arinduko zaizkio orain pairatzen dituen hainbat arazo; txikitzen du osasun sistemaren erabilera bera, eta behar ez denean egiten den erabilera». Baina neurri irmoagoak nahi lituzke: «Ez dirudi inolako intentziorik dagoenik benetan independentea eta baliabide nahikoduna izango den osasun publikoko agentzia bat sortzeko». Hortik halakoen aurrean sortzen zaion galdera. «Zer ahalmen izango du osasun publikoak gainerako alorrei esateko zerbait ez dela ona osasunarentzat, aldatu egin behar dela?».
Ikusi gehiago:Olatu zuriak, berriz ere
Osasun sistema benetan indartze aldera, lehen mailako arretaren eta osasun publikoaren artean dagoen «inferfazea» sendotzea beharrezkoa dela erantsi du Bacigalupek: «Osasun komunitarioa da hori». Bide horretan sakontzen bada, kontsultatik kanpokoei begira ere jarri ohi zaio osasun sistema: «Profesionalek kontsultatik kanpo ere lan egin behar dute, kontsultara heltzen zaizkien kontu asko kontsultara hel ez daitezen, eta sozialagoak diren auziei ere aterabidea eman dakien...». Badaki Osakidetza hasia dela bide horretan urrats sendoagoak egiten, estrategia bat ontzen. Baina arrisku handiegiak ikusten ditu berriro ere inguruan; «komunitario» hitza ere haize kontra doa.
Botiken industria
«Gizarte balio hegemonikoen kontrako ideia bat da, hain justu ere, bizitzaren medikalizazioaren prozesu oso sendo batean gaudelako: psikofarmakoen erabilera nola handitzen ari den ikustea besterik ez dugu horretarako. Ari gara gaitasuna galtzen egunerokoan sortzen diren zailtasunei medikalizatuak ez diren beste modu batzuetan aurre egiteko», azaldu du Bacigalupek. Hain zuzen ere, ikerketa batzuek diote lau gaztetik batek hartzen dituela gaur egun psikofarmakoak: «Hor dago industria farmazeutikoa ere, eta eraikitzen ari garen gizarte eredua».