Koronabirusa

Bexen Medicalek 20 milioi maskara egingo ditu hilero Etxebarriko lantegian

Mondragon taldeko enpresak 60 enplegu sortu ditu, sei ekoizpen lerro martxan jarrita. Atzo inauguratu zuten planta, korporazioko agintariekin

Bexen Medicaleko behargin bat lanean, atzo, Etxebarriko plantan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
xabier martin
2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Euskal industriaren giharraren eta, zehazki, Mondragon taldearen «ezagutzaren, gaitasunaren eta eraginkortasunaren» adibide argia da Bexen Medicalek Etxebarrin (Bizkaia) martxan jarritako maskaren lantegi berria; hala helarazi zuten atzo haren inaugurazioan parte hartutako arduradun publiko eta pribatuek. Mondragon taldeko ordezkariek bezala, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiak ere arlo publikoaren eta pribatuaren elkarlanaren onurak azpimarratu zituen; baita Espainiako Gobernuko ordezkari Denis Itxasok ere. Defentsa Ministerioaren eskari zuzenarekin lotura baitu negozio berriak, eta gonbidapena eskertu zuen Itxasok. Madrilek maskaren premia gorria zuen duela aste gutxi, eta Mondragonek martxan jarri zuen bere «gaitasun osoa» soluzio azkar bat eskaintzeko. Enpresa berriaren etekina «diruaz harago» doala esan zuen Itxasok.

Horiek horrela, hilero hamar milioi maskara egiten ari da Hernaniko (Gipuzkoa) Oiarso kooperatibaren adarra Etxebarrin, Cikautxo kooperatibak utzitako instalazio egokietan, eta Mondragon Assemblyk konfinamendu asteetan Txinan diseinatu eta egindako hiru ekoizpen makinari esker. Hain zuzen, herenegun iritsi ziren beste hiru makina, eta Assemblyko langileak martxan jartzen ari dira haiek ere. Ondorioz, hamar milioi ez, baina hogei milioi izango dira Bexenek hilero ekoitziko dituen maskarak aste gutxi barru, kirurgia arlokoak, 2R motakoak; babes handienekoak dira kirurgia atalekoen barruan.

Epe luzeko proiektua

Espainiako Gobernua, Osakidetza eta Europako hainbat herrialdetako ospitaleak izango ditu bezero gisa aurrerantzean. COVID-19aren aurkako txertoa aurkitzen ez den bitartean, argi dago eskaera handia izango duela Bexenek; baina gerora ere eskaera handia egongo dela uste du Carlos Arsuaga zuzendariak. Alegia, ez da ireki eta ixteko proiektu bat, epe luzekoa baizik; «beste 42 urte segitzeko asmoa daukagu», esan zuen, Hernaniko enpresa orain 42 urte sortu baitzen.

Bexen Medicalek koronabirusaren krisiak sortutako aukerak bere alde jartzen asmatu du, baina salbuespena da euskal industriaren barruan, «enpresak eta pertsonak» asko sufritzen ari baitira, Tapia sailburuak onartu zuenez. «Ez da bakarrik gogotsu ibiltzeko momentua, gaitasunez eta eraginkortasun guztiarekin aritzekoa baizik», esan zuen, Mondragonek jakintza hori duela garbi utzita. EAEko industria ekoizpena %39 jaitsi dela jakin da asteon, «datu tristea, izugarria», Tapiaren arabera, eta, horregatik, elkarlan publiko eta pribatuan sakontzeko garaia dela uste du: «Formula ezagutzen dugu; aurretik ere egin dugu, eta berriro egingo dugu; industria da gure ekonomiaren oinarria, eta horrela izaten jarraitu behar du».

Tapiak alderaketa bat egin zuen euskal ekonomiaren krisi latzetik eta zulotik ateratzeko bideak zein behar duen adierazteko. Aldapa gogorrak iristean mendizaleek isildu eta hortzak estutzen dituztela esplikatu zuen, euskal enpresetan ere hortzak estutzeko momentua dela aditzera emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.