jakes goikoetxea
ANALISIA

Kudeaketa txarraren testa

2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Norbaitek azaldu beharko du zergatik bihurtu duten aurrerapen bat, albiste on bat, arazo, hiru astean. Ezin baita ulertu goi mailako 55 ikertzailez osatutako talde batek SARS-CoV-2 birusa atzemateko RT-PCR testak egiteko sistema eraginkor bat garatzea —kit komertzialekiko mendekotasunik gabea eta merkeagoa—, eta osasun larrialdi honen kudeatzaileek kasurik ez egitea. Ezer gertatu ez balitz bezala jokatzea. Osasun larrialdi bete-betean. Kasurik ez, gaia eztabaida publikora iritsi arte. Orduan, arduradun politikoen duda-mudako erantzunak eta baita, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren kasuan, zuribiderik gabeko haserrea ere.

55 ikertzaileak badira nor. EHUko hainbat sailetakoak, Ikerbasquekoak, Achucarro zentrokoak eta Biofisika, Biocruces eta Bioaraba institutuetakoak. Larrialdi egoeran haien jakintza, denbora eta baliabideak ikerketara bideratu zituzten. Ez dituzte denbora eta dirua sobera izaten. Gizartetik urrun egotea leporatzen zaion Akademia, gizartearen zerbitzura.

Testa egiteko sistema berria eta berritzailea aurkeztu, eta ez zuten txalo ofizialik jaso. Ez Eusko Jaurlaritzarena, ez Osakidetzarena eta ezta —gertutasunagatik eta erantzukizunagatik, are larriagoa—, EHUko agintariena ere. EHUk ez du jendaurrean babestu erakundeko ikertzaileek bideratutako aurrerapen bat, testaren berri eman zuen prentsa oharrean EHUren babesa izan zutela bazioen ere. Eman eta zabal zazu. Eusko Jaurlaritzak ez du babestu unibertsitate publikoak elkarlanean egindako aurrerapen bat. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar guztien unibertsitateak, haien zergekin ordainduak. Euskadi, auzolana.

Bada unibertsitatean testaren berri izan eta ez zuela aurrera egingo esan zuenik, Osakidetzarekin izandako harreman historikoetan oinarrituta. Bazekien zerbait.

Testaren bultzatzaileen lehentasuna ez da izan laudorio ofizialak jasotzea, haien lana erabilgarria izatea, erabiltzea, baizik; baina atentzioa ematen du guztia erakusleiho bihurtzera eta saltzera ohituta daudenek halako lorpen bati gutxieneko aitortzarik ez egiteak. Urkulluk, Murgak eta Tapiak, esaterako, Maier enpresa bisitatu zuten test berritzaileen berri izan eta lau egun geroago, osasun langileak babesteko biserak ekoizten hasi zelako. Urkulluk goraipatu egin zituen enpresaren konpromisoa eta altruismoa, eta langileen «ekarpen boluntarioa». «Lankidetza publiko-pribatua» ere bai, bide batez. Txintik ez testa garatu zuten ikertzaileei buruz.

Txaloak eta laudorioak ez dira garrantzitsuena, baina hasieratik ikerketarekiko izandako gutxiespenak gerora egindako bide nekeza eta antzua hobeto ulertzen laguntzen du.

Testa eraginkorra da. Hamar positibotik bederatzi atzematen ditu. Osakidetzak erabiltzen duena baino eraginkorragoa ere izan da proba batzuetan. Espainiako Karlos III.a Institutuak ontzat jo zuen, baina Eusko Jaurlaritzak balizko balidazio klinikoan katramilatu du bere burua bi astean, testak ez erabiltzeko. Madrilen, ostera, hango Unibertsitate Complutentseak garatutakoak berehala erabili dituzte zahar etxeetan. Ez al da zilegi test horiek lehenbailehen erabiltzea halako larrialdi egoera batean? Are gehiago PCR testa ez zaienean egin behar izan duten guztiei? Ezta osasun zerbitzuetako langilee guztiei?

PCR testa garatu duen taldearena ez da izan salbuespena. Hor dago Biogunek bere laborategiak erabiltzeko egindako eskaintza ere. Ez zuten erantzunik jaso. Biogunerena jakin da. Gauza bera gertatu zaien beste batzuena ez.

Gertatua ez da berria. Euskalgintzak eta herri mugimendu askok, esaterako, badakite zerbait erakunde ofizialetatik eta horien kontroletik kanpo auzolanean sortutako ekinbideek jasan behar izan duten gutxiespen historikoaz. Kasu honek badu horretatik zerbait. Ez da herri mugimendu bat izan, ikertzaile talde bat baizik, eta larrialdi egoera batean.

Orain erabiliko dituzte ikertzaileek garatutako testak, baina 5.000 pertsonako lagin aleatorio batean. Ez da modurik eraginkorrena. Testak egiteko lehentasuna izan beharko lukete oinarrizko zerbitzuetako langileek, birusak kalte handien egiten dienak —edadetuak—, sintomak dituztenek eta sor daitezkeen kutsatze fokoetako herritarrek. Hala ere, testa diseinatu dutenek ontzat jo dute, lehen urrats gisa, testa martxan jartzeko, hori eta gero testaren erabilera gehiago zabalduko delakoan. Eusko Jaurlaritza, Osasun Saila eta Osakidetza beren jokabidea zuzentzen hasi direla dirudi. Bazen garaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.