Urbasako Pilatosen Balkoiko leize-zuloan, arkatz bat

2017ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Camino Oscoz Iruñean jaio zen 1910eko apirilaren 11n, eta Alde Zaharreko Karmen karrikan bizi zen. Errepublikazalea, Camino Oscoz UGTkoa eta Alderdi Komunistako kidea zen, eta Tomas Ariz buruzagi komunistarekin bizi zen, ezkondu gabe bizi ere. Maistra aritu zen Gorza herriko eskolan; garai horretan, Zaraitzuko herri txiki horretako alkateari eskola modernizatzeko laguntza eskatu zion, Caminoren izaera kementsuaren adierazgarri.

1936ko uztailaren 18an militarrak matxinatu ziren egunaren biharamunean Tomas Ariz fusilatu egin zuten. Miguel Sanchez Ostizek El Escarmiento liburu guztiz gomendagarrian (359-363. orr.) jasotzen du maistra gazteari gertatutakoa. Abuztuaren 1ean falangistak Caminoren bila joan eta bortxatu egin zuten. Gero, errizino olioa edanarazita, Iruñeko Gaztelu plazan bertan eta kaleetan zehar paseatu zuten eskarmentu gisa, buruko ilea larru-arras moztua, «gorri-separatista» makurrarazia denen aurrean barregarri utzi nahian. Roncesvalles etorbideko polizia-etxean German Izquierdo Larramendi komisarioak galdeketa egin zion, eta bertan zelarik, Caminok bere kalbarioaren berri eman zion beste atxilotu bati, Galo Viergeri. Polizia-etxetik Iruñeko espetxera bidali zuten, baina abuztuaren 9tik 10erako gauean handik atera, tiroz hil eta bere gorpua Urbasako Balcon de Pilatos izeneko leizera bota omen zuten.

Pio Barojaren La guerra civil en la frontera liburuaren 25. orrian Camino Oscozi gertatutakoaren bertsio bat damaigu, hitzez hitz hona euskarara ekarria.

«Itzuli naizenean kontu askoren berri izan dut, ez jakin nahiago nukeen arren. Besteak beste, Iruñeko neskato baten kasua, Erronkariko Gorza herriko maistra, neska azkarra, komunista egin zena. Maria del Carmen Oscoz zuen izena, eta nik haren berri izan nuen 1936aren hasieran eskutitz batzuk igorri zizkidalako. Eskutitz horietan antiklerikala eta ideia komunistekin bat eginik agertzen zen, eta eskutitzhoriek agerian uzten zuten pertsona buruargi batek idatziak zirela. Neska gaixo honek nire liburuak irakurtzen zituen, eta uste zuen ni oker nenbilela ideia komunistekin bat egin ezean. Maistra ausarta eta adoretsua. Herrian omen zegoen apaiz bat jazarpena egiten ziona, eta munstro baten gia deskribatzen zuena. Maistra hau bilkura batzuetara joana zen eta iraultza (sic) hastean, atxilotu eta Iruñeko espetxera eraman zuten. Victoriano Juaristi doktoreak, lehenago Irunen eta gero Iruñean mediku ibilitakoak, neskatoa salbatu nahi izan zuen, eta harro ez agertzeko eta damutzeko nahimena adierazteko aholkua eman zion, atsegin agertzeko eta bizia salbatzeko aitorpena egin zezala. Neskak iradokizun hauek baztertu zituen erdeinuz. Egun batzuk igarota, kamioi batera sartu eta errepidearen erdian, lurrera bota eta bertan tiro batzuk emanda, hil egin zuten karlistek. Gero, amildegi batetik behera bota egin zuten gorpua. Halako krudelkeria!»

Pio Barojak entzundakoa baino ez du kontatzen, eta irakurle irizpideduna berehala ohartuko da kontatzen duena baino garrantzitsuagoa dela lerroen atzean ezkutatzen duena. Jakin-mina duen irakurleak Joseba Ezeolazak atera berri duen Camino Oscoz y otras historias del 36 liburura jo dezake.

Urte anitz igarota, Aranzadi Elkartekoak Pilatosen Balkoia delako leizean egin indusketan hainbat gorpu aurkitu zituztelarik, txiskero bat, esku-bonba bat eta uniforme militar baten arrastoak ere aurkitu zituzten, baita arkatz bat ere. Arkatz hori, Camino Oscoz maistrarena ote?

Memoria Historikoa berreskuratzeko bidean, azken urteotan emandako aitzin urratsak txalogarriak bezain beharrezkoak dira. Beldurraren beldurrez hainbat hamarkadatan gorderik egon diren historiaren ezpalak ari dira, azkenik, agerian gelditzen. Ezpal horiek, atal horiek, Historiaren aleak dira, laborariak lurrean barreiatu eta ereiten dituen haziak bezalakoak, Memoria Historikoa osatzen eta egia loratzen lagunduko dutenak. Bada garaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.