Danelly Estupiñanek (Buenaventura, Kolonbia, 1979) jakin du emana dutela bera erailtzeko agindua. BERRIAk Buenaventuran elkarrizketatu zuenean, kezka handia zuen; gerora izandako telefono elkarrizketan, ordea, goia jo du arriskuak: «Bogotan nago. Ez dakit Buenaventurara itzultzerik izango ote dudan, ez dut erabakia hartu. Eta hartua banu ere ezingo nizuke telefonoz esan, badakizu arrazoia...». Estupiñanek hartua du telefonoa, eta ez du nahi duen guztia esaten. Esan nahiko ez lukeena esan du, ordea, oraingoan: «Badakit nire kontra jotzeko agindu dutela. Erailtzeko agindua eman dute».
Zer neurri hartu dituzu?
Nazioarteko eragileei alertaren berri eman diegu. Frantzia, Kanada, Holanda... Gaur bost enbaxadatan izan gara, eta Kolonbiako fiskalburuarekin ere bai. Xehetasun osoz dute nire egoeraren berri. Oraingoz ez didate esan babes sistema indartuko dutenik, eta, egingo balute ere, gauza jakina da horrek ez duela arriskua desaktibatuko. Badakigu jazartzen ari zaizkidanak profesionalak direla. Eta edozertarako gai direla.
Zergatik zauzkate jomugan??
Bistakoa da zenbait enpresari ez zaiela gustatzen guk egiten duguna. Enpresa horien atzean daudenei ikusarazi behar diegu gu ez garela oztopoa, dagokienerantzukizun soziala onar dezaten ekarpena egiten ari garela baizik.
Buenaventurako portua Hego Amerikako handienetako bat da; handik sartu edo ateratzen da Kolonbiako merkantzia trafikoaren erdia pasa. Milioi erdi biztanle ditu, hamarretik bederatzi beltzak, hamarretik zortzi pobreak... Zer gertatzen da Buenaventuran?
Buenaventura inguru estrategikoa da, eta borroka territorial latza dugu hemen. Kapitalaren dinamika darabilte portua handitu nahi dutenek, estatuak eta konpainiek elkar hartuta dihardute. Eta aurrean komunitateak gauzkate, Buenaventura bizitzeko toki izaten jarrai dezan nahi dugunok. Hemen darabiltzaten bortxakeria mota guztiak lurrak kentzeko dira. Su eta gar ari dira.
Portua eta herritarren bizitza bateragarriak al dira?
Baietz esango nuke. Arazoa da indarrean daudenen ikuspegi ekonomikoak ez duela ikusten bertan bizi den jendea. Lurraldearen parte garela ulertu nahi balute, elkarrekin bizitzeko modua egingo genuke, baina ahaleginik ere ez dute egiten; aitzitik, bortxakeria da beren estrategia nagusia. Eta hori ez diogu guk bakarrik. [Alvaro] Uriberen garaian desmobilizatutako paramilitarrek argi eta garbi esan dute: Buenaventurara enpresariek eskatuta iritsi ziren; beren interesak «defendatzeko» ekarri zituzten. Etorri zirenetik, harreman hori begi-bistakoa izan zen.
Nola egiten dute?
Gure arteko liderrak hilez, adibidez, herritarrei eskarmentua emateko. Imajina ditzakezun bortxakeria guztiak darabiltzate, eta imajina ezin ditzakezunak: tortura darabilte, gorpuak zatikatzea ere bai... Izua hedatzea da beren gerra estrategia, herritarrek joatea erabaki dezaten, eta orduan bai, orduan eroslea azaltzen da, proiektu ekonomiko baten mesedetan eremuak bereganatuz. Kontua da, baina, ez dutela helburua lortu. Herritarrek eutsi egiten dute hemen. Horren ondorioz, terrorearen teknikak perfekzionatzen dituzte, eta eraginkorrena bilatzen.
Zer etorkizun aurreikusten duzu?
Borroka betean gaude, eta borrokan jarraituko dugu. Haiek kapitalaren dinamika elikatu nahi dute, eta gu bizitzaren alde ari gara borrokan. Ez dugu ez armarik, ez dirurik, baina merezi dugunagatik ari garelako borondatea eta kobentzimendua ditugu. Geure arbasoengatik jasotako eremuan bizitzen jarraitzeagatik ari gara borrokan; komunitate beltzaren izatea dago jokoan.
Zer bizi baldintza ditu komunitate beltzak?
Asko falta dugu duintasunez bizitzeko. Eskubiderik oinarrizkoenak. Buenaventurak milioi erdi biztanle baditu gutxienez; gainera, Pazifiko erdialdeko gune nagusia da inguruko eskualdeentzat, eta ez dugu ospitalerik. Txorrotako urik ere ez dugu. Buenaventurak bederatzi arro hidrografiko ditu, eta mundu osoko eremurik euritsuenetako bat da. Bada, herritar gehienek ez dute kanilako urik, eta hiriko zati handi batek estolderiarik ere ez du; herritar asko lurzoruan egindako zulo batean edo itsasoko uretara libratzen dira. Pobreak gara pobretu egin gaituztelako; haien estrategiaren parte da.
Iaz izan zinen zu Bilbon, Eusko Jaurlaritzak eta CEAR Euskadik giza eskubideen defendatzaileentzako eginiko babes programari esker. Itzuli zara, eta egoera ez da aldatu.
Okertu egin da. Dena dela, nik ez nuen kanpora alde egin nahi; derrigortuta joan nintzen Bilbora.
Nork derrigortuta?
Elkarteko kideek. Eserarazi ninduten, eta esan zidaten: «Hemendik joan zaitezen nahi dugu, zuk berezkoa duzun indarra berreskura dezazun behar dugu eta». Ez zidatela deituko ere esan zidaten, eta ez zidaten deitzen! Hemen gertatzen ari zenaz kezkatu ez nedin. Ulertzen dut orain, baina orduan ahaztua sentitu nintzen.
Modu horretan deskribatuta, Euskal Herriko egonaldiak iraupen froga dirudi.
Halaxe izan zen. «Eutsi behar dinat», esan nion neure buruari, eta eutsi nion [barrez]. Egia da alaba nirekin eraman nuela; horrek lasaitasuna eman zidan. Baina Buenaventuraren mina nuen, pertsona bat balitz bezala. Han nengoenean, esaten zidaten: «Baina nolatan zaude triste Europan egonik?». Ez zuten ulertzen. Nire lekua hau da.
Lotura erabatekoa duzue zuen lurraldearekin.
Gure ama inoren laguntzarik gabe erditu zen; bera izan zen bere emagina. Ni sortu nintzenean, zilbor-hestea lurpean sartu zuen, eta, lurperatzeko une hartan, inguruarekin konektatu ninduen; halaxe egin dut neuk ere alabarekin. Zilbor-hestea lurrarena bihurtzen da, eta lurra, neure parte.
Kolonbia. Lider sozialen hilketak. Danelly Estupiñan Valencia. Giza eskubideen defendatzailea
«Ni erailtzeko agindua eman berri dute»
Euskal Herriko babes egonaldia amaitu ondoren itzuli da Estupiñan Kolonbiara, eta ikusi du egoera «okertu» egin dela. «Izua hedatzea da beren gerra estartegia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu