Ugo Mayor.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Harrituta

2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Harrituta. Bai, harrituta grafikoari begira. Eta sinetsi ezinik ere bai Europako mapari so. Gure herria COVID-19ak hildako pertsona gehien dituen herrietako bat dela? Nola da posible? Ez genuen munduko osasun sistemarik onena? Ez ginen elkartasunaz jokatzen duen eta auzolanean diharduen gizarte bat? Ziur ez dela gurea baino larriago den egoerarik beste hainbeste herrialdetan, Europan edo munduan? Bada, ez. Mundu mailan estatu bakar batek ditu, milioi biztanleko, Hego Euskal Herriak baino COVID-19ak hildako gehiago: Belgikak. PCR positiboa izan ez arren sintomatologia bera duten hildakoak COVID-19 erregistroan ere zenbatzen dituzte han.

Azalpen edo justifikazioaren bila, gure populazioaren adina edo dentsitateari begira jartzen dira batzuk datu hauetaz jabetzean, baina ez batak ez besteak ez ditu azaltzen herrialdeen artean ikusten diren ezberdintasun nagusienak. Eta Alemaniarekiko dagoen alde erraldoia azpimarratzean, haien datuak kolokan jarri izan dituzte zenbaitek, ezin sinetsita hain alde handia egon daitekeenik. Hori egiten dute, bertan zer egin den aztertu beharrean.

Nahita edo nahigabean, COVID-19ak hildakoen zenbakiei garrantzia kendu zaie bigarren olatu honetan. Garrantzia kenduta, bai, baina zenbaki horietako bakoitzak izen eta abizena zuen. Asteak dira kutsatuen zenbakiek gora egiten zutela berriz, eta horren atzetik hildakoak etorriko zirela bagenekiela. Bai, bagenekien hilaren hasieran Hego Euskal Herrian egunero 1.500tik gora topatutako positiboetatik, hiru aste pasatuta egunero hogei bizitza galduko zirela, azken astean ikusi dugun bezala. Baina aitzakia bat edo beste erabiliz, pertsona horiek bizitzeko zuten eskubidea urratu egin dugu. Alboko ondorio gisa hartu genituen haien bizitzak, benetan kutsatze kateak eteteko egin behar zen guztia egiteko prest ez geundelako. Ardura maila ezberdinekin, noski. Batzuek txikia eta beste batzuek askoz handiagoa, arduradun izateak hori dakarrelako. Baina bakoitza bere ardurarekin. Eta aurreikus zitekeen gisa, ez errietarekin ezta kexa hutsekin ere ez dira bizitza horiek salbatu. Planteamendu berriak behar dira, gainera, etorri zaigunari aurre egiteko, gurpila asmatu beharrik gabe, mundu osoa dugulako honi aurre egiten nola hobetu ikasteko. Eta gauzak beste modu batean egiteko proposamenak mahai gainean daude. Baina oraindik ere entzungor dira horiek onartu edota inplementatzeko gaitasuna dutenak. Noiz arte? Zenbat bizitza gehiago galdu beharko dira? Eta zeren izenean galtzen dira? Ekonomiaren izenean? Gure historia hurbilean bizitza oro sakratua dela min eta sufrimendu handiz elkar-irakatsi eta gero, zertan gabiltza orain?

Ekuazioa oso sinplea da. COVID-19az inor ez hiltzeko, birusarekin inongo kutsatzerik ez izatea beharko genuke. Guztiz desagerraraztea posible ez badugu ere, egin dezagun ahalegina behintzat ahal eta kutsatze gutxien gertatzeko. Egunean hogei hildako ez izateko. Hori lortzeko esfortzu handi bat jarri behar bada ere, baditugu zenbait adibide mundu mailan gauzak hobeto egiteko. Diruagatik ez gara ari behar diren pausoak ematen? Benetan? Hain miopeak gara ez dugula ikusten ekonomia egoera txarragoa pairatzen ari dela eta pairatuko duela pandemiari serio aurre egiten ez diogulako. Orduan, zertan gabiltza?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.