Arrauna

Perfekzioaren bila, bizkorrago joateko

Juan Luis Amilibiaren traineru eredu berriena dute Eusko Label ligako erdiek baino gehiagok; besteak beste, Getaria eta Ares berriarekin ari dira. Ontzigilearen esanetan, gogortasunak «bizitasuna» ematen dio ontziari. Asko, ordea, aurrekoarekin dabiltza, azkena zurrunagoa dela eta.

Ares, ontzi berriarekin, barruko ziaboga egiten, igandeko estropadan, Donostian. AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA.
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
«Arraunak, kirol gisa, perfekzio handia behar du». Horra Juan Luis Amilibia ontzigile beteranoaren aitorpena (Orio, Gipuzkoa, 1939). Mende erdia baino gehiago darama ontzigintza munduan, tosta finkoko traineruak mimo handiz egiten, besteak beste. «Oraindik tailerrera joaten naiz, baina beste kontu batzuk egiten ditut; gaztetan beste sasoi bat nuen...». Azken boladan, entrenatzaile askok jotzen dute oriotarrak Aian (Gipuzkoa) duen lantegira, traineru berri bila. Guztiek helburu bera dute: ontzia bizkorrago joatea. Bada, Amilibiak, trainerua armazoi klasikoarekin landu beharrean, tabularra deritzon sistemarekin egin du berriena. «Gainontzean, aurrekoaren molde berarekin egina dago, platanito deitzen zaiona. Neurri berak eta pisu bera ditu».

Amilibiaren esanetan, sistema horrek ontzia «gogortu» egiten du, eta «askoz ere biziago ibiltzen da uretan». Horrez gain, eredu berri horrek ez du barruko tradiziozko zuakerrik, hots, saihetsik. U formako karbono zuntzak ditu, eta traineruaren txopa eta branka lotzen ditu. «Armazoiarekin egiten zirenean, ontzia bihurritu egiten zen; sistema tabularrarekin, ordea, ez». Gogortasun horri esker, arraun kolpe bakoitzeko «gehiago» erantzuten du ontziak. «Materiala biguna bada, arraunlariek egindako esfortzuari ez dio behar beste erantzuten; indarra galtzen du. Teorian horrela da, baita praktikan ere». Gogortasunak, baina, bere mugak ditu: «Tamaina hartu behar zaio; gogor-gogorra egotea txarra baita, arraunlaria bera gehiegi behartzen duelako. Zeozer malgua izan behar du, baina hortik aurrerako guztia galera da».

Amilibiak esan du traineruak uretan ongi erantzuteko bi aldagai kontuan hartu behar direla: arraunketa estiloa eta arraunlarien neurriak: hala nola tosta, toleta, tiborta, topea... «Guztiz konbentzituta nago arraunlariek aurreko traineruan jarrita dituzten neurriak ez direla egokiak berriarentzat; beste neurri batzuk jarri behar dira ontziak erantzuteko, baina kontua da arraunlariek neurri horiek ezingo lituzketela denbora luzez jasan. Fisikak agintzen du hemen; ez du engainatzen».

Aulki mugikorrarekin egin du alderaketa oriotarrak: «Modalitate horretan, nahiz eta hankekin indar gehiago egin behar den, fisikari kasu gehiago egiten zaio, eta han eraginkorra dena tosta finkora ez dute eraman nahi». Halere, naturaren faktore asko kontuan hartu behar direla gogorarazi du: haizea, itsasoaren egoera, olatuaren norabidea, itsaslasterra... «Bi gehi bi ez dira lau».

Bestalde, Amilibia bat dator entrenatzaileek duten iritzi honekin: arraun kolpea eman ostean, ontziaren branka uretan gehiago sartzen da, eta, beraz, traineruak nabigazioa galtzen du. «Prestatzaileek hori eragotzi nahi dute. Baina inork ez dit ezer esan honegatik edo hargatik trainerua ez dabilela ondo. Egun batean irabazten dutenean esango dute ontzia ona dela; aldiz, emaitzak aurkakoak direnean, txarra».

Psikologiaren indarra

Fisikatik kanpo, psikologiak kirolean daukan indarraz mintzatu da oriotarra: «Psikologiak asko eragiten du arraunlarien eta entrenatzaileen jarreretan eta errendimenduan». Hau botatzera ere ausartu da: «Entrenatzaileak ez ezik, psikologo gehiago behar dira traineru barruan».

Amilibiaren traineru berria uretan bizia, gogorra eta erosoa ote den edo ez jakiteko, BERRIAk ontzi berriena duten Eusko Label ligako bi taldetako entrenatzaileekin hitz egin du: Jose Manuel Pelaez Aresekoarekin (Navia, Galizia, 1981), eta Ion Larrañaga Getariakoarekin (Getaria, Gipuzkoa, 1979). Elkarte horiez gain, gorengo mailan Hondarribiak, Ondarroak, Santurtzik, Oriok, Isuntzak eta Cabok dute traineru berri-berria.

Getariak Amilibiaren eredu berriko lehen trainerua dauka, Larrañagak 2018ko neguan Esperantza-ren agintea hartu baino lehenagotik. «Teorian aurrekoa baino hobeagoa zenez», haren aldeko apustua egin zuen. Lehendabizikoz uretaratu zutenean, ontziak zuen «zurruntasunak» harritu zuen gehien getariarra. «Gogortasun eta desegonkortasun handiagoa du, eta balantza gehiago egiteko joera du, itsasoan batez ere». Halere, azken lau urteetan landutako oinarriak «asko erraztu» die ontzi berrira ohitzea. «Geure arraunketak ere lagundu digu, akaso. Gustura gabiltza». Eta garrantzitsuena: aurrekoa baino azkarragoa al da? «Baliteke. Zerbaitegatik gabiltza traineru berriarekin. Dena dela, pazientzia izatea beharrezkoa da».

Ares, berriz, 2018tik ari da Amilibiaren eredu berrienarekin; elkartean duten ontzi bakarra da. Pelaezen iritziz, «ez da traineru txarra», baina traineru zaharra baino are zailagoa da gobernatzea, «azkarragoa» izan arren. «Puntua ez badiozu harrapatzen, arrastaka doa». Prestatzaileak aukera dauka bere gisara ontziadoitzeko; besteak beste, bizkarrezurra, zuakerrak eta tosten oinarria. Halere, traineru berriak xehetasun asko kontrolatzea eskatzen du: pisua, beso zabalera, oreka... «Lan gehiago ematen du. Talde homogeneoa eduki behar duzu, ezaugarri oso antzekoak dituzten arraunlariak».

Aukera duenak, aurrekora

Talde asko traineru berriarekin aritu dira denboraldiaurreko test eta jaitsieretan. «Baina ikusten ari garena zera da, traineru berritik aurrekora itzultzen direla», zehaztu du Areseko entrenatzaileak. Urrunago ere joan da: «Traineru berria erabiltzeari utzi dioten talde ia gehienek errendimendu hobeagoa eman dute aurreko ontziarekin». Adibiderik berriena Urdaibairena izan da: Iker Zabala prestatzaileak traineru berria uretaratu zuen ligako lehen bi estropadetan, baina banderaren lehiatik kanpo geratu zen: bosgarren eta hirugarren postuan sailkatu zen, hurrenez hurren. Emaitza horiek eskuartean izanda, Zabalak traineru zaharra erabili zuen Coruñan, eta Bou Bizkaia-k hegan egin zuen, eta bandera etxera eraman. «Ez da kasualitatea», laburbildu du.

Cabo ere traineru berriarekin aritu da lau lehietan; azken bietan, ordea, azken postuan geratu da. «Ea asteburuan zein traineru uretaratzen duen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.