Telesailak

Jazzaren eta bizitzaren arteko taupadak

Estreinako telesaila aurkeztu du 'La La Land' filmeko zuzendari Damien Chazellek: 'The Eddy', AEBetatik kanpo kokatu duen lehena.

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Atzamarrekin laztandu zuen Hollywoodeko loria 2017an, emakumezko aktorerik, argazkirik eta zuzendaririk onenaren Oscarrak irabazita. Baina saririk preziatuena eskuetatik kendu zioten, literalki, film garailearen izena nahastu zuen gutun azalaren hutsegite historikoa tarteko.

Damien Chazellek La La Land musikal gozoarekin konkistatu zuen publiko orokorra, baina aurretik Whiplash drama erradikala ondu zuen, baita Guy and Madeline on a Park Bench debut minimalista ere. Biak ala biak, jazz musikari loturiko lanak. Orain, The Eddy telesaila plazaratu du, etahor lortu du sortzaile gisara jorraturiko bi joera horien arteko oreka; ausardiaren eta konbentzioaren arteko erdibideko emaitza.

Istorioaren ardatza da telesailaren izen bereko jazz kluba. Protagonistak, berriz, haren jabea, musika banda eta Paris garaikidea. Kokalekua da beste nobedadeetako bat, izan ere, Chazellek AEBetatik kanpo girotu duen lehen kontakizuna da.

Ezagunagoak dira Ipar Amerika atzean utzi eta Frantziako hiriburura jo zuten margolari eta idazleen bizipenak, baina jazzak ere berebiziko garrantzia izan zuen Parisen. Gerrarteko hamarkadan izan zen loraldia eta Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean sorturiko jazz klub batzuek bizirik jarraitzen dute egun. Handik igaro ziren, besteak beste, Sydney Bechet, Charlie Parker eta Miles Davis.

Chazellek ere lotura estua du musikarekin. Jazzeko bateria ikasketak egin zituen nerabezaroan, eta ostera indie estiloko talde bat sortu zuen Justin Hurwitz konpositorearekin. Horrek idatzi ditu zinemagile estatubatuarraren film guztien soinu bandak, eta The Eddy da hura gabe eginiko lehen lana.

Telesailak musikaren gazi-gozoak erakutsi ditu: eguneroko eginbeharrek eragiten dute artisten sormen prozesuan, oholtzatik kanpoko eztabaidek oihartzuna dute emanaldietan, eta bakardade emozionalean idatzitako doinuak modu magikoan eraldatzen dira ikus-entzuleen aurrean, zuzenekoetan.

Musika da protagonista nagusia, baina ez bakarra, hiriak ere aparteko garrantzia baitu kontakizunean. Chazellek fikzioan islatu du egungo Paris multikulturalean arrazismoak indartsu jarraitzen duela, eta trebeziaz marraztu du horrek protagonistengan eragiten duen tentsioa eta beldurra. Txanponaren bestaldean, pertsonaien arteko une eder eta intimoak ere abileziaz jorratu ditu.

Musikaren pultsazioak soilik ez, zuzendari estatubatuarrak erakutsi du gai dela kaleetako taupadak ere maisutasunez pantailaratzeko, kamera eskuan duela, gertuko filmaketaren bidez. Jazzaren espiritu askera itzuli da Chazelle The Eddy telesailean, inprobisaziorako sena berreskuratu du, Hollywooden gidalerroetatik aldenduta. Hori, gainera, AEBetako star system-etik aldenduta lortu du, are gehiago, aktore estatubatuarrak gutxiengo dira kasu honetan, eta jazz klubeko banda osatzen duten kideak benetako musikariak dira. Jazz zaleak ez ezik, ikus-entzule espektro zabala ere erakar dezakeen istorioa osatu du Damien Chazellek, estilo pertsonalari uko egin gabe.

'THE EDDY'
Sortzaileak: Damien Chazelle, Jack Thorne.
Aktoreak: Andre Holland, Joanna Kulig, Amandla Stenberg, Tahar Rahim, Melissa George.
Herrialdea: AEB, Frantzia.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Netflix.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Drama. Musikala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.