Greba egin eta kalera protesta egitera ateratzeko arrazoiak bat baino gehiago dira, Osakidetzako langileen arabera. Eta agerian geratu zen hori atzoko manifestazioetan, aldarrikapen ugari izan baitzituzten ahotan langileek: kexu dira lan baldintzez, baliabide eta profesional faltaz, lehen mailako arretan dagoen inbertsio beharraz, eta sistema pribatua publikoaren aurretik lehenesteko saiakeraz. Bat datoz denak, halere: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun sistema publikoaren egoera «larria» da, eta berehalako konponbideak behar ditu.
Garbitzaileen lan baldintza kaxkarrak aipatu zituen Maitek, esaterako, Gasteizko protestan: «Gure lan baldintzak oso prekarioak dira. Jasan ezin diren ratioak ditugu; ez dute ordezkapenik egiten gaixoaldiak daudenean... Agintariek pandemia jarri dute aitzakia gisa, baina lehenagotik dator hau guztia». Sei urte daramatza Gasteizko Santiago ospitalean lanean, eta, haren hitzetan, nahiz eta garbiketa ez den osasun jarduera bat, «zuzenean» eragiten dio arretari. Horregatik, lan horiek azpikontratatzearen ondorioez ere ohartarazi zuen: «Eragina du lan baldintzetan».
Osasun sistema publikoak baliabide falta nabarmena dauka, Javierren hitzetan. Galdakaoko (Bizkaia) ospitaleko langilea da, eta, haren ustetan, «sistema publikoa gutxietsi nahi da, pribatua indartzeko». Eta hori erakusten duten arrazoiak «asko» dira, azpimarratu zuenez: «Sindikatuekkontzeptu handiak aipatzen dituzte, kontratuak, diru kontuak... Baina egunerokoan nabaritzen dugu guk: lan karga ikaragarria da; ikusezina da beharbada, baina asko erretzen du».
Ideia horrekin bat egin zuen Mariok ere; Santiago ospitaleko medikua da, Gasteizen. Bereziki, azpimarratu zuen arduradunek langileak «gutxiesten» dituztela. «Horregatik gaude gaur protestan, batez ere. Eta, noski, lan baldintzak hobetu daitezela eskatzeko. Kalitatezko arreta bermatu nahi bada, ezinbestekoa da hori».
Mertxe Mendiak langile faltaz ohartarazi zuen. Arabako Ospitaleko Psikiatrikoko gizarte langilea da, eta, esan zuenez, buru osasunaren arloan profesional falta handia dago gaur egun: «Ez daukagu psikiatrarik, gizarte langilerik, psikologorik...». Haren ustetan, izurriak are gehiago larriagotu du «jada oso justu» zegoen sistema publikoaren egoera. Eta argi ikusten du horren aurrean neurriak hartu beharrean osasun sistema pribatuaren alde egitea erabaki dutela agintariek: «Bistan da horretara goazela».
Landa eremua, kexu
Arabako landa eremuko langileek ere bat egin zuten greba deialdiarekin, beren aldarriak ere sare publikoko gainerako langileek dituztenen berberak direlako, hein batean. «Ez gara diruagatik egiten ari greba, baizik landa eremua defendatzeagatik», nabarmendu zuen Mertxe Larrinbek. Gaubea eta Añana eremuko erizaina da, eta azpimarratu zuen mediku faltaren ondorioz erizainen bizkar utzi dutela osasun arta: «Bakarrik utzi nahi gaituzte, eta guk ez dugu diagnostikorik egiten, ezta tratamendurik jartzen ere; gu zaintzaz arduratzen gara».
Otsailetik ari dira protestan, eta Larrinbek salatu zuen Osakidetza «tratu txar etengabea» ematen ari zaiela. «Gutxietsi egiten gaitu; ez da behin ere gurekin eseri hitz egiteko. Dena egin behar da haiek esaten duten moduan, eta jendea gaizki tratatua sentitzen ari da».
Greba Osakidetzan
«Osasun sistema publikoa gutxietsi nahi da, pribatua indartzeko»
Baliabide eta profesional faltaz ohartarazi dute osasun langileek, eta lan baldintza duinak eskatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu