Aldundiek luzatu egin dituzte zerga neurri bereziak

Aitorpena egitetik salbuetsita egongo dira 14.000 eurotik beherako irabaziak dituztenak

Iker Aranburu.
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
2021 ere urte berezia izango da zerga kontuetan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek urtebetez luzatu dituzte koronabirusaren krisiari aurre egiteko aurtengo martxoan hartutako zerga neurri bereziak. Horiei esker, enpresek eta herritarrek errazago izango dute zergen ordainketa atzeratzea, eta hobari bereziak izango dituzte.

Berritasunak ere izango dira. Horien artean dago errenta aitorpena egin behar izateko gutxieneko diru sarreren muga 12.000 eurotik 14.000ra igoko dutela. Gutxieneko beste muga bat egongo da ordaintzaile bat baino gehiago daudenean: 20.000 eurotik behera jaso dutenek ez dute aitorpenik egin beharko bigarren ordaintzaileak 2.000 eurotik behera ordaindu badie. Aldi baterako erregulazioan daudenei begira egindako neurria da, kasu horretan, enpresak ez ezik, estatuak ere ordaintzen duelako soldataren zati bat.

Autonomoei dagokienez, COVID-19ak eragindako itxierengatik jasotako laguntza batzuek ez dute errenta zergarik ordainduko. Gainera, 2020ko azken hiruhilekoari dagokien errenta zergaren ordainketatik salbuetsita izango dira.

Aldundiek ezohiko gerorapenen erregimen bat ezarri dute autonomoek zerga zorrak ordaintzeko eta enpresa txikiek zerga zorrak atzeratu ahal izateko.

Bizkaian, telematikoki

Bizkaian, errenta aitorpena Internet bidez soilik egin ahal izan da aurten, eta 2021ean beste urrats bat egingo du bere digitalizazioan: ogasunak ematen dituen 220 zerbitzuak bulegoetara agertu gabe egin ahal izango dira. Ogasunera joatea aukeratzen dutenek ordua eskatu beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.