Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak gutxieneko soldataren igoeraren inguruko eztabaida bukatu nahi du, eta argi utzi du egun erabakia PSOEren esku dagoela; alegia, «gobernu koalizioan gehiengoa duen zatian». Diazek garbi du lehenbailehen igo beharra dagoela, jende asko «gaizki pasatzen» ari delako, batez ere lan hitzarmenik ez duena: «Batzuetan kopuru sinbolikoak izan arren, garrantzitsuak dira».
Diaz sindikatuekin bildu da asteburuan, eta uste du haiekin akordioa posible dela. Aldiz, gogor kritikatu du enpresarien jarrera: «Soldata igoera izozteko eskatu dute. Zero eskatzen eseri ziren mahaian, eta berdin altxatu dira. Hori ez da negoziatzea».
Pentsioak, mahai gainean
Urte amaiera bilera garaia izango da Espainiako Gobernuarentzat, eta atzo egin zuen aurrenekoa pentsioen erreformaren bigarren zatiari ekiteko. Sindikatuen, patronalaren eta autonomoen elkarteen ordezkariekin bildu zen. Korapiloetako bat jasangarritasun faktorea ordezkatuko duen sistema zehaztea da, eta enpresarien elkarteak «ezer konpontzen ez duten laborategi formulak» saihesteko eskatu dio gobernuari.
Diazek PSOEren gain utzi du gutxieneko soldata igotzea
Espainiako Lan ministroak esan du erabakia «gobernuaren gehiengo zatiaren» esku dagoela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu