Hegazkingintzaren fakturazioak %28 egin zuen behera iaz

Hegan klusterraren arabera, 1.500 lanpostu galdu ziren sektorean, guztien %10 inguru

Imanol Magro Eizmendi.
2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Iazkoa «inoizko urterik zailena» izan zen hegazkingintzaren euskal sektorearentzat. Hala deskribatu du Hegan klusterrak bere urteroko balantzean. Aeronautika sektoreko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresak batzen dituen elkartearen arabera, kideen fakturazioak %28 egin zuen behera 2020an, eta 1.500 lanpostu inguru galdu ziren, guztien %10.

Heganen barne inkestaren datuen arabera, 68 kideen artean 1.873 milioi euro fakturatu zituzten iaz. Datu horiek urrun daude 2019ko 2.615 milioietatik. Era berean, azken urteetako hazkunde joera errotik eten da. Azken hamarkadan, sektorearen fakturazioa %8,5 handitu zen urtero, eta lanpostu kopurua, %4.6. Alde horretatik, klusterrak nabarmendu du eskulan kualifikatuaren galera oztopatzea dela sektorearen erronka handietako bat.

Hegazkingintza zibileko bezeroak izan ziren beren erosketak gehien uzkurtu zituztenak. Boeing eta Airbus dira munduko bi hegazkin ekoizle handienak, eta bide batez euskal enpresen bezerorik onenak. Bada, bien datuak elkartuz gero, haien ekoizpenak %42 egin zuen behera iaz. Hala ere, sektoreak «iraun» egin duela uste du Heganek, baina «ziurgabetasunean» murgilduta dagoela. Pizkundea noiz iritsiko den iragartzen hasita, IATA izendatu du Heganek. Nazioarteko elkartearen ustez, aire garraioa 2024an itzuliko da bere onera.

Bestalde, eta aeronautikarekin jarraituz, Bain AEBetako inbertsio funtsa izan da ITP Aero erosteko eskaintza hoberena egin duena. Rolls Roycek eta erakunde publikoek egitasmo industriala garatuko duen bezero bat behar dute, eta, Aernnovaren ezezkoaren ondoren, Aciturri izan daiteke aukeratua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.