Garbitzaileek kanpaldia egingo dute Donostian

Polizia etxeetako eta epaitegietako garbitzaileek bederatzi hilabete egin dituzte greban

Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Bederatzi hilabeteko grebaren ondoren, Gipuzkoako polizia etxeetako eta epaitegietako langileek Donostiako erdialdera eramango dute beren protesta. Atzo iragarri zutenez, kanpaldia egingo dute Bulebarrean, astelehenetik asteazkenera.

Garbialdi enpresak polizia etxeak eta epaitegiak garbitzeko kontratatutako 80 garbitzaileek 2018ko irailean hasi zuten greba; %95 emakumeak dira. Soldata arrakala salatu nahi zuten; izan ere, antzeko lana egiten duen sektore batean, kale garbiketan, epaitegietan baino %7 gehiago ordaintzen diete, eta polizia etxeetan, %13 gehiago. Kale garbitzaileen %80 gizonezkoak dira.

ELA, ESK eta LAB sindikatuek atzo azaldu zutenez, azken asteetan ez da aurrepausorik izan langileen eta Garbialdiren arteko negoziazioetan, nahiz eta duela hiru aste langileen ordezkariek iragarri zuten ituna sinatuko zutela arrakalaren %70 desagertuko balitz. Ituna sinatzea ez da posible izan «Garbialdik ez duelako onartu langileek arriskuei aurre egin behar dietela lanean ari diren bitartean». Segurtasunaren arazoa itunetik atera eta epaitegien esku uztea proposatu dute sindikatuek, baina ez diete onartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.