11/13 auzian akordioa sinatu ostean, «pozik, baina erantzukizunak arduratuta» dago Beñat Zarrabeitia (Bilbo, 1983). Pozik, espetxea saihestu dutelako 45 auzipetuk; arduratsu, Arantza Zulueta eta Jon Enparantza kartzelara doazelako. Nahi dute epaiketa mugarri izatea gatazkaren konponbiderako.
Auzitegi Nazionaleko fiskalarekin eta akusazio partikularrarekin akordioa eginda, zein da auzipetuon balorazioa?
Egoera honen aurrean arduraz eta erantzukizunez jokatu behar genuen. Jasotako babesa eskertu behar dugu, eta ezin dugu ahaztu Arantzak [Zulueta] eta Jonek [Enparantza] izandako konpromisoa eta borondatea. Epaiketaren bidez iragan ilunera eraman nahi gintuzten, eta guk azaldu dugu gure nahia ez zela sufrimenduan katramilatzea, baizik eta etorkizunari begira jartzea. Jonek eta Arantzak izandako eskuzabaltasunari esker, egoera hori gertatzea posible izan da. Espetxeak husteko garaia da.
Edonola ere, espetxe zigorrajarri dizuete denei, eta akordioaren parte izan da erakunde «terroristako» kidetza aitortzea.
Kontuan hartu behar da oso eskaera handiak zirela eta horrek oso egoera bortitza zekarrela. Guk, hala ere, konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren mesedetan egin dugu prozesua, eta ekarpena egin nahi izan dugu, jakitun baikara muinean den gaiak bere horretan segituko duela. Oraindik preso eta iheslarien auziak konponbidea behar du, eta uste dugu bide horretan ezinbestekoa dela iraganeko zauri guztiak ixtea, eskubide urraketak amaitzea, espetxe politika aldatzea, eta horregatik nahi genuen prozesu judizial honetan konponbide klabeetarako akordioa egitea.
Zeuek esana da: euskal presoen eskubideen aldeko lana egiteagatik atxilotu zintuzteten, eta, orain, lan horretan segitzeko asmoa duzue.
Hori da azpimarratu nahi duguna. Orain, 2013an baino hobeto gaude, eta, orduan, 2008an baino hobeto. Oraindik, ordea, eskubide urraketa nabarmenak daude. Besteak beste, senideek bisitak egiteko kilometro asko egin behar dituzte, salbuespen neurriak indarrean daude... Gu 47 pertsona gara, baina 248 presoren egoeraren inguruan ari gara lanean.Beraz, espero dugu hau palanka bat izatea auzia aterabidean jartzeko eta lehentasun bilakatzeko. Eskubide urraketarik gabeko herri bat merezi dugu.
Espetxea saihestu bai, baina inhabilitazioa izango duzue guztiok, eta batzuek lanpostua galduko dute. Zer kostu du horrek?
Kontuan hartu behar da prozesu hau duela sei urte abiatu zenetik, kalte asko izan direla: behin-behineko espetxealdiak, kostu pertsonalak, kalte ekonomikoak... Eta orain ere izango dira ondorioak. Zauri horiek osatu beharko ditugu, baita inhabilitazioarena ere. Eskubideak urratzen ez diren herri baterako bidean jarri gara. Prozesuak luze iraun du, eta hari mutur asko gelditu dira lotu gabe; zigor diferenteak, kalteak, eta espetxea ez den zigorra. Hala ere, eskerrak eman beharrean gara denbora honetan jasotako babesagatik.
Epaiketaren aurretik zenioten ez zenutela justizia bilatukoEspainiako Auzitegi Nazionalean. Zein sentsaziorekin itzuliko zarete Euskal Herrira?
Herri ekarpen modura ulertu dugu akordioa, ez justizia terminoetan. Geure herriarentzako ekarpena izan daiteke. Horregatik, gure eskertza eta aitorpena Joni eta Arantzari, erakutsitako konpromiso, determinazio eta eskuzabaltasunagatik. Poztasuna dugu sententziagatik, baina baita ardura eta erantzukizuna ere. Egoera hobeak ahalbidetzeko erabakitasuna dugu.
Beñat Zarrabeitia. 11/13 sumarioko auzipetua
«Herri ekarpen modura ulertu dugu akordioa, ez justizia terminoetan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu