Lau elementu ditu hip-hopak. Lau zutabek eusten diote Bronxen (New York) sortu zen mugimenduari. Bat: rap kantariak edo zeremonia maisuak (MC). Bi: disko jartzaileak (DJ). Hiru: breakdance dantzariak. Eta lau: grafitigileak. Laurak dira garrantzitsuak hip-hoparen barruan, baina, zalantzarik gabe, rapa da —MCak eta DJak elkartzean sortzen den musika estiloa— mundu zabalean arrakastarik handiena izan duena.
Duela 50 urte, 1973ko abuztuaren 11n, DJ Kool Herc jamaikarra bere arrebak antolatutako festa batean aritu zen jotzen, eta konturatu zen abestien zati instrumentalek zirrara sortzen ziotela jendeari. Egun hartan, bi disko nahastea erabaki zuen, eta, orratzaren laguntzaz, abestien zatiak errepikatu eta tartekatu zituen. Teknika hura izan zen hip-hoparen hastapenerako lehen urratsa.
AEB Ameriketako Estatu Batuetan izugarrizko arrakasta izan zuen mugimenduak, eta jende askorentzat bizimodu ere bilakatu zen. Izan ere, hitz egiteko, hausnartzeko, eta pobrezia eta bestelako bazterketak salatzeko tresna bilakatu zen hip-hopa. Kalean bizi zen jende ugariri beste bide bat hartzen lagundu zion, baita droga eta substantzia kaltegarriak hartzen zituztenei ere, eta AEBetako banda afro-amerikarren eta latinoen arteko borrokak apaltzeko balio izan zuen. 50 urte geroago, adierazpen pertsonalerako gunea da oraindik ere hip-hopa; bakoitzak bere mezua zabaltzeko bide bat.
AEBetako rap artisten abestiak mundura zabaldu ziren denborarekin—Coke La Rock, Sugarhill Gang, Beastie Boys, N.W.A., Tupac Shakur, Notorious B.I.G., Wu-Tang Clan, Geto Boys, Eminem, 50 Cent—, eta XXI.mendean, Interneti esker, rapa komertzial bilakatzen hasi zen. Euskal Herrira ere iritsi zen, eta 2000.urtean Selektah Kolektiboak taldearen izenarekin kaleratutako lana jotzen da euskarazko lehen hip-hop diskotzat.
Euskal Herriko eszena
Selektah Kolektiboak diskoa atera aurretik ere baziren hip-hop sortzaileak Euskal Herrian, baina ez zen ohikoa euskarazko hitzak entzutea. Elena Caballero La Basu abeslaria, adibidez, gazteleraz hasi zen, duela 30 urte. «Entzuten genuen guztia AEBetatik zetorren, ingelesez zegoen; eta rapean gazteleraz aritzea arraroa bazen, pentsa euskaraz!», azaldu du abeslari bilbotarrak. 1980ko eta 1990eko hamarkadetako Euskal Rock Erradikalak ere izan zuen zerikusirik horretan: «Punka, rocka… horiek bai, euskaraz egin zitezkeen; baina Ameriketako Estatu Batuetatik etorritako 'musika arraro hori' euskaraz egitea pentsaezina zen».
«Familia» eta «errespetua» dira, La Basurentzat, hip-hoparen muina. Kalean hasi zen rapean, eta bere inguruan gertatzen denari buruz hitz egiteko erabiltzen du rapa: «Jende askok pelikula galantak asmatzen ditu abestietan. Euskal Herrian bizi dira horietako gehienak, gurasoekin gainera, eta ez Bronxen. Nik nahiago dut rapa egia kontatzeko erabiltzea».
Aimar Setien Kulto Kultibo taldeko ekoizle eta soinu teknikaria, hain zuzen, abestien mezuaz mintzatu da: «Ezer esaten ez duten abestiek ez dute ezertarako balio. Rapa kritika soziala egiteko erabili behar da, eta, gero, erritmoarekin eta errimarekin jolastu. Reggaearekin nahasten dugu rapa guk, adibidez. Mezu bat bidaltzea ez ezik, jendeak dantza egin dezan ere gustatzen zaigu».
La Basuren iritziz, rapa egiteko modu ezberdinak daude, nahiz eta «garbizaleek» esan bonboa eta kutxa dituzten baseetan aritu behar dela. «Hasieran, nire kontzertuetan, gizonak izaten nituen, lepoa astintzen, eta orain, emakumeak, dantzan. Niretzat, ikusleak aske sentitzea da garrantzitsuena, berdin dit nola», adierazi du. Hala ere, rapa beste estiloekin nahastu ezean «dantzatzea ezinezkoa» dela uste du, eta horregatik dagoela ohitura handia beste generoekin nahasteko (dancehalla, cumbia, reggaea...).
Rapa baino askoz gehiago
Hip-hopa eta rapa gauza bera direla uste du gizartearen parte handi batek, eta sarri gauza beratzat hartzen dira. Baina ez dira hala. Hip-hopa ez da soilik rapa. Lau elementu edo diziplinak osatzen dute Bronxen sortutako mugimendu kulturala, eta hip-hoparen barnean dauden artista asko diziplina batean baino gehiagotan aritzen dira. Badira DJ abeslariak, MC grafitigileak, eta breakdanceko dantzari DJak, esaterako.
Azken horren adibide da Asier Ramirez Serock breakdance dantzaria: hip-hoparen munduan dantzari esker sartu zen, baina, orain, DJ lanetan ere badabil. Mundu guztiko dantzariekin lehiatzen da, baina adierazi du Euskal Herrian breakdancearen egoera «ezin txarragoa» dela: «Kultura azken gauza da gizartean; dantza, azken gauza kulturan; eta, breakdancea, berriz, azken estiloa dantzaren barruan».
Breakdancea eta hip-hoparen beste adarrak «adierazpen pertsonalerako tresna» direla iritzi dio Serockek, eta «arazoak tarte batez ahazteko ihesbidea».
Beste artista batzuk ez bezala, baikor agertu da hip-hoparen egoeraren inguruan, bere garaiko «kaleko hezkuntza» galdu bada ere. «Lehen kalean ikasten genuena akademietan ikasten dute orain; baina belaunaldi berriek antzinako kultura nolakoa zen jakiten badute, hip-hopak era izango du irauteko», azaldu du.
Ezkorrago mintzatu da La Basu egungo eszenaren inguruan: «Orain ematen du edozerk balio duela emaitzak eta dirua lortzeko. Hasierako familia sena galdu da».
Buru bezainbat aburu daude hip-hoparen bilakaeraren harira, bai Euskal Herrian, baita Euskal Herritik kanpo ere, baina argi dago gero eta jende gehiago batzen ari dela mugimendura. «Orain arte ezkutatuta zeuden artista asko benetan gustuko dutena egiten hasi dira», azaldu du Setienek. Eta, azken batean, hori da hip-hoparen esentzia: barruan dagoen hori beldurrik gabe kanpora ateratzea.
MENDE ERDI LEPOAK ASTINTZEN
Hip-hop mugimendu kulturala oharkabean sortu zen, duela 50 urte, New Yorkeko Bronx auzoan. Auzo xume batean hasi zena hegemoniko bilakatu da azken urteetan, eta iritzi kontrajarriak sortu ditu horrek, jatorrizko kulturaren muina galdu ote den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu