Koronabirusa

Bildarratzek bilera sorta egin du, baina oraingoz 15eko greba indarrean da

Sindikatuek «zehaztasun eta baliabide aurreikuspen eta berme gutxi» ikusi dituzte batzarretan. Eskola gehiago itxi dituzte

Sindikatuen elkarretaratzea, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki Oihana Teyseyre Koskarat Irati Urdalleta Lete
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu izendatu berritan hezkuntza eragileekin bildu zen atzo Jokin Bildarratz. ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzarako greba deialdia egin zuten hilaren 15erako, eta eutsi egingo diote.

Sindikatuek ohar bateratu bat atera zuten izandako bileren balorazioa eginez, eta ziurtatu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzako sindikatuek jarraitu egingo dutela itzulera «segurua eta adostua» exijitzeko mobilizazioekin. Bildarratzek bileretan asmoak adierazi zizkiela esan zuten, baina «zehaztasuneta baliabide aurreikuspen eta berme gutxi» ikusten dituzte. Sindikatuen iritziz, bilerek mobilizazioak geldiarazteko «saiakera huts baten» antz handiagoa izan zuten planifikazioa eta baliabide hornikuntza bat abian jartzeko «negoziazio prozesu erreal eta eraginkor batena» baino. Astearteko grebaren aurretik, atzo elkarretaratzeak egin zituzten sindikatuek.

Ikastolen Elkarteak, berriz, bestelako balorazioa egin zuen. Ohar batean adierazi dutenez, Hezkuntza Sailak eta sailburuak elkarlanerako «prestasuna eta borondatea» erakutsi zizkien.

Gorabehera ugari

Eguna igaro ahala, Euskal Herriko ikastetxeetako gorabeherak areagotuz joan ziren atzo.

Goizean, Biriatuko (Lapurdi) ikastola hetsi zuten, kasu positibo bat atzeman zutelako. Larresoroko (Lapurdi) eskola ere hestea erabaki zuten, haur bati koronabirusa atzeman ziotela eta. Gasteizen, astelehenetik itxita dago Katagorri haur eskola, irakasle batek positibo eman zuelako.

Ikastetxe osoa itxi ez, baina ikasgelak bakartu zituzten hainbat eskolatan. Besteak beste, Hendaiako Lizardin eta Basusarikoan (Lapurdi); Murchanteko Mardones y Magañan eta Faltzesko Doña Alvara Alvarezen (Nafarroa); Donostiako Aldapeta Marian; eta Iruñeko Jose Maria de Huarten, Amaiur ikastolan, The British School of Navarran eta Cardenal Ilundainen. Zaldibarren (Bizkaia) itxitako ikastetxeko langileei, berriz, PCRak egin zizkieten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.