COVID-19aren izurriteari ez zaio laborategietan bakarrik aurre egiten. Matematika eta adimen artifiziala ere baliatzen ari dira, bai egunez eguneko ondorioak aurreikusteko, bai luzera begirako joerak antzemateko. Baita Euskal Herrian ere. BCAM Matematika Aplikatuen Euskal Zentroak lantalde berezi bat sortu du, eta elkarlanean ari da EHUrekin, Ikerbasquerekin eta Osakidetzarekin. Itsu-makila lanetan ari dira, neurri batean, Jose Antonio Lozano (Barakaldo, Bizkaia, 1968) BCAMeko zuzendari zientifikoaren esanetan, agintariek, kasu honetan Eusko Jaurlaritzakoek, erabakiak informazio gehiagorekin hartu ahal ditzaten. Gaitz berri batek eta informazio faltak eragiten dituen muga guztiekin. «Jakina da agian ez dela erabat ziurra, baina zerbait da».
Zer lan egiten ari zarete Eusko Jaurlaritzarentzat?
Izurritearen hasieratik ari gara Jaurlaritzarekin lanean. Bi lan ditugu: alde batetik, epe motzera begira —sei-zazpi egun— aurreikustea, aurreikusten saiatzea, ea zenbat jende ospitaleratu beharko den eta zenbatek egon beharko duten zainketa intentsiboetako unitateetan [ZIU]; bestetik, luzera begira, eredu makroago bat edukitzea, ikusteko gaitzak nola eboluzionatuko duen eta gobernuaren neurriek nola eragiten duten kutsatuen kopuruan.
Zer tresna matematiko erabiltzen dituzue horretarako?
Epe motzeko aurreikuspenak egiteko, bi motatako ereduak erabili ditugu, bata estatistikan oinarritua, bestea adimen artifizialean.
Zein da bien arteko aldea?
Biak gauza bera aurreikusten saiatzen dira, baina modu ezberdinean. Eredu estatistikoak gaixotasunari buruzko informazioa eta aldagaiak aintzat hartzen ditu, nolabait esateko: zenbat denbora pasatzen den kutsatzen denetik sintomak eduki arte, zenbat pertsona kutsa ditzakeen sintomarik ez duen pertsona batek... Kutsaduraren izaeraren eredua sortzen saiatzen da, eta aldagai asko aintzat hartzen ditu.
Eta adimen artifizialekoa?
Adimen artifizialean erabili dugun eredua agnostikoa da; hau da, onartu dugu gaixotasunari buruz daukagun informazioa ez dela fidagarria, eta, parametro horiei buruzko hipotesiak egiten hasi aurretik, datu errealez bakarrik fidatzea erabaki dugu. Eredu horren aurreikuspenak datuetan bakarrik oinarrituta daude. Datuetan aldaketarik ez badago, ez du joera aldaketarik nabaritzen .
Aurreikuspenen zehaztasuna noraino iristen da?
Esatera egun jakin batean litekeena dela ZIUetan 30 pertsona ospitaleratu behar izatea.
Zer bide erabiltzen duzue izurritearen luzera begirako eboluzioaren eredua sortzeko?
SIR [Susceptible, Infected, Recovered] eredu hobetu bat erabili dugu. Gaixotasun guztiaren eredu bat sortzen saiatzen da: kutsatze denbora, sintomak agertzeko denbora, kutsatuen kopurua, sintomarik gabekoena, pertsona batek zenbat kutsatzen dituen, ospitaleratuak, sendatuak... Ekuazio diferentzialetan oinarritutako eredu bat da, eta dinamika aurreikusten du. Aurrea hartzen du, joerak antzematen ditu.
Hutsetik hasi zarete? Beste herrialde batzuetako ereduak hartu eta egokitu dituzue?
BCAMen, zorionez, ia eremu guztiei buruzko adituak dauzkagu. COVID-19aren eredu makroa egiteaz arduratu den ikertzailearen espezialitatea izurriteen modelizazioa da. Ebolaren eta dengearen ereduak egin izan ditu.
Eredu estatistikoarekin, lehendik bazegoen eredu batetik abiatu gara, baliozkotzat jotako batetik, batez ere Txinako datuekin. Jakina, egokitu egin dugu EAEko datuekin lan egiteko.
Eredu on eta baliagarri bat egiteko, funtsezkoak dira ereduari ematen zaizkion datuen zehaztasuna eta kalitatea, ezta?
Bai, eta horixe da ereduak sortzen saiatzen ari garen guztion arazoa. Datuak aldatuz joan dira, osasun protokoloak aldatuz joan baitira. Datu batek esanahi ezberdina du egun batean edo bestean, baina alarma egoera bat da, eta gauzak diren modukoak dira.
Ereduak etengabe hobetzen ari zarete?
Bai. Datu berriak iristen zaizkigun bakoitzean, ereduak probatzen ditugu, aurreikuspen berriak egiteko. Ereduak ebaluatu egiten ditugu, errealitatea ikusi eta gero, egin beharko lituzketen aurreikuspenen arabera.
Asmatzen ari zarete?
Ai ene... Ikuspegiaren arabera. Datuak zenbat aldatzen ari diren ikusita, aurreikuspen metatuak nahiko onak dira, fidagarriak; egunez eguneko aurreikuspenak, aldiz, ez dira hain onak. Batez ere izurritearen hasieran.
Lehen aipatu duzu egun bateko 30 ZIU kasuen aurreikuspenaren adibidea. Zehaztasun horretaraino iristen zarete?
Bai, jakina. Saiatzen gara Osakidetzari aurreikusten zenbat ospitaleratu eta zenbat ZIU kasu izango dituen eskualde bakoitzean. Esan diezaiokegu, esaterako, eskualde batean hamabost ospitaleratu izango dituela, hamar laguneko akats tartearekin. Batzuetan gehiago asmatu dugu, besteetan gutxiago.
Iragarritakoaren batezbestekoa gertatutakotik gertu dago?
Datu metatuetan bai.
Test gutxi egiten ari dira, sintomarik gabeak daude... Eragin zuzena du kalkuluetan. Aintzat hartzen saiatzen zarete?
Sintomarik gabekoen kasuan, Diamond Princess gurutzaontzian bidaiari guztiei egin zizkieten testak, eta datu bat eman dezake sintomarik gabekoez. Italiako eskualde batean ere test asko egin dituzte, eta kalkulatu daiteke sintomarik gabeko zenbat dauden. Gutxi gorabeherako kalkuluak dira, jakina.
Eta gaixotasunaren inkubazio epea? Nola baldintzatzen ditu zuen kalkuluak?
Aintzat hartzen dugu, baina ez dago hain argi. Arazoetako bat da sekulako literatura pila dagoela, eta zaila dela jakitea zer den fidagarria eta zer ez. Inkubazio epea garrantzitsua da. Orain ikusten ari gara itxialdiarekin kutsatuen kopurua azkar jaisten ari dela, eta horrek zerbait esaten digu inkubazio epeaz. Atzerapen bat badago, hildakoen kopuruan ikusten da: kutsatuen kopurua jaisten ari da, baina hildakoen kopurua oraindik ez.
Hildakoen kopuru ofizialek dioten baino jende gehiago hiltzen ari da koronabirusagatik, aurreko urteetako hildakoen datuak aintzat hartuz gero. Horiek ere aintzat hartzen dituzue?
Osakidetzak ematen digun hildakoen kopurua erabiltzen ari gara.
Eusko Jaurlaritza jarduera ekonomikoari eustearen aldekoa zen. Aintzat hartu zenuten horrek zer eragin izan zezakeen izurritearen bilakaeran? Zer zioten aurreikuspenek?
Oso zaila da. Ereduak aintzat hartzen du noiz hartu diren erabakiak, eta horren arabera emaitza batzuk edo besteak ematen ditu. Baina gu ez gara sartzen erabaki politikoetan. Ezin dugu esan ereduak zer emango lukeen erabaki hori hartuko ez balitz.
Erabaki politiko bat dago, eta zuek baloratzen duzue erabaki politiko horrek zer eragin izan dezakeen.
Bai, horixe. Hau eginez gero, gerta daiteke hau gertatzea. Beti modu hipotetikoan.
Baina Eusko Jaurlaritzak eskura zituen jarduera ekonomikoari eusteak izurritearen bilakaeran izango lituzkeen ondorioei buruzko hipotesiak?
Ez da hain erraza. Kontuz ibili behar da honekin. Momentu batean berrogeialdia jarri zen indarrean, eta emaitzak denbora bat pasatu eta gero ikusten dira. Gero erabaki zuten industria ixtea. Horren eragina denbora batera ikusten da. Horraino esan dezaket.
Itxialdia arintzeaz hitz egiten ari da. Itxialdia arinduta, gorakadarik aurreikusten duzu gaixotuen, ospitaleratuen eta hildakoen kopuruan?
Oraindik neurriak ez dira ezagunak, eta ezin da jakin. Normalean, itxialdia arintzen baldin bada, kutsatuen kopurua ere igoko da, baina ez dakigu zenbat, ez baitakigu sintomarik gabeko zenbat dauden. Ziurgabetasun handia dago.
Matematikak eta adimen artifiziala izurritearen aurreikuspenekin lotzen dira batez ere, baina gaixoak antzemateko ere erabiltzen ari dira. Adibiderik?
Matematikari batzuk lanean ari dira pertsonen biriken erradiografien bidez jakiteko ea koronabirusak gaixotu dituen. Lan asko egiten ari da, adimen artifizialean oinarrituta, ahotsaren bidez diagnostikatzeko: sistemak antzeman dezake ahotsaren edo eztularen bidez ea gaixo zauden edo ez.
Berez, hori testek egiten dute. Testen osagarriak dira?
Bai. Testek baino akats gehiago egingo dituzte, jakina, baina lehen galbahe bat izan daitezke.