Zenbatekoa da herri baten, eskualde baten edo herrialde baten ondare naturala? Zenbateko ekarpena egiten dio bertako herritarren ongizateari? Nola zenbatu, nola kalkulatu, airea, animaliak, landareak, lurra, mineralak...? Lurralde bakoitzean azterketak egiten dira, kalkuluak eta neurketak ere bai, baina nola eman horiek guztiak modu azkarrean eta ulergarrian?
BC3 Basque Centre for Climate Change ikerketa zentroak egin du. Egin bakarrik ez: NBE Nazio Batuen Erakundeak bere egin du BC3k garatutako teknologia, eta nahi duten guztien esku jarri du, bai erakundeentzat, bai gobernuentzat, baina baita herritarrentzat ere.
Ondare naturala eta ondare horrek gizakiaren ongizateari egiten dion ekarpena neurtzeko ahalegina ez da berria. 1990eko hamarkadan hasi ziren ingurumenaren balioa eta ekarpena estatistika ofizialetan txertatzeko ahaleginak. SEEA deitzen zaio, Ingurumen eta Ekonomia Kontabilitate Sistema. Kapital naturala neurtzeko nazioarteko estandarra da, herrialde guztientzat berdina eta alderatzeko modukoa.
BC3k adimen artifizialean oinarritutako teknologia bat garatu du, kode irekian, ekosistemak eta ekosistemek gizakien ongizatean duen eragina neurtzeko. Aries for SEEA deitu diote. Aries izena du plataformak: Adimen Artifiziala Ingurumenerako eta Iraunkortasunerako. Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dute garatzeko.
Natura oso konplexua da. Ekosistemak ere bai. Lotura eta elkarrekintza askokoak. Ikusgarriak eta ez hain ikusgarriak. Neurgarriak eta neur ezin daitezkeenak. Izan ere, nola neurtu polinizazioaren, ur garbiaren, basoen... eta haien ekarpena? Konplexutasun horri guztiari, gainera, gizakiaren eragina gehitu behar zaio: ustiapena, kutsadura...
Zenbatzeko saiakera
Ingurumenaren kontabilitatea egiteko eredu bat badago. SEEA estandar bat da. «Ehun adituko talde batek garatu zuen, arlo zehatz bakoitzaren aditu nagusiek», azaldu du Ferdinando Villak. Ferdinando Villa Ikerbasque ikertzailea eta BC3ko Aries taldeko ikertzaile nagusia da. Ekoinformatikan aditua.
«Hala ere, umilak izan behar dugu zenbatzeko orduan», osatu du Stefano Balbik. Ikerbasque ikertzailea da eta BC3ko Aries taldeko zuzendaria. «Inoiz ez dugu guztia modu perfektuan zenbatuko, baina garrantzitsua da saiatzea».
Alessio Bulckaen BC3ko Aries taldeko ikertzaileak ere berretsi du ez dela herrialde baten balio naturala neurtzeko modu perfektua, baina abiapuntu bat badela: «Orain arte erabat baztertu dira. Mundu mailako ekonomian onartutako arazoa da orain arteko erabaki politikoak diru baliotan soilik oinarrituta hartzen zirela».
Sarritan kritikatu da BPGa, barne produktu gordina, bihurtu dela herrialdeen garapena eta ongizatea neurtzeko indize nagusia, eta BPGa ekoizpenean soilik oinarritzen dela, ekoizten dena eta ekoizten denak eragiten duen kaltea aintzat hartu gabe. SEEA ahalegin bat da BPGari aurrez aurre jartzeko naturaren balioa, ekarpena eta naturaren kontsumoa. NBEk martxoan onartu zuen kontabilitate sistema berri bat, herrialdeek balantze ekonomikoetan ekosistemen ekarpena aintzat hartzeko. Horrela, ekosistemen balioa gizakien jarduerari eta ekonomiari lotu dakioke.
Villarentzat onena ez da BPGaren kontrapisu moduko bat edukitzea, natura aintzat hartuko duena, baizik eta BPGaren ordez beste indize bat izatea, natura gehiago errespetatuko duena.
Naturaren balioa neurtzeko ahaleginean aintzat hartu dituzte naturaren edertasuna, ekarpen kulturala... «Baita indigenen ezagutza ere», gehitu du Villak. Kontzeptu neurgaitzak dirudite: «Hala ere, aintzat hartu behar dira. Ezin badituzu neurtu, zer egingo duzu? Ez ikusiarena egin? Aurkitu behar dugu modua gutxi gorabeherako neurri bat izateko».
Adibide bat aipatu du Balbik. Tibeteko Kailash mendia, Himalaia mendikatean. Mendi sakratua. Han lan egin dute. «Edozein kuantifikazio eginda ere, ez da zuzena izango», nabarmendu du. «Baina egitea garrantzitsua da, paisaia hori babestu egin behar baita, eta haren balioa neurtuta, lagundu egiten diozula uste dut, erabakiak hartzean behintzat».
BC3k garatutako plataformari esker, munduko edozein herrialdek neurtu dezake bere ingurumenaren balioa eta ekarpena. NBEk ere horixe nabarmendu du, aurrerantzean herrialde guztiek izango dutela tresna bat natura neurtzeko. Berez, tresna, batez ere gobernuei eta agintariei begira egina baitago, erabakiak hartzeko orduan, naturaren balioa eta naturan izan dezaketen eragina kontuan har dezaten.
Euskal Herrian ere bai
Euskal Herrian sortua, bertako zenbait erakundek erabiltzen dute. Elkarlanean ari dira Urdaibaiko biosferaren erreserbarekin, Ihoberekin, Geoeuskadirekin...
Aries for SEEA ingurumenari buruzko ezagutza zientifikoa gobernuei eta agintariei gerturatzeko modu bat da. «Arazo globalak oso korapilatsuak dira, eta konpondu nahi badituzu, informazio asko behar duzu, jakintza arlo ezberdinetakoa eta aditu ezberdinek egina», Balbiren arabera. «Normalean, gainera, aditu horiek ez dute elkarrekin hitz egiten. Hor sartu gara gu».
Plataformaren oinarrian K.LAB teknologia dago. Horretan oinarrituta eraiki zuten Aries plataforma. Villak azaldu du: «Ariesen misioa alderdi ezberdinetako ezagutza integratzea da. Teknologia integratzailea denez, ahalbidetzen du galdera oso orokorrak eta konplexuak egitea, baina erantzuteko informazio oso ezberdina lotu behar da elkarrekin. Hain ezberdina, ezen gizakiok ezin dugu egin. Eta hor sartzen da adimen artifiziala».
Aries hainbat arlo zehatzetan erabil daiteke, baina BC3n SEEA Ingurumen eta Ekonomia Kontabilitate Sistemako galderak erantzuteko prestatu dute, kapital naturala neurtzeko eta ebaluatzeko.
Aries for SEEAk arlo ezberdinetako datuak eta ezagutza behar ditu, elkarrekin lotzeko eta emaitzak emateko, galdetutakoari erantzuteko. Aldea dago datuetan. Herrialde batzuek azterketa eta neurketa asko dituzte ingurumenari eta haren ekarpenari buruz; beste batzuek gutxiago. Zenbat eta datu hobeak, orduan eta emaitza hobea.
Hala ere, plataforma edozein eskaerari erantzuteko gai da. Datu lokalak ez dituzten herrialdeen kasuan, datu globalak erabiltzen ditu, mundu osoan egiten diren neurketetatik eta datuetatik abiatuta, sateliteek egiten dutenetatik edo nazioarteko erakundeen estatistiketatik, esaterako. «Aries teknologiaren ezaugarri garrantzitsua da egokitu egiten dela existitzen den informazio kopurura», zehaztu du Villak.
Adimen artifizialean ohikoa den moduan, machine learning-a erabiltzen du, hau da, ikasketa automatikoa eta patroiak atzemateko sistema. Baina Aries plataformak badu berrikuntza bat: machine reasoning-a ere baliatzen du, neurri batean arrazoitzeko gai da.
'Machine reasoning'
Ezagutza mota ezberdinak lotzeko eta horietatik emaitzak lortzea modua da. «Machine reasoning-ak giza adimenaren zatiak hartzen ditu, eta zati horiek esan nahi dutenari buruz arrazoituz, modu zuzenean konekta ditzake», argitu du Villak. Jakintza adar ezberdinak lotzeko modu bat da. «Horrela», jarraitu du, «ez dituzu behar guztiari buruz dakiten adituak, ez baitaude». Onartu du muga asko dituela, ezin baitu gizaki baten moduan arrazoitu.
Natura eta haren balioa neurtzeko orduan, ekonomiari lotutako terminologia erabiltzen da. Kapital naturala, ekosistemen kontabilitatea eta ekosistemen zerbitzuak, esaterako. «Arriskutsua» dela onartu du Villak, «maila berean jartzen baititu maila berean ez dauden gauzak».
Hala ere, gobernuei eta erabakiak hartzen dituztenei begira, hala egin behar dela uste du: «Lagundu egin behar diezu, gauzak aurrez aurre jartzeko moduak eskainiz».
Hainbat herrialdetan erabiltzen ari dira Aries for SEEA plataforma: Brasilen, Hegoafrikan, Indian, Mexikon, Txinan... NBEk bere egin eta gero, herrialdeak naturaren balioa neurtzera bultzatzen ari dela ikusita, erabilera are gehiago zabalduko da.
Herritarrek ere erabil dezaketela gogorarazi du Balbik. «Zientzia demokratizatzea» deitu dio, «tresnak guztien eskura jartzea».
Zientzia
Naturaren ekarpena eta balioa zenbatzeko tresna
Naturaren balioa eta egiten duen ekarpena neurtzeko eta ebaluatzeko plataforma bat sortu du BC3 Basque Centre for Climate Change ikerketa zentroko Aries taldeak. Nazio Batuen Erakundeak bere egin du. Helburua da naturaren garrantzia aintzat hartzea estatistiketan eta erabakietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu