Gaztetxeak

Polizia hesia autogestioari

Arrotxapeko gaztetxea hustu du Espainiako Poliziak, epailearen aginduz. Dozenaka gaztek protesta egin dute Iruñeko kaleetan, eta Polizia bortizki oldartu zaie. Sei manifestari atxilotu dituzte istiluetan

Gaztetxea. Zenbait gazte, Espainiako Poliziak jarritako hesiaren atzean, protestan. IDOIA ZABALETA / @FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun

Hustu, hesitu eta eraisten hasi. Dena egun berean. Iruñeko Lehen Instantziako 4. epaitegiak iraungitze data jarria zion Arrotxapeko gaztetxea hartzen zuen eraikinari, eta ez da luzamendutan ibili: abuztuko lehen egunetan eman zuten husteko agindua, eta atzo burutu zuen prozesua Espainiako Poliziak, Foruzaingoaren eta Udaltzaingoaren laguntzarekin. Sei atxilotu, zenbait zauritu, eta dozenaka identifikatu izan ziren atzoko operazioan.

Auzitegiko ordezkariak 09:00etan joatekoak ziren eraikina nola husten zuten ikuskatzera, eta gaztetxeko kideek ordu erdi lehenago egina zuten deialdia, protesta egiteko. Ordurako, baina, Poliziak hartuta ageri ziren inguruko kale guztiak. Goizean goiz elkartzen hasiak ziren gazteen datuak biltzen hasi ziren poliziak, eta, gaztetxeko kideek sare sozialetan salatu zutenez, berrogei lagun baino gehiago identifikatu zituzten, protesta hasi aurretik ere. Polizia gehienek estalita zeramaten identifikazio zenbakia; beste batzuk, berriz, kaleko jantzita ibili ziren ingurua patruilatzen, ikurrik eta identifikaziorik gabeko autoetan. Helikoptero bat ere goizean goizetik ibili zen Arrotxapeko teilatuen gainean bueltaka.

[YouTube]https://youtu.be/0ivgxHF7w_0[/YouTube]

Gaztetxeko kideek gobernu ordezkaritzaren baimena zuten protesta egiteko, baina hori ere oztopatu nahi izan zien Poliziak: elkarretaratzea Artika kalean ez, urrunago egin behar zutela esan zieten, eta atzera egiteko agindu, Marcelo Zelaieta etorbideraino.

09:00etan heldu zen sarraila enpresako behargina. Ordurako, urrun aditzen ziren gazteen protestak, polizia hesiaren bestaldetik. Gaztetxeko atea ez ezik, aldameneko tailerrekoa ere ireki zuen sarrailariak. Espainiako Poliziaren asmoa zen ate guztiak botatzea, hondeamakinak eta makina zulatzaileak sartu ahal izateko. Ordu horretan, ordea, zurrumurrua zabaldu zen sare sozialetan: hiru pertsona gaztetxearen barruan ezkutatuta egon zitezkeen, hormigoiz itxitako gelaxka batean. Argazki bat eta bideo bat ere igorri zituzten, ustez une horretantxe eraikin barruan eginikoak. Bolo-bolo ibili zen kontua Whatsapp taldeetan.

Horrek bide orria aldarazi zion Poliziari: eraikuntza enpresa bateko behargin gehiago etorrarazi zituzten, eraikin barruko pareta, hesi eta babes guztiak eraiste aldera. Zerrak eta mailuak ere ekarri zituzten, barruraino sartzen saiatzeko, eta Foruzaingoko GIE Esku Hartze Berezietarako Talde espezializatuko kideak ere bertaratu ziren, maskara beltzak jantzita eta ekipamendu bereziarekin. Erreskate lanetarako prestatutako zakur bat ere eraman zuten, hiru gazteak aurkitzeko. Ez zuten lortu: bi orduko miaketaren ostean, eraikina «hutsik» zegoela ondorioztatu zuen Poliziak. «Sare sozialetan zabaldu dituzten argazki horiek faltsuak izanen ziren, edo zaharrak, aurreko egunetan grabatutakoak. Irudietan ikus daitekeen gela bunkerizatu horretan egon gara, eta hutsik dago erabat. Irudi horiek ez dira gaurkoak», adierazi zuen Javier Goyak, Iruñeko Udaltzaingoko buruak, operazioaren bukaeran.

Oldarraldia eta istiluak

Kolore guztietako poliziak gaztetxera sartzen ahalegintzen ziren bitartean, gero eta gazte gehiago ari ziren Marcelo Zelaieta etorbidean pilatzen. «Gaztetxetik ez dira pasatuko!» eta «gaztetxea, gure etxea!» oihukatzen zuten, besteak beste. Manifestarietako batzuek suziri eta petardo txikiak jaurti zituzten lurrera, kalterik eragin gabe. Handik minutu gutxira, eraso egiteko agindua jaso zuten Espainiako poliziek, eta manifestariei oldartu zitzaizkien, pilota jaurtigailu eta borrekin.

Jaurtigailuen lehen danbatekoak entzun orduko, ihesean hasi zen jende oldea, eta zenbait gazte lurrera erori ziren, elkarrekin tupust eginda. Lurrean zirenetako bat jotzeari ekin zioten poliziek orduan. Belauna lepo gainean jarrita immobilizatu zuten, inguruko bizilagunen protesten eta atxilotuaren oihuen artean. «Geldi! Itoko duzu! Mina ematen diozula! Gelditzeko, ostia!», oihukatu zien emakume batek agenteei. Inguruan kazetariak eta bizilagunak pilatzen ari zirela ikusita, gaztea altxarazi eta furgonetara eraman zuten, atxilo.

Protestariak auzoan zehar sakabanatu ziren, Poliziarengandik babesteko, baina kontrol ugari jarriak zituzten inguruetan. Pilotakaden hotsen oihartzuna entzun zitekeen han-hemenka. Gazteetako batzuk Arrotxape ondoko zelaietara ihesi joan ziren, eta han atzeman zituzten.

Inguruko istiluen ostean, sei atxiloketaren berri eman zuen Espainiako Gobernuko Ordezkaritzak: manifestari bat Marcelo Zelaietako oldarraldian, eta beste bost inguruko kaleetan. Espainiako Poliziak General Chinchilla kalean duen komisariara eraman zituen atxilo. Gaztetxearen aldekoek elkarretaratzea egin zuten polizia etxearen aurrean, atxilotuei babesa adierazteko. 20:00etan, berriz, manifestazioa egin zuten Arrotxapean.

Tiraderan zegoen plana

Iruñeko Udalak oharra bidali zuen atzo goizean, gaztetxea «istilurik gabe» hustu zela adierazteko —arratsaldean, beste bertsio bat bidali zuten, esaldi hori kenduta—. Eraikina hustu eta eraitsi ostean, udalak «eremuaren urbanizazioa burutu ahalko duela» nabarmendu zuten oharrean. Zehazki, etxebizitzak eraiki nahi dituzte, bai Arrotxapeko gaztetxearen eraikinean, baita aldamenekoetan ere. Abandonatutako lantegi eta tailerrak dira gehienak, eta udala bera da horietako baten jabea.

Oharrean, baina, udalak aitortzen du hirigintza plan hori 2007an onartu zutela. Duela hamalau urtekoa dela, alegia. Azken hamarkadetan, hutsik egon dira eraikin horiek, 2016ko irailean gazteek okupatu zuten arte. Hortaz, hamarkada oso batez tiraderan gordetako plana berreskuratu nahi izan du udalak orain.

2016ko irailetik, hiru epaiketa egin dituzte gaztetxeko kideen aurka, eta, gaztetxeko batzordeak salatu zuenez, «40.000 eurorainoko kostu judizialak» erreklamatzen zizkien akusazioak. Azkenean, akordio bat lortu zuten, kopuru hori murrizteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.