Azaroaren 25a, egun berezia? Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko eguna. Agian, data bereziak behar dira gure gizartean gertatzen diren zenbait jokabideren gainean argia jartzeko, agian bai. Egun berezia litzateke, bai, egun horretan inongo emakumek, inon, jazarpenik jaso izan ez balu behintzat. Zoritxarrez, ziur nago ez dela horrela izan. Niretzako bai, egun berezia izan zen, ikasleek nahi gabe egin zidaten opariarengatik.
Koka gaitezen: osteguna, esan bezala azaroaren 25a, eguerdia, eguneko azken saioa DBHko 4. mailako ikasleekin. Lehen ebaluazioari amaiera emateko, hiruhileko guztian zehar bizitutakoaren ondorioak partekatzeko erabiltzen dugu azken saioa. Taldeko gogoeta orokorraren ondoren, ikasle bakoitzarekin banaka elkarrizketan aritzen naizen bitartean, beste ikasleak nahi duten horretan aritu daitezke. Taldetxo edo gizabanako bakoitzaren nahien arabera, ikasleek antolatzen dute zein material behar duten eta dugun espazioa nola partekatzen duten. Ikasle hauen kasuan, egia esan, ez dute laguntzarik behar izan ondo konpontzeko. Futbolean aritu nahi zutenek kantxaren erdia hartu dute, eta kopuruz antzekoa zen beste talde batek, beste kantxa erdia. Bai, Heziketa Fisikoko saioa da; ez, gimnasia ez, Heziketa Fisikoa.
Ikasle bakoitzarekin ebaluazioaren gorabeherei buruz hitz egiten ari nintzela, ohikoak diren mugimenduez konturatu naiz: ikasle batzuk jarduera batekin hasi eta gero beste batean murgiltzen joan ohi dira. Hasierako bi multzo nagusiak horrela eratu dira: batetik, futbolean mutilak, eta, bestetik, neskak baloi-eseria deituriko jokoan. Maiz izaten da neskaren bat edo batzuk futbolean ere, eta beste askotan aritzen dira denak elkarrekin jokoren batean edo bestean, lehenik, eta, gero, denak futbolean; baina atzo, bi multzoak generoz homogeneoak ziren.
Ba, nire harrigarri, saioa neskek eta mutilek elkar joka bukatu dute. Bai, neska eta mutil guztiak baloiekin elkar joka, elkarrekin baloi-eserian jokatzen. Joko horretan urte hauetan guztietan maiz ibili bagara ere, eta beti barre eta algara ugari izaten badira ere, ez da ohikoa izaten «libre» uzten diedan saio bakar horretan gela osoa bere borondatez elkarrekin baloi-eserian aritzea. Eta niretzat behintzat pozgarria izan da. Burua altxatu, baloiak hegan batetik bestera, baloiarekin elkar jotzen, lehia bizian bai, baina baita elkar salbatzen, elkarri traizioa ere egiten, baina irribarrea galdu gabe. Zeren eta... «joko bat besterik ez da», edo hobe esanda «a ze jokoa!». Momentu horretan ez ziren neskak eta mutilak; barkatu, hori ez da zuzena, momentu horretan neskak eta mutilak ziren bai, elkarrekin, neska edo mutil izateari erreparatu gabe. Joko estrategiaren momentuaren araberako jokabideak zituzten eta ez generoaren araberakoak.
Zaila da hori bera beste ezaugarri batzuetan oinarritzen diren joko edo jarduera fisikoetan gertatzea, futbolean kasurako. Gure kultura fisikoa osatzen duten jarduera fisikoen artean aniztasuna zabala da, baina, gaur egun, kirol modernoa deituriko ereduko jarduerak dira nagusi batez ere. Horietan, parte-hartzaileen errendimenduen konparaketa da ardatz nagusia, eta, beraz, joko egiturek helburu horretarako baliagarriak behar dute izan: zein den azkarrena, indartsuena, iraupen handiena duena... zein den hoberena, alegia.
Konparaketaren egarria aseezina izanik, munduko toki guztietan zehar gertatzen diren kirol errendimenduak eta baita garai ezberdinetan emandakoak ere alderatzen dira marka eta errekorren bidez. Hori ezinezkoa litzateke zenbait jarduera fisikoetan: zein izan da baloi-eserian marka hoberena egin duena? Mendi ibilaldi batean beharrezkoa al da konparaketa? Errendimenduak konparatu ahal izateko, jarduerak molda genitzake, noski, eta adibidez mendi-txangoa mendi-lasterketa bilakatu, baina jada ez litzateke txoria izango.
Argi dago jarduera horietan parte-hartzaileek dituzten jokabideak gizartearen isla izan ohi direla, eta, beraz, gure kultura fisikoan, gizonezkoen ezaugarri fisikoetan oinarrituriko jardueretan errendimenduak konparatzen baditugu, betiere batzuk besteen gainetik agertuko dira. Lehen ez bezala, orain onartzen hasi gara emakumezkoek ere jarduera horietan aritu daitezkeela, eta maila izugarria erakusten dute gainera; baina markak gizonezkoen «azpitik»... Zein da munduko kirolaririk onena? Zenbatek pentsatu duzue emakumezkoren batean?
Galdera asko sortzen zaizkit, baina funtsean erantzun bakarra: gure gizartean, kirola kultura fisikoaren eredu bakartzat sustatzen dugun bitartean (beste eredu batzuk gutxietsita), zaila izango da gure arloak hezkidetzan laguntzea. Ez dut uste eredu jakin bat baztertu behar denik, eredu anitzak proposatu, ezagutu eta biziarazi beharko genituzkeela baizik.
Beraz, bai, azaroaren 25a egun berezia izan zen niretzat, ikasleek elkar joka irribarre eta jokabide aski politak oparitu zizkidatelako nire urtebetetze egunean.
Neskak eta mutilak elkar joka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu