Urtero bezala, Gabon gauean hitza hartu zuen Felipe VI.a Espainiako Erregeak, Gabonetako hitzaldia emateko. Atzo iritsi ziren alderdi politikoek hitzaldiaren gainean egindako lehen balorazioak; EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu haserre agertu ziren. Alderdi Popularrak, ordea, erregeak konstituzioari emandako «babesa» goraipatu zuen.
Aitor Esteban EAJko diputatuak «nazio auzien sentimendua» eta lurralde auzia «existituko ez balira bezala» jokatzea leporatu zion erregeari. Felipe VI.ak esandako esaldi bat azpimarratu zuen Estebanek: «Esaldi bakar bat, oso laburra eta oso zehatza esan zuen, ordezkari instituzionalek garbitasun publikoaren eta moralaren eredu izan behar dutela adieraziz».Estebanen ustez, halako hitzek ez daukate sinesgarritasunik: «Halako esaldiak bere aitak ere errepikatzen zituen bere urteroko diskurtsoan, eta ikusi dugu zertan zebilen».
EH Bilduk ere eman zuen hitzaldiaren inguruko balorazioa. «Esan ez duenak garrantzi handiagoa hartzen du esan duenak baino», adierazi zuen atzo Mertxe Aizpurua diputatuak. Salatu zuen Espainiako erregeak ez zuela hitz egin errege etxearen inguruko ustelkeria kasuez, eta, horren ordez, «gizatasunaz» eta «duintasunaz» hitz egin zuela. «Justu berak hori esateak ironia puntu bat dauka». Espainiako erregeak egin zuen beste aipamen bat ere azpimarratu zuen: «Nondik gatozen kontuan eduki behar dugula esan zuen erregeak, eta guk ondo dakigu nondik datorren monarkia hau: frankismotik».
Ahal Dugu-ko Juantxo Lopez de Uraldek ere azpimarratu zuen «diskurtso hutsa» izan zela erregearena: «Hitzaldiarekin, arrazoia eman zigun monarkia maldan behera doala pentsatzen dugunoi. Lehenago edo geroago, errepublika ezarriko da».
Carlos Iturgaitz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPko presidenteak, ordea, adierazi zuen erregeak «konstituzioaren aldeko defentsa» egin zuela. Gaineratu zuen konstituzioaren sistema «hautsi» nahi duten horiek «beti galtzaile» irtengo direla.
Koroaren sinesgarritasun falta salatu dute alderdiek
EAJk, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k gai garrantzitsuak saihestea leporatu diote Espainiako erregeari. PPk «konstituzioaren defentsa» txalotu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu