'Barrura begiratzeko leihoak' ETBn eman izana salatu dute PSEk eta PPk

EITBk «iritzi askearen eremuan» kokatu du lana.Jaurlaritzak dio ez dela programazioan sartzen

Barrura begiratzeko leihoak filmeko bost zuzendariak, 2012ko iraileko irudi batean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2015eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Joan den igandean eman zuen telebistaz aurrenekoz ETB2k Barrura begiratzeko leihoak filma, aparteko oihartzunik gabe. Zalapartarik gabe. %5,7ko ikusle kuota izan zuen. Bi egun geroago, ordea, PSE-EEk, PPk, UPDk eta Covite kolektiboak gogor jo dute EITBren eta Jaurlaritzaren aurka, lanaren emanaldia dela eta. EITBko zuzendaritzak gogorarazi du ETBk ez zuela proiektuan parte hartu.

Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri azalpenak eskatu dizkiote PSE-EEk eta PPk. Sozialistek hainbat galdera erregistratu dituzte Jaurlaritzarentzat. «Onartezina da hilketetan, krimenetan edo mehatxuetan kolaboratzeagatik zigortuak izan direnak preso politikotzat jotzea, eta ETBk haiek aurkeztea egin zituzten atentatuak aipatu gabe», adierazi du PSE-EEk. Jonan Fernandez Bake eta Elkarbizitza idazkari nagusiari ere mintzatu zaio alderdi sozialista. PPren arabera, filma emateak «ETAren historia kriminala zuritzeko estrategia laguntzen du». Lana «deitoragarritzat» jo du PPko Laura Garridok: «Herritarrei iseka egiten die». PPk galdera bat erregistratu du, Urkulluk Eusko Legebiltzarrean esan dezan dokumentaleko presoak politikotzat jotzen dituen ala ETB gaitzesten duen. UPDko bozeramaile Gorka Maneirok ETBren «beste manipulazio bat» salatu du, «berriz ere ETAko kideen zerbitzura jartzegatik eta ikuspuntu gizatiar batean aurkezteagatik». Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiaren agerraldia eskatu du legebiltzarrean.

Covite Terrorismoaren Biktimen Elkarteak ere dokumentala gaitzetsi du, eta Iturberen dimisioa eskatu du, filmean «ETAko presoak biktimatzat aurkezteagatik». Coviteren arabera, ez da lehen aldia EITB «agerian» gelditzen dena, «terrorismoari ematen dion trataeragatik».

Eusko Legebiltzarreko talde politikoen artean EH Bildu izan da EITB defendatu duen bakarra. Koalizioaren arabera, ETBren aurkako «erasoek» agerian utzi dute berriro alderdi batzuek errealitate batzuk «ezkutatu» nahi dituztela. «EITBk errealitate guztiak erakutsi behar ditu, gordinak, mingarriak eta deserosoak izan arren, bat ere ezkutatu gabe», esan du EH Bilduko legebiltzarkide Unai Urruzunok.

Jaurlaritza eta EITB

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak gogorarazi du filma egin zenean EAJ ez zegoela gobernuan. «Jaurlaritzak ez du dokumentalaren lanketan parte hartu. Eta Jaurlaritza ez da sartzen ETBren programazioan; Jaurlaritzak ez du baldintzatzen saio bat ala beste bat ematea», gaineratu du Erkorekak. EH Bilduk «penagarritzat» jo du Erkorekaren erantzun «epela».«EITBri babes osoa eman beharrean, dokumentala ematea egoki dela adierazi beharrean, sekulako epelkeriaz jokatu du. Barkamena eskatzea falta izan zaio bakarrik», esan du EH Bilduk.

Eusko Legebiltzarreko zenbait alderdik filmaren emanaldiagatik egin duten gaitzespenari erantzuna eman dio EITBko zuzendaritzak. «Komunikabideek, erakundeek eta gizarteak itzulingururik gabe arbuiatu dugu indarkeria. Edonola ere, bost euskal zuzendarik egindako dokumentala iritzi askearen eremuan kokatu behar da». Zuzendaritzak gaineratu du dokumental hori edo beste batzuk emateak ez duela esan nahi EITBk eduki guztiak «kritikarik gabe» onartzen dituenik.

EITBren Legearen 3. artikuluari erreferentzia eginez, nabarmendu du talde publikoak «modu aktiboan» parte hartzen duela indarkeriaren zilegitasunaren aurka gizartea ohartarazteko ahaleginean. «Tolerantziaren, askatasunaren eta aniztasunaren balioak zabaltzen ditu».

EITBren 2013-2016ko plan estrategikoaren arabera, «ETAk eragindako eskubideen urraketaren ondoren, garai berri bat dago, eta bakea eraikitzeko balio behar du garai horrek». Baita «elkarbizitza zuzendu eta normalizatzeko, memoria eta biktimen duintasuna zaintzeko eta egindako mina onartzeko» ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.