Durangoko Azoka

Aurtengo etena betikotzeko kezkarekin

Lehendik ere ez zegoen onenean, eta pandemiak zuzenean erasan dio euskal kulturari. Durango kultura horren plaza eta ikur garrantzitsu bat da. Plaza aldaketari kezkaz begiratzen diote sektoreko hainbat eragilek.

Jendetzarik ez. Aurten ez da errepikatuko iazko hau bezalako irudirik, Landako jendez gainezka erakutsiz. M. RAMIREZ / FOKU.
Ane Eslava - Amagoia Gurrutxaga Uranga
2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Durangoko Azokan aurten erakusmahaiak ez izatea gauza bat da; beste bat, Landakoren bueltan sortzen den arnasgunea galtzea, arnasgune horrek urtero euskal kultur sistemari ematen dion hauspoa ez betetzea. Hala nabarmendu dute Durangon urtero egon ohi diren eragileek.

LOREA AGIRRE Jakin

«Bide berriak asmatu beharko dira hau luzatzen bada»

Jakin beti egon da Durangoko Azokan, lehenengo alditik orain arte, hutsik egin gabe, eta, azoka lehenengo aldiz egin zenean, eragile ere izan ziren Jakin-ekoak. Anekdota baino zerbait gehiago da guretzat, beraz, aurten fisikoki han ez egotea. Gure presentzia azokan, askotan, ez da izan arrazoi komertzialek agindutakoa, baina merkatuaren puntua ere inportantea da, merkatu horretatik bizi baita euskal kultura, eta bizi bedi.

Euskarari eta euskal kulturari atxikimendua adierazteko topaleku egoki eta sinboliko handi bat ere bada azoka. Nire intuizioa da salmentak aurten jaitsi egin daitezkeela, baina errazagoa izango da salbatzen arlo hori, segur aski, badirelako merkatuan egoteko bide gehiago ere. Konplikatuagoa da topaketa horren kapital sinbolikoa eta balio pertsonal eta komunitarioa berreskuratzea. Non topatuko garen, non hartuko ditugun plazak eta non egongo garen aurrez aurre, hori da momentu honetan asmatu behar dugun kontu bat, gizarteko arlo guztietan; bereziki, euskararen eta euskal kulturaren arloan. Kasu honetan, asko galduko da. Urte bakarreko kontua bada, gaitz erdi.

Bide berriak asmatu beharko dira, hau luzatzen bada. Uste dut oso kontuan hartzekoa dela Ahotsenearen proposamena: Durangon bertan ekitaldi batzuk egingo ditu, baina denboran eta espazioan deszentralizatzen saiatu da, Euskal Herriko leku diferenteetan agerpenak izaten, aurrez aurrekoari eusten —adibidez, Literaturian—. Bide bat erakusten digu, agian.

PELLO ELZABURU Pamiela

«Komunikazioan ahalegin bat egin beste aukerarik ez daukagu»

Argitaletxe egonkortuontzat, nolabait esateko, hilabete bateko fakturazioa suposa dezake Durangok; gure hamahirugarren hilabetea litzateke, beraz —hau da, fakturazio osoaren %8-10—. Urteren batean azokan liburu bat izugarri saltzen bada, fakturazioaren %15eraino igo daiteke proportzio hori. %10-15 hori galtzea, gure liburugintza munduan, galeretan sartzea da. Durangon saldutako liburu bakoitzeko, gainera, editorialak gehiago irabazten du, bitartekariei ezer ordaindu beharrik ez baitago: Durangon liburu bat saltzea da zirkuitu normaletik halako bi edo hiru saltzearen pareko.

Liburugintza sektore osoa dago kolokan oraintxe bertan, eta formulak bilatu behar ditugu. Jendeak ez duenez Durangora joaterik, pentsatu dezagun Durango herri bakoitzean egitea, liburu dendek hartuta protagonismoa, liburu denda dagoen herrietan bederen. Komunikazioan ahalegin bat egin beste aukerarik ez daukagu. Gure konfiantza da Durangok mediatikoki behintzat izango duela eragina jendearengan, asmatzen baldin bada behintzat. Hori baita Durangoko Azokaren beste onura bat, eta oso inportantea: erdaldun peto-petoak diren hedabideek ere orrialdeak eskaintzen dizkiete euskal egileei eta lanei. Hori mantendu behar dugu, gutxienez.

Erdi brometan esan genuen ekainean, hurrengo udaberrian geure buruari autopsia bat egin beharko diogula, bizirik ala hilda gauden ebazteko, eta halaxe gaude. Garai larriak datoz. Eustea tokatzen da orain.

IDOIA GONZALEZ Erein

«Aurten ez da izango, nire ustez, aurrez aurreko edizioetako salmentarik»

Gainontzeko alorretan hainbeste jende biltzen duten ekimenak moldatu diren bezala, espero izatekoa zen Durangoko Azoka ere bertan behera uztea, neurri batean. Gogorra da. Gertutasunean galdu egingo dugula, argi dago. Salmenta ez gainontzeko ia guztia bertan behera gelditu da, horrek esan nahi duen guztiarekin.

Aurten egingo den azoka birtual horretan liburuak eta diskoak erosteko aukera egongo da, baina aurreikus daiteke, nire ustez, ez direla izango aurrez aurreko edizioetan izaten ditugun salmenten parekoak. Nahiago nuke azoka bukatzean sorpresa hartzea, baina ez dut uste.

Pandemian egonik ere, liburuak ateratzen jarraitu dugu guk, argitalpen planaren arabera, baina ikusi beharko dugu datorren urtean nola gauden.

PATXI GOÑI Gor

«Jendeari 'kuxkuxeatzea' gustatzen zaio, eta hori ezingo du egin aurten»

Durangoko Azoka fisikotik birtual edo digitalera dagoen alde nagusia zera da: fisikoki bertaratutako askok egun horietan Durangora eramaten ditugun edizioak eta katalogo sakoneko material guztia errepasatzen dutela. Durangokoak dira urte osoko egun bakarrak gure katalogo guztiak erakusten ditugunak: antzinako materiala, merkealdiak, aukerak, eta, kasu batzuetan, ahaztutako formatuak, hala nola binilozko singlea eta kaseteak. Jendeari horiek gogoratzea eta kuxkuxeatzea gustatzen zaio, eta hori azokaren formatu digitalarekin ezin izango da egin; 2021era arte, espero dut. Autore, musikari edo idazleekin sortzen den kontaktua ere ez da posible izango.

LEIRE LOPEZ Susa

«Durangon saltzen denaren parte bat ez da handik kanpo saltzen»

Harrituta gaude prentsaren bidez jakin dugulako aurten ez dela stand-ik egongo Durangoko Azokan. Esana ziguten zail zegoela kontua, baina baieztapen ofizialik ez dugu izan gaur arte.

Azokak bi alderdi ditu gutxienez. Bada, batetik, argitalpen etxeek eta sortzaileek euren lanak plazaratzeko gune bat. Oraindik ikusteke dago azoka birtualak zer tamaina hartuko duen, baina ziurrenik kalte ekonomikoa ekarriko du aurrez aurrekoa ezin egiteak, bereziki Durango salmenta plaza nagusitzat dutenei; hainbat proiektu txikiri, adibidez, edo diskoa saltzeko gune nagusitzat azoka duten musika taldeei. Durangon saltzen denaren zati bat ez da handik kanpo saltzen. Guretzat kolpe ekonomikoa izango da salmentaren portzentaje bat galduko dugulako. Urteko salmentaren %15 inguru izaten da Durangokoa guretzat. Inportantea da, dudarik gabe. Dena dela, lehenago esan bezala, handiagoa izango da kolpea Durangoko Azokan urteko salmentaren portzentaje handia biltzen dutenentzat.

Azoka bada besterik ere, baina. Kontzertuak daude, liburu aurkezpenak, bestelako azokak herrian, lagunekin elkartzeko aukera, juntadizo politikoak... Eta, alde horretatik, pena handia da euskal kulturaren topagune bat galtzea; ez ditugu sobera.

Topagunea berreskuratuko da datorren urtean, baina proiektu askorentzat aurrez aurrekoa urte batean ez egitearen kolpea gainditzea zaila izan daiteke.

JAVI MANTEROLA Bidehuts

«Azokakoa beste kolpe bat da bizitzen ari garen egoera honetan»

Bizitzen ari garen momentu honek geldiarazi gaitu. Dena airean dago. Gure kasuan, elkarte bat gara eta ez gara honetaz bizi, baina dinamika guztiak geldiarazi ditugu,eta disko asko ari dira atzeratzen; jendeak beste etorkizun bati begira planeatzen ditu ekoizpenak. Beraz, azokakoa beste kolpe bat da egoera honetan.

Gure kasuan, lasaiago ikusten dugu azokakoa, ez garelako honetaz bizi. Baina imajinatzen dut batzuentzat kristoren kolpea izango dela, asko suposatuko duela haien aurrekontuan. Gure kasuan, nabarituko dugu salmentetan, adibidez, gure lokalaren urteroko alokairua azokako etekinekin ordaintzen dugulako; aurten, gerrikoa estutu eta aurrera jarraitu beharko dugu. Oso umilak gara gure asmoetan, eta horrela jarraituko dugu.

Sektore honek berez dauka zaila aurrera egiteko, oraindik hemen oso barneratuta dagoelako kultura dela aisialdi modu bat; askok ez dute uste lanbide bat denik, bizitzeko modu bat. Bada jende bat, aldi berean, uste duena kultura ezinbestekoa dela eta aurrera jarraitu behar dela, eta poztekoa da.

OLATZ OSA Elkar

«Egokituta, eraldatuta, azalberrituta, baina eutsi behar diogu azokari»

Hiru ezaugarri nabarmen ditu Durangoko Azokak: plaza da batetik, sortzaile, kulturgile eta kulturzaleen topagune ezinbestekoa; merkatua ere bada, kultur ekoizpena saldu eta erosteko gunea, arnasgunea ekoizleontzat; eta ikusgarritasuna ere bada, euskal kulturaren erakusleiho eta bozgorailu nagusia. Ondorioa garbia da: sortzaile, kulturzale eta kulturgileok eutsi egin behar diogu Azokari, egokituta, eraldatuta, azalberrituta, baina eutsi. Pandemiaren eraginez «aurtengoagatik» azoka bertan behera uztea ez da aukera bat, eta, beraz, irteera bakarra dugu: aurtengo azokak izango dituen ezaugarrietara egokitu eta aurrera egitea. Gerediaga elkartea egiten ari den ahaleginaren parekoa egitea dagokigu gainerakooi, izan sortzaile, kulturgile edo kulturzale.

Desafioa da Durangoko Azoka atipiko eta konplikatua, ez dago zalantzarik, baina benetako erronka gainerako 360 egunetan euskal kulturaren plaza, merkatua edota ikusgarritasunik eza iraultzea da. Hala zen pandemia aurretik, eta areagotu egin da premia pandemian zehar, garbi ikusi dugunez. Aspaldi aldarrikatu eta eskatu genituen egundo iritsi ez diren Estatu itunak eta kultur politika eraginkorrak; erabakiak eta baliabideak. Errezeta zein den ikasi dugu dagoeneko: osasun sendoa duenak soilik eutsiko dio enbatari, bakoitzak beretik eta dagokigun erantzukizunez hartu behar ditugu neurriak, ezinbestean, berandu baino lehen.

UBANE UZIN Gaztelupeko Hotsak

«Zenbat ekoizlek iraun ahalko du egoera berrira moldatu bitartean?»

Hamarkadetan eratu den sistema baten amaiera izan daiteke aurten Durangoko Azoka soilik formatu digitalera pasatzea. Musika formatu fisikoan gaur egunean zuzeneko emanaldietan saltzen bada ere, Durangoko Azoka izan da betidanik euskarazko musika ekoizleentzako arnasgune. Baita liburu editore eta euskal kulturako beste eragile batzuentzat ere.

Disko askok arazoak dituzte dendetan tokia izateko, eta Durangoko Azoka izan da autoekoizpen askorentzako ikusgarritasuna lortzeko modu bakarra. Zenbat ekoizlek iraun ahal izango dute egoera berrira moldatu eta doitu bitartean? Zenbat proiektu geratuko dira egoera hau jasan ezinda? Joan den martxoan izan zuten azken zuzeneko emanaldia talde askok, kontzertu aretoak itxita daude...

Musikak urteak daramatza krisiak saihesten. Euskarrien aldaketak, 2008an izan zen krisi ekonomikoa... Paradigma aldaketa baten aurrean gaude. Izango al du tokirik gurean euskaraz ekoiztutako musikak? Kultur eraldaketa aldaketa digitalaren gakoa izanda, posible izango da euskaraz bizirautea? Eta euskaraz ekoitzitako musikarentzat? Aldaketek beti sortzen dute larritasuna, baina gure inguruan gertatzen diren aldaketekin batera berrasmatzen joan behar da eta Gerediagak asmatuko du. Bitartean, Eusko Jaurlaritzak zein aldundiek milaka lanpostu sortzen (eta galdu) dituen musika sektorearentzat daukaten erreskate plana ezagutzen joatea ez legoke gaizki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.