Koronabirusa

«Musukoak bai, besarkadak ere bai»

Kezkaz eta beldurrez hasi dute ikasturte berria Hernaniko haur eskolan. Haurreskolak partzuergoak prebentziorako neurriak helarazi bai, baina horiek betetzeko baliabiderik eman ez dizkietela salatu dute.

Hernaniko haur eskolan atzo, haur bat barrura sartzen. JON URBE / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
Hernani
2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Lehen eguna haur eskolan izan zuen atzo Telmok. Amonaren eskutik irten zen geziz markatutako bidean zehar kalera, pozik lehen egunarekin. Amak, Naroa Perezek, ordea, kezka du nagusi. Hasi berri den kurtsoak ekarriko duenak kezkatzen du Perez: «gehienbat, hau ixten badute, haurrarekin zer egin?». Ez da bakarra.

Hernaniko (Gipuzkoa) haur eskolako hezitzaileek beraiek ere «urduritasun handiz» eman diote ongietorria irailari. Gel hidroalkoholikoa eta maskarak ohiko bihurtu dira haien artean; haur eskola osoan jarri dituzte geziak, sarrera eta irteera bereizteko; eta gelak mugatu dituzte, talde desberdinetako haurrek harremanik izan ez dezaten. Baina, hala ere, beldur dira: kutsatzeak agertuz gero zer egingo duten. Errudun sentituko direla diote, gurasoek zer esango duten kezkatzen dituela. Hala adierazi diote BERRIAri Haurreskolak partzuergoko Hernaniko langileek.

Uztailean heldu zitzaien partzuergoak bidalitako prebentziorako kontingentzia plana. Nuria Barba Ojuel hezitzaileak dio zehaztutako neurriak «oso onak» direla, hori pentsatu zutela plana irakurtzean. Ratioak jaistea, gelak banatzea, eta haurrek erabilitako objektu ororen etengabeko garbiketa. Iraila heldutakoan bestelako sentsazioa izan zuten, ordea, Barbak eta Aloña Amuartek: «Zentro bakoitzak bere ahalmenen arabera ezarri ditu neurriak. Partzuergoak ez du baliabide berririk jarri neurri horiek ezartzeko; ez du langile gehiagorik kontratatu, baina ezta diru sarrerarik eman ere, egoera gaizki dagoela eta».

«Inprobisazioa»

Informazio falta ere salatu dute bi hezitzaileek. Adierazi dute Hezkuntza Sailak hartutako neurrien berri komunikabideetan izaten zutela, eta gehitu dute inprobisatzen ibili diren sentsazioa dutela: «Martxoan ez zegoen jakiterik zer gertatuko zen, baina irailean gaude, eta zer gerta daitekeen aurreikusi beharko lukete».

Zenbait haur eskolatan matrikulazioek behera egin dute, gurasoen lan egoerak, edo egoera ekonomikoak beren haurren kargu egiteko modua eman dietelako. Nuria Barbak uste du beste batzuen kasuan beldurra ere izan daitekeela: beren seme-alabak horrenbeste haurrekin batzeko beldurra. Perezek, berriz, horrelakorik planteatu ere ez dutela egin dio; duten aukera bakarra dela, eta haur eskola itxiko balitz orduan izango lituzketela komeriak, ez baitute haurra norekin utzi.

Kezkak eta beldurrak aparte, ordea, ilusioa ere nabaritzen zaie hirurei. Haurrekin lanean hasteko irrikan daude Barba eta Amuarte. Neurriak zorrotz beteko dituztela diote, haurrek ukitutakoa garbitu, eta taldeak batu ez daitezen ahaleginduz. Baina argi dute beren lana zaintzatik haratago doala, beraiek hezitzaileak direla. Eta haurren garapen afektibo, emozional eta intelektualean ezer beharrezkoa izatekotan horixe bera dela: harreman pertsonala. Barbak gaineratu du kontu handiz ibiliko direla, baina beren funtzioa ahaztu gabe. «Musukoak egongo dira, baina besarkadak ere bai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.