U-30. Pentsiodunak

Astero irekitzen den aterkia

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak bi urte daramatza asteartero bilera irekia egiten herri eta auzoetatik doazen ordezkariekin. Horietako batean izan da BERRIA, eta asko hitz egin da grebaz.

Pentsiodun bat hitz egiten, bilerako eztabaidetako batean. Atzean, mahaian, hiru moderatzaileak. M. RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Ea, zeinek joan nahi du pankartan?», galdetu du moderatzaileetako batek. Oihu egin behar izan du kasu egin diezaioten, jendea ozen ari baita hitz egiten: «Bi pertsona behar ditugu pankarta bateraturako, eta hamahiru gurea eramateko. Gurea izango da bigarrena, eta manifestazioaren buruan pentsiodunak joango gara». Urtarrilaren 30eko greba orokorreko Bilboko mobilizazioaz ari da. Haren prestaketa izan da denbora gehien hartu duen puntua Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko (BPM) asteroko bileran. «Herrietan, mugimenduaren hasieratik dagoen jende asko dago, bilera hauetara etortzen ez dena, eta gustura eramango lukete pankarta». Emakume batek egin du proposamena, eta aho batez ondo onartu den bakarretakoa izan da. Izan ere, grebaren ingurukoek tenperatura igo dute, baina eztabaida gogorrenak duela aste batzuk igaro ziren.

Asteazken goizak zaratatsuak dira La Bolsa eraikinean, Bilboko Zazpikaleetan. 10:00etan dute hitzordua pentsiodunek, eta laurogei elkartu dira —hirurogei emakume eta hogei gizon—. Asteroko errutina da duela bi urte BPMa martxan jarri zutenetik, eta bildutakoen adinaren batez bestekoa, nola ez, 65 urtetik gorakoa da. Bilera gidatzea Jon Fano, Andrea Uña eta Victor Etayoren pazientziaren ardura da, mintzaldiak antolatu eta gai ordena bideratzen baitute. Mugimenduaren ikur diren zapi gorriak ere lor daitezke bertan, euro batean. 7.000 saldu dituzte bi urtean. Aterki bat ageri da zapietan, azpian jendea bildu eta babesten duen metafora. Tira, mugimendua urtarrileko eguraldi petralarekin sortu izanak ere inspiratuko zituen.

Bilerako kide asko herrietako elkarteen izenean doaz. Sodupekoak albiste onak ekarri ditu. «Harrigarriki, astelehen honetako bilkura oso handia izan zen, jende berri asko gerturatu zen». Greba prestatzen dabiltza, eta herriko merkatarien elkarteak deialdia babestuko duela esan die. Zaldibarkoak, aldiz, beste tonu bat du. «Jende kopurua pixka bat jaitsi da, hotzarengatik agian. Dendari eta tabernariekin hitz egin dugu, eta askok ez dute egun osoz ixteko asmorik». Balmasedan, aldiz, alkatea bilerara joan zen. Durangon, institututik deitu zituzten hitzaldia emateko, eta jende asko bildu zen. Basaurin «barne gatazkak» dituzte, eta greban ez dira pentsiodunen mugimenduaren izenean irtengo.

Multzo zabala da: Galdakao, Sestao, Iurreta... eta Urdaibai. Anamari Ordoñez Urkullu da ordezkaria. «Nik, zorionez, pentsio ona dut, baina Gernika aldean badago gaizki pasatzen ari den jendea, eta haiengatik egin behar dugu beharra», azaldu du. Harro dago greba dinamizatzeko prestatu dituzten ekintza ugariez. «Gobernatzen duenak gobernatzen duela, pentsioak defendatu behar ditugu. Baina mugimenduan badago kontraesanak sortu nahi dituen jendea. Bilerara datoz, iritzia ematen dute, eta joan egiten dira. Hala ere, gizarte mugimendu sendoa da, eta gehiengoa grebaren alde dago». Datuek arrazoia ematen diote: bozkatu zenean, kideen %77,8k babestu zuten.

Juanjo Elua da greba begi onez ikusten ez duen pentsiodunetako bat. Deustuarra da, Osakidetzako langile ohia, eta luze ibili da funtzionarioen BGAEak ikertzen. «Sindikatuen presioa» sumatu du hark grebara gehitzearen erabakiaren atzean, eta uste duBPMan «arrakalak» egin dituela: «Ez diot hautsi duenik, baina 31tik aurrera mugimendua josteko lan egin beharko dugu». Ia bi urte daramatza La Bolsara joaten, eta jarraituko du. «Pentsio sistema publikoa defendatu behar dugu. Pentsio publikoak Madrilgo gorteetan erabakitzen dira, baina pribatuak Euskal Herrian».

Bi ordu eta laurdeneko bilera izan da, eta Patxi Fernandez erandiotarrak osoa entzun du. Ekonomista ohia 2017az geroztik da pentsiodun, eta pentsio sistema bideragarriago egingo luketen aldaketen aldekoa da. Bileran iritzi ezberdinak daudela argi du. «Arduratzen nau bileran adostasunaren bandera hartzen duten sektore batzuekin, eta ez da egia; gai batzuetan ez dago, eta ezin gara itsutu. Baina grebaren erabakia bozen %77arekin hartu bazen, errespetatu egin behar da». Bilerako gazteenetakoa da, eta etorkizunera begiratzen du. «Pentsiodunen mugimenduak luzaroan iraungo du. Agian gorabeherak izango ditu jende aldetik, baina biltzeko arrazoirik ez zaio faltako. Arazo hauek konpontzen badira, berriak iritsiko dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.