EUSKARALDIAn BERRIA bizi. IRITZIA

Alde egotetik, alde egitera

Susana Bidarte Andueza eta Ziortza Etxabe San Emeterio
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Lizarraldean ere Euskaraldiak ekarpen handia egin zuen aurreko edizioan, eta ziur gara orain ere sorpresa on asko aurkituko ditugula. Hau da, askotan pentsatzen dugu gutxi garela euskaraz hitz egiten dugunok, baina ariketa horri esker ezusteko on ugarirekin egin genuen topo; orain, antzekoa errepikatuko delakoan gaude. Hori dela eta, babestuta sentitzen gara aurrean dugun lagun edota taldearengatik; erosotasuna ematen du, eta estres linguistikoa lasaituz doala ikusteak gehiago aritzera eramaten gaitu; beraz, dena aldeko.

Euskaraldia lan handiko sasoia ere izaten da. Oso garrantzitsua da guztiei ikusaraztea eta azaltzea zertan datzan ariketa, gaitasun faltagatik parte hartu ezin dutenei ere, nahiz eta oso euskaltzaleak izan. Askotan, baztertuak sentitzen dira, eta argi ikusi behar dute euskaltzale izatea, oso garrantzitsua bada ere, ez dela nahikoa.

Azaldu baita ariketa ezagutu egiten ez dutenei ere, askotan horrelako dinamikak oso erabilgarriak baitira jendea euskarara hurbiltzeko; hizpide izan baitaiteke gaiaz mintzatzeko eta jarrerak hurbiltzeko.

AEKren ardatz nagusira jota, nabarmendu nahi dugu ariketa sozial masibo honek bat egiten duela gure eguneroko jarduerarekin: euskara ezagutu behar da —ulertu, bederen—, eta 16 urtetik gorakoek parte hartzen dute; hau da, AEKren testuinguru naturala da. Jendea ohartu behar da alde egotea ez dela nahikoa, ikasi egin behar dela, alegia. Beraz, matrikulazio-kanpainarekin ere lotzen dugu sasoi hau: AEKn izena ematen bada, hurrengo edizioan belarriprest gisa parte hartzen ahalko da. Hots, ikas daiteke.

Horretarako, besteak beste, beharrezkoa da euskara ikasten dutenek ikas prozesua doakoa izatea. Era berean, eguneroko hizkuntza-paisaian euskarak toki esanguratsua edukiz gero, ezer ez dakienak ohartu gabe ikasiko du. Bestalde, baliabideak jarri behar dira herritarrekin harreman zuzena duten lanpostuek euskarazko ikastaroak izan ditzaten, erraztasun guztiekin.

Agurtu aurretik, pandemiaren urte berezi honetan, goraipatu nahi dugu euskaltegietan dauden ikasleen ahalegina. Une honetan dugun erronka nagusia horixe baita: ikasleak goxo, seguru eta baikor egotea geure euskaltegietan; horrela, bada, gu poz-pozik. Euskaraldiak ikasgeletan gaiaz hitz egiteko aukera ere ematen digu; bi edizioetan, adibidez, AEK-k berariazko unitate didaktikoak prestatu ditu horretarako. Ikasleengan eta eskualdeko euskaltzaleengan Euskaraldiak arrastoa utziko du berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.