Ostalaritzaren itxierarekin egin zuen bezala, EAEko Auzitegi Nagusiak bizkarra eman die Eusko Jaurlaritzaren murrizketei berriro. Oraingoan, futbol zelaiei zegokien murrizketa batean. Pixkanaka neurriak arintzen ari badira ere, horien kasuan %30eko gehieneko edukiera ezarri zuen Jaurlaritzak. Espainiako Futbol Liga Profesionalak (LFP), ordea, helegitea aurkeztu zuen horren kontra, eta aintzat hartu du Auzitegi Nagusiak: gehienezko edukiera %60koa izango da.
Ostiralean jarri zuen LFPk helegitea abuztuaren 30eko murrizketa dekretuaren aurka. Horren arabera, 1.600 eta 5.000 pertsona arteko kirol guneetan, irekiak direnean, 800 pertsonakoa izango zen gehienezko edukiera, eta 5.000tik gorakoetan ezingo zuen gainditu edukiera osoaren %30.
Atzo arteko epea zuen Jaurlaritzak murrizketa horren aldeko argudioak emateko. Berez, Espainiako Gobernuak esana zuen futbol zelaietako edukiera %60koa zela, eta hala aritu dira lehen jardunaldietan Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak ez diren futbol taldeak. Jaurlaritzak, ordea, dio edukiera hori finkatzea bere eskumena dela, eta edukiera handitzeko, egoera epidemiologikoaz gain, beste aldagai batzuk hartu behar direla aintzat. Gainera, arrazoitu du Espainian %60koa dela esateak ez duela esan nahi hori izan behar duenik, baizik eta gehienez izan behar duela hori.
Espainiak Lurralde Arteko Kontseiluan erabaki zuen kirol guneen edukiera %60ra igotzea, hilaren 1ean. Jaurlaritzak argudiatu du, ordea, ehuneko horrek ez duela justifikaziorik. «Ez da argudiatzen zergatik ez den ezartzen %40, %70 edo %100eko gehieneko kopurua».
Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estadioetan orain sartzen ziren ikusleak halako bi sartu ahalko dira asteburu honetatik aurrera: Mendizorrotzan, 11.900 inguru; San Mamesen, 32.000 inguru; Anoetan, 23.700 inguru; eta Ipuruan, 4.900 inguru. Sadarren jada ikusleen %60 sar zitezkeen, Nafarroako Gobernuak onartu egin baitzuen Madrilek esandakoa.
EAEko Auzitegi Nagusiak %60ra handitu du futbol zelaien edukiera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu