Epaitegietatik iritsitako kolpeei aurre egiteko, administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko urrats gehiago eskatu zituzten atzoko Bilboko manifestaziora joandako buruzagi politikoek eta sindikalek.
Ikusi gehiago:«Akordio soziopolitiko berri bat» eskatu dute euskararentzat Bilbon
Ana Esther Furundarena EAJko euskara arduradunak adierazi zuen «gizartean eta alderdian ere» epaiek «kezka eta ardura» eragin dutela. «Euskal gizartean euskararen biziberritzean eta normalizazioan izan den adostasun zabalaren aurkako epaiak» direla esan zuen Furundarenak, baina baita «udal legearen aurkako epaiak» ere. Lege horren garrantzia nabarmendu zuen, «udalei erremintak ematen baitizkie euskararen aldeko politikak garatzeko eta herritarren eskubide guztiak bermatzeko».
Epaien harira, «inongo politikeriarik gabe», «lasaitasunez eta progresiboki» euskararekiko atxikimendua elikatzeko konpromisoa aldarrikatu zuen EAJko ordezkariak. «Hizkuntza politikak erakunde guztiek sustatu behar dituzte. Euskara eta gaztelania dira hizkuntza ofizialak, baina badakigu ez daudela maila berean».
Oldarraldi judizial bat ez ezik, «oldarraldi politiko bat»ere ikusi du EH Bilduk, eta testuinguru politiko jakin batekin lotu zuen Maddalen Iriarte Euskal Legebiltzarreko kideak: «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hezkuntza legea eztabaidatzen ari gara, eta hizkuntzak ildo nagusi bat diren honetan iritsi dira [erasoak], eta Kongresuan, behingoz, gaztelaniaz bestelako hizkuntzak erabiltzeko debekua kendu den honetan. Ultraeskuinak, bai politikoak bai judizialak, ezin du ikusten ari garen egoera jasan».
Epaitegien erabakiei «euskararen aldeko jauzi bat» eginez erantzun behar zaiola aldarrikatu du EH Bilduk. «Eta jauzi hori herri gisa egin behar dugu, bakoitza dagoen tokitik».
Lander Martinez Espainiako Kongresuko Sumar taldeko diputatuak «garrantzitsutzat» jo zuen manifestazioa. «Kezka handia sortzen digu hainbat erakundek euskararen normalizazioan erakusten duten sentsibilitate faltak. Adostasuna berreskuratu behar dugu euskararen normalizazioaren bidean eta hizkuntza politikaren inguruan, geure hizkuntza babesteko eta geure hizkuntzak aurrera egiteko».
Sindikatuen eskariak
Sindikatuen artean babes zabala jaso du Kontseiluaren deialdiak, eta haien buruzagietako asko Bilbon izan ziren atzo. Haien artean, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak ziurtatu zuen oldarraldi judizialak agerian utzi duela euskarak administrazioan ez duela batere bermerik. «Berme horietaz hitz egin behar da; ez badugu egiten, epaile euskarafoboek epai euskarafoboak egingo dituzte eta». Erakundeei eskaera egin zien Lakuntzak: «Erronka gisa jarri behar dute administrazio benetan elebiduna egitea, eta hori egiteko euskarari eman behar zaio lehentasuna, erdaldunek dauzkaten eskubide berak izan ditzaten euskaldunek ere».
«Epaiei bide ematen dieten helegiteetan» jarri zuen arreta Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, eta ahoan bilorik gabe salatu zuen CCOO eta UGT sindikatuen jarrera. «Planteatzen dute hizkuntza eskakizunak ez direla zilegi, eta hizkuntza eskakizunak eta lan eskubideak kontrajarriak direla. Guk gogoeta bat eskatu nahi diegu; hemen badago gehiengo sindikal, sozial eta politiko bat hizkuntza eskubideen aldekoa. Gehiengo sindikalak esaten du lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak eskutik doazela, langileok ere badugula euskaraz bizi eta lan egiteko eskubidea».
Ikusi gehiago:Ideologia supremazista
Euskara. Oldarraldiaren aurkako manifestazioa
Epaiei aurre egiteko, jauziak eta bermeak
«Epai euskarafoboei» amore ez emateko eta administrazioan euskararen erabilera zabaltzeko politikak eskatu dituzte Bilbon bildutako alderdiek eta sindikatuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu