Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako ministro Isabel Rodriguezek eta Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu Olatz Garamendik bilera egin dute, oraindik eskualdatu gabe dauden eskumenen inguruan berba egiteko. Oraingoan, bilera horretatik ez da eskumen berririk iritsi, baina bai Espainiako Gobernuaren konpromisoa: urrian, bi eskumenen transferentziaren inguruko proposamena helaraziko dio Madrilek Gasteizi, eta asmoa da urtea amaitu aurretik Transferentzien Batzorde Mistoa batzartu eta bi transferentzia horiek adostea. Bizitzeko gutxieneko diru sarrera eta trenbideak dira urtea amaitu aurretik eskualdatu nahi dituzten bi eskumen horiek.
Gai gehiago gelditzen dira Gernikako Estatutua osorik betetzeko: besteak beste, segurtasun zerbitzu pribatuak, meteorologia eta itsasertzaren antolaketa eta kudeaketa. Horiei aurrerago ekingo diete, baina, behintzat, bilerak balio izan du Espainiako Gobernuak «Gernikako Estatutua betetzeko eta gai guztiak eskualdatzeko konpromisoa» berritu dezan.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak uste du «gehiegi» moteldu dela transferentzien negoziazioa eta elkarrizketa prozesua: «Benetan garrantzitsua zera da: bi aldeek hitzartutakoa betetzeko konpromiso irmoa izatea», azaldu du Garamendik. Haren ustez, eskualdatzeek «osoak eta segurtasun juridiko osokoak» izan behar dute: «Ez dugu matxuratutako salgairik onartuko», ohartarazi du.
Antzeko mezua helarazi du Sabino Torre Araubide Juridikoko sailburuordeak, bileraren ostean egindako adierazpenetan: «Ez dago justifikaziorik emandako hitza ez gauzatzeko eta transferentziak egiteko, zailtasunak zailtasun. Transferentzia prozesuari ekiteko bidea elkarrizketa, hitzarmena eta leialtasun instituzionala dira, eta orain arte horixe erakutsi dugu, balio horiek baitira elkarrenganako konfiantzari atea irekitzen dion giltza».
Orotara, sei eskumen
Bi eskumen horien transferentzia gauzatzen bada, orotara sei izango dira aurten Espainiako Gobernutik Eusko Jaurlaritzara igaro diren eskumenak. Izan ere, joan den maiatzean Batzorde Mistoak beste lau eskumenen inguruko prozedura itxi zuen: espetxeak, errepideko garraioa, ISSN nazioarteko kode bibliografikoa esleitzea eta Ondarroako Itsas Barrutiko eraikinaren eskualdaketa.
Beste bi transferentziari buruzko proposamena egingo du Madrilek urrian
Bizitzeko gutxieneko diru sarrera eta trenbideak dira Jaurlaritzari eskualdatu beharreko eskumenak. Transferentzia aurten itxi nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu