21. Korrika. Asier Amondo. Korrikaren koordinatzailea

«Ezagutza, erabilera eta sustapena elkarri lotuta dauden hiru osagai dira»

Administrazioen eta eragileen arteko elkarlana ezinbestekotzat du Amondok. Horren helburua zein den argi du: normala izan dadin «euskaraz mintzatu, bizi eta aritzea».

2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Asier Amondok (Laudio, Araba, 1969) eromen batean pasatzen ditu Korrika aurreko hilabeteak, eta azken egunotan bertigoa ere sentitu duela aitortu du. «Beharrezko bertigoa» dela ere badio Korrikaren kordinatzaileak, ordea. Bihar arinduko omen zaio Amondori bertigo sentsazio hori, euskararen aldeko lasterketa Garestik (Nafarroa) abiatzen denean.

Nola joan da azken txanpa hau?

Ondo, markatutako erritmoan joan da dena. Kilometroen salmenta, bestalde, esango nuke beste batzuetan baino arinago joan dela. Duela lauzpabost aste jada beteta geneuzkan hiriburuak.

Korrikaren koordinatzaile kargua hartu zenuenean, 2013an, bertigoa aipatzen zenuen. Korrika hurbildu ahala, sentitzen duzu bertigo hori?

Bai, bai. Gainera, Korrikak berak Gabonen ostean koska batzuk gora egiten du; ordu arte beste lasaitasun batekin aritzen gara. Baina, urtarriletik aurrera, etxetik noiz ateratzen zaren badakizu, baina ez noiz itzuliko zaren. Korrika hasi aurretik egiten dugu guk kilometro mordoa errepidean: jende askorekin bilerak egin, gauza asko lotu... Bertigo hori eta nerbio hori beti dago, eta uste dut beharrezkoa dela.

Eta Korrikak irauten duen egunetan?

Orduan, bertigoa beste batzuek sentituko dute gehiago: furgonetan dabiltzanek, tokian tokiko arduradunek... Korrika abian denean, sentitzen dut nire eskuetatik ihes egin duela.

«Ahalik eta jendarte zabalenera iritsi nahi dugu», zenioen elkarrizketa batean. Norengana iristea falta zaio Korrikari?

Argi dago Korrika gero eta pluralagoa dela, baina, gure herrietan, gure inguruan, badago hainbat jende oraindik Korrika ezagutzen ez duena; haiengana iritsi nahiko genuke. Gero, badago beste fenomeno bat: immigrazioarena; eta haiengana heltzeko helburua ere badu Korrikak. Hona datorrenak jakin behar du hemen badagoela beste hizkuntza bat gaztelaniaz aparte, komunikaziorako balio duena eta geure-geurea dena.

Mertxe Mujikak Korrikaren aurkezpenean esan zuen:«Administrazioa aldeko dugu, herritarrak eta eragileak prest daude. Hortaz, aukera hau harrapatu behar dugu». Nola eta zertarako harrapatu?

Nola? Nik argi daukat: administrazio eta gizarte eragileen arteko elkarlanaren bidez. Eta zertarako? Azken batean, denok bide berean jartzeko, euskararen normalizazioan heldu beharreko leku guztietara ailegatzeko, eta normaltasun hori orokorra izan dadin euskararen arloan. Elkarlanak bilatu behar duena da normala izan dadin euskaraz mintzatzea, euskaraz bizitzea eta euskaraz aritzea.

Administrazioa ez da beti aldeko izan, baina, 20. Korrikan, euskalgintzako eragileen eta administrazioetako ordezkarien arteko kilometro bateratua egin zen. Inflexio puntu bat?

Bai, nik uste dut horrek mugarri moduko bat ipini zuela. Irudi bat baino ez zen izan, baina balio izan zuen gure artean konfiantzak-eta sustatzeko, konfiantza eta elkarlan hori areagotzeko...

Beno, argazkia ez zen kasualitatez sortutako irudi bat ere...

Ez, ez zen izan kasualitatea, ez. Egoera hori landu egin genuen, eta bilatu genuena izan zen euskararen inguruan zebiltzan eragile guztiak bide berean jartzea. Gero, bakoitzak bere gauzatxoak ditu, bere ikuspegiak ditu kontu batzuen inguruan; baina oso garrantzitsua da gutxieneko batean behintzat denak bide berean kokatzea, denok bide berean arraun egitea.

Klika egitea eskatzen du Korrikak aurten, aukerak egitea, konpromisoak hartzea. Nork eta zer mailatan hartu behar du konpromiso hori?

Gu eragileengana joan gara, eta eskatu diegu bakoitzak konpromisoa hartzeko bere neurrian eta dagokion arloan. Orri zuri batekin joan gara, nork bere buruarekin gogoeta egiteko eskatu dugu, ea erakunde gisa zer egin dezaketen eta zer konpromiso har dezaketen euskararen sustapenean eta euskarak aurrerapausoak eman ditzan; jakinda ere emango ditugun pauso horiek ez dutela euskararen salbazioa ekarriko. Hala ere, beti izango dira aurrerako urratsak, eta, beraz, urrats inportanteak. Denok urrats txiki bat egitea azkenean denontzako urrats handi bat izan daitekeelakoan gaude, eta eragile guztiei hori azaldu nahian gabiltza.

Korrika bada festa eta aldarrikapena, baina baita AEK-k bizirik irauteko ezinbesteko diru iturria ere. Ahaztu egiten da hori?

Hori ezin dugu ahaztu. Guk beti aipatzen dugu Korrikak bi helburu dituela: bata da euskara sustatzea, eta bestea da AEKri baliabide ekonomikoak ematea, Maulen, Tafallan eta Bilbon gure ikasleek bitarteko berberak izan ditzaten eta zerbitzua toki guztietara irits dadin. Hortaz, Korrikak bi urtean behin AEKri ematen dion hauspoa oso garrantzitsua da Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan egon ahal izateko.

Mertxe Mujikak Korrikaren aurkezpenean esan zuen doakotasuna oraindik urrun ikusten duzuela.

Urruti dago. Orain urrats batzuk egin dira, eta maila batzuk doakoak izatea aipatzen ari dira administrazioak. Baina horren inguruan gauza asko daude oraindik egiteko, eta tristea da nork bere hizkuntza ikasi ahal izateko dirua ordaindu beharra. Ez dakit munduan beste inon gertatzen den. Beraz, nik uste dut urratsak egin behar direla, urrats txiki batzuk ikusten ari garela, baina oraindik asko dagoela egiteko.

Euskaraz jakiteari dagokionez, asko aurreratu da, baina erabilera ez da hein berean hazi. Dagoen jakite maila konformatzeko modukoa da?

Erabilera sustatzeko, ezagutza ezinbestekoa da, eta AEKren lehenengo helburua da ezagutza horretan eragitea, baina baita erabiltzeko tresnak eta baliabideak sortzea ere; mintzapraktikekin edo praktikatzeko Gurasolagun, Berbalagun eta antzeko beste egitasmoekin. Baina ezin dugu ahaztu oraindik masa kritiko handi bat dagoela euskaraz ez dakiena. Horiek ikasi behar dute, eta, horiek denek ikasten dutenean, orduan emango ditugu aurrerapausoak erabileran. Sustapena, erabilera eta ezagutza elkarri lotuta dauden hiru osagai dira, eta hiru osagaietan jarri behar da indarra.

Euskaraldiak erakutsi du belarriprest-ak dauden neurrian erabilera areagotzeko aukera sortzen dela. Baina belarriprest horiek ere trebatu egin behar dira, ezta?

Belarriprest-ak masa kritiko handi bat izatea behar dugu. Haiei esker, gainerakoek euskara erabili ahal izango genuke era normalago eta arruntagoetan.

Korrika egunetan belarriprest-ahobizi bikotea aktibatzeko deia egin duzue. Zergatik?

Pentsatzen dugu Korrika eta Euskaraldia ezin direla joan modu bakartuan. Ezinbestekoa da sinergiak batzea. Euskaraldian 240.000 lagun aktibatu ziren, eta onena litzateke horiek 365 egunetan aritzea euskaraz; baina gutxienez beste 11 egunez horiek aktibatzea lortuko bagenu... Pentsatzen dugu garrantzitsua dela masa kritiko hori berriro aktibatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.