Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak arratsaldean aurreratu zuen lehenengo, eta Fernando Simon Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendariak berretsi ondoren: bigarren fasetik aitzinera, kalera irten ahal izateko ezarrita zeuden ordutegiak ezabatuko ditu Espainiako Gobernuak. Orain arte, 5.000 biztanletik gorako herrietan, hiru tarte zeuden bereizita: 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara, kirol jarduerak egiteko edo paseatzera irteteko; 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara, mendekotasunen bat dutenak eta 70 urtetik gorakoak irteteko; 12:00etatik 19:00etara, ordubetez, 14 urtetik beherakoak. Bigarren fasean, desagertu egingo dira ordutegi horiek.
Ordutegiak ezabatuko dituztela aurreratu arren, Simonek nabarmendu du ordutegi jakinak ezartzeko gomendatuko dutela ahulen dauden herritarrentzat. Udalen eta autonomia erkidegoen esku egonen da hori zehaztea.
Gaur jakinaraziko du Espainiako Gobernuak zer probintzia igaroko diren bigarren fasera astelehenetik aitzinera. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak dagoeneko bidalia diote Espainiako Osasun Ministerioari hurrengo fasera aldatzeko eskaria, eta atzo bilerak egin zituzten gobernuko ordezkariekin. Jaurlaritzak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia bigarren fasera osorik pasatzea nahi du, baina herrialdeen arteko joan-etorriak galarazita, orain arte bezala. Nafarroako Gobernuak, berriz, atea zabaldu dio osasun eremu batzuk lehenengo fasean gelditzeko aukerari.
Murga, baikor
Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburua baikor mintzatu zen atzo eguerdiko agerraldian, eta nabarmendu zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa prest daudela bigarren fasean sartzeko: «Jaso ditugun datuek baieztatzen digute gorabeherak badaudela, baina bilakaera orokorra beheranzkoa da, eta euste fase batean gaude. Datu egokiak ditugu, artatze sare bikain bat, eta kutsatze berriak azkar atzemateko modua ematen duen jarraipen sistema bat».
Atzo berriro ere datuekin nahasketak izan ziren, hala ere. Espainiako Osasun Ministerioa arratsaldean hasi da ematen erkidegoak ari igorritkao kopuruak, eta Nafarroako Gobernua ministerioaren ondoren ari da oharra zabaltzen. Ministerioaren arabera hiru pertsona hil ziren Nafarroan, eta handik minutu batzuetara Txibiteren gobernuak zabaldutako oharraren arabera, bi. Pentsatzekoa da, aurreko egunetan ere hala azaldu dutelako, ministerioak atzerapenak dituela datuekin, eta ez direla oraindik sinkronizatu erkidegoekin. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, hiru gaixo hil dira azkeneko 24 orduetan —ez dira zehazten ari zen lekutan—. Guztira, gutxienez 1.999 pertsona hil ditu koronabirusak Euskal Herrian. Positibo berrien kopuruak apal jarraitzen du: hamabi kasu berri baieztatu dituzte Hegoaldean azkeneko egunean.
Jaurlaritzako osasun sailburuak azaldu zuen testak direla arintzeko fase honetan lehentasunetako bat. Gobernua jarraipena egiten hasi zen lehen kolektiboa soziosanitarioena izan zen, eta aste honetan proba horiek amaituko dituztela adierazi zuen Murgak. COVID-19 kasuren bat izan duten erresidentzia guztietako langile eta paziente guztiei egin dizkiete testak; guztira, 22.000 behargini eta 20.000 pazienteri.
Jaurlaritzak langile publikoei egin dizkien test serologikoei dagokionez, berriz, osasun zentroetako langileen %5,5ek eman dute positibo, eta ertzainen %4k.
Koronabirusa
Madrilek jakinarazi duenez, bigarren fasean ez da izango kalera irteteko ordutegirik
Egoera ahulean daudenentzat bakarrik gomendatuko dute ordutegia ezartzea, eta hori zehaztea erkidegoen eta udalen esku egonen da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu