Konfinamenduaren ondorengo lehen klase eguna izan zen, atzo, Ipar Euskal Herriko haur anitzentzat. Lehen mailako eskoletan hasi zen itzulera, baina ez zen egun normala izan, egoera sanitarioagatik, baldintza zorrotzak ezarri baitituzte ikastetxeetan: gehienez ere 15 haur batu dituzte ikasgelaka, urruntze fisikoa errespetatuz, eta zorrotz bete dituzte higiene neurriak. Haur anitzek etxean segituko dute, oraingoz.
«Momentuko, lehen bilana aski baikorra da», adierazi zuen atzo arratsaldean Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. Ipar Euskal Herriko ikastoletan, kasik ikasleen erdiei egin zieten harrera. «Goiz honetan ikastola guziak prest ziren; baldintza zorrotzekin, baina prest. Ez da berantik izan. Harrera egin da pentsatu bezala», azaldu zuen Jorajuriak. Ondoko asteetan ikusiko dute ikasle gehiago hartzeko gai diren ala ez.
Haren hitzetan, haurrak «biziki kontent» ziren eskolara itzultzeaz. «Bazen euforia anitz sartu aitzin. Ez dakigu ondoko egunetan iraunen duen». Jorajuriak esplikatu du haurrak sozializatu behar duela, lagunak ikusi. «Nahiz eta baldintza zorrotzetan izan, lehentasuna hor zen». Orokorki gurasoek konfiantzaz hartu dutela dio. «Sentitu dugu joan den asteko beldurrak apaldu zirela. Gurasoek ulertu dute irakasleek lan ona eginen zutela».
Guraso anitzek hautatu dute haurra etxean atxikitzea; edo haurrarentzat goxoago baitzen, edo ikastola berrantolatzen uzteko. «Abisatua genuen lehen astea zaila izanen zela; egokitzapenak beharko dira. Aukera izan dutenean, guraso anitzek nahiago izan dute ikastolara ez eraman».
Segurtasuna, «ludiko»
Balorazio berdintsua egin du Michaella Clapisson Baionako Brana eskola publikoko zuzendariak. «Testuingurua eta protokoloa kontuan hartuta, erran dezakegu aski ongi pasatu dela». Hor ere, haurren artean hautaketa egin behar izan dute, eta ez dituzte maila guziak ireki. Brana eskolan berez diren 168 haurretarik 38 itzuli ziren atzo ikasgeletara. «Bagenekien ezingo geniela denei harrera egin».
Haurrei segurtasun neurriak betearaztea zen irakasleen erronketako bat. «Handienek ulertu dute, baina denek bezala, elkarrengana hurbiltzeko joera dute. Guri dagokigu erne egotea». Txikienentzat zailagoa dela dio, «naturaz kontrakoa da pixka bat».
Oro har, Frantziako Gobernuaren osasun protokoloa aplikatu dutela, baina ludiko egiten saiatu direla esplikatu du: «Zurruna da, ikasleen arteko harremanak desitxuratzen ditu». Kantutxoak, ipuin liburuxkak birusaren kontra borrokan ari diren haur heroiekin, haurrentzako testuak, bideoak... Azken asteetan material anitz sortua izan da, eta hori erabili dute; jarduerak ere egokitu dituzte urruntze fisikoa errespetatzeko. «Bestela ere, haurrek egokitzeko gaitasun handia dute».
Arrangura handia zen, baina egunaren bukaeran haur gehienak irribarrearekin etxeratu zirela kontatu du Clapissonek: «Lortu dugu haurrak ez traumatizatzea».
Koronabirusa
«Lortu dugu haurrak ez traumatizatzea»
Osasun baldintza zorrotzekin, eskolara itzuli da Ipar Euskal Herriko haur andana. Arrangura handiak zituzten hezkuntza eragileek, baina lehen eguna, oro har, ongi pasatu dela kontatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu