Paul Preston, Angel Viñas etaXabier Irujo historialariek jasoko dituzte Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko XV. Gernikasariak, Gernikako (Bizkaia) bonbardatzearen inguruan egin dituzten ikerketengatik. Haiekin batera, Christos Stylianides Laguntza Humanitario eta Krisien Kudeaketarako Europako Batzordeko komisarioari ere emango diote saria, giza eskubideen alde erakutsitako konpromisoagatik eta, bereziki, Jordaniako errefuxiatu eremuetan egindako kudeaketa lanagatik.
Gernika-Lumoko eta Pforzheim-eko (Alemania) udalek, Gernika Gogoratuz fundazioak, Kultur Etxea fundazio publikoak eta Gernikako Bakearen Museoak ematen dituzte urtero Gernika sariak, «bakearen eraikuntzan eta berradiskidetzearen sustapenean nabarmendu diren pertsona edota erakunde publiko zein pribatuak saritzeko» helburuz. Gernika-Lumorekin zerikusia duten elkarte eta erakundeek proposa ditzakete saria jasotzeko hautagaiak, eta batzorde batek bozketaz erabakitzen du sariak nori eman. Irabazle atera den proposamena Jose Maria Gorroño alkatearen Euzko Abertzaleak udal taldeak egindakoa zen.
Beste proposamenik egon da. Gernika Batzordeak, esaterako, Jonathan Powell Erresuma Batuko lehen ministroaren kabineteburu ohi eta diplomazialaria, David Harland Henri Dunant Suitzako fundazioko zuzendaria, Brian Currin HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko presidentea eta Ram Manikkalingam NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko burua proposatu dituzte, «euskal gatazkaren konponketan egin duten lanagatik». Proposamen horrek, baina, ez du aurrera egin.
Sinadurak memoriaren alde
Frankismoaren Krimenen kontrako Kereilaren Euskal Plataformak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean, eta berriro ere memoria historikoari buruzko lege bat onartzearen alde agertu da, baina erantsi dute legebiltzarrak horri bide ematen ez badio prest daudela herri ekinaldi legegilea abian jartzeko eta horretarako beharrezkoak diren sinadurak biltzen hasteko.
Plataformako kide Andoni Txasko, Jon Ibargutxi eta Luis Fuentesen ustez, lege hori beharrezkoa da, eta legebiltzarkideei eskatu diete lantalde bat sortzeko helburu horrekin.
Beste aldetik, Espainiako Justizia Ministerioak eskatu die hainbat udali kale eta leku publikoetan gelditzen diren frankismoaren aztarnak behin betiko kentzeko.Frankismoaren oroigarriak edukitzeagatik Justizia Ministerioaren eskaera jaso duten udalen artean Nafarroako bederatzi daude: Los Arcos,Castejon, Cortes, Milagro, Santakara,Zarrakaztelu, Barasoain, Lapoblacion eta Mendigorria.
Espainiako Gobernuak diru laguntzak kendu ahal dizkie ohartarazpena aintzat hartzen ez duten udalerriei.
Gernika sariak, bonbardatzea ikertu duten historialariei
Jonathan Powell, David Harland, Brian Currin eta Ram Manikkalingam ere saria jasotzeko hautagai ziren, gatazka konpontzeko lanagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu