Duela hiru urte eta erdi egindako polizia operazioa ezin da bereizi ETAk armak uzteko erakutsitako borondatetik eta prozesu horri laguntzeko Euskal Herriko gizarte zibilak egindako urratsetatik.
2015
Maiatzak 28. Frantziako Poliziak Nathalie Chasserieux eta haren bikotekidea atxilotu zituen, eta, handik gutxira, Enrique Lopez iheslaria. ETAk «armategiak zigilatzeko prozesuaren kontrako eraso zuzentzat» jo zituen atxiloketak.
Ekainak 11. Parisko Bake Konferentzian, ehundik gora lagunek —tartean hautetsi eta pertsona esanguratsu ugari— «zinez inplikatzeko» eskatu zioten Frantziako Estatuari ETAren desarmatzea «molde adostu eta kontrolatuan» egin zedin.
Uztailak 7. Frantziako Poliziak, Guardia Zibilarekin elkarlanean, Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea ustezko etakideak eta haiei babesa emateaz akusatutako Teresa Lekunberri eta Jeff Mateo atxilotu zituen Ortzaizen (Nafarroa Beherea). Hurrengo egunean, Graxi Etxebeherek ere bere burua aurkeztu zuen Poliziarenaitzinean, baina, lehenago, hedabideei azaldu zien ustezko bi etakideak etxean hartu zituela «desarmatu nahi duen talde bat» lagundu nahi zuelako.
Uztailak 11. Epaileak espetxera bidali zituen Reta eta Goienetxea. Mateo, Lekunberri eta Etxebehere, aldiz, libre utzi zituzten.
Uztailak 18. Atxiloketen kontrako manifestazioa egin zuten Donibane Garazin, Errepresiorik ez, konponbidea orain lelopean.
2016
Abenduak 16. Frantziako Poliziak Txetx Etxeberri, Beatrice Molle, Michel Bergouignan, Mixel Berhokoirigoin eta Stephan Etxegarai atxilotu zituen, Luhuson (Lapurdi). Orduan jakinarazi zuten gizarte zibileko hainbat ordezkari ari zirela ETAren armak deuseztatzeko zereginean. Atxiloketek, prozesua trabatu beharrean, desarmatzea azkartu zuten.
2017
Apirilak 8. ETAk erabateko desarmatzea amaitu zuen. Baionan egindako ekitaldi batean eman zioten bukaera prozesuari.
2018
Maiatzak 3. ETA desegin zen, eta amaiera eman zion 50 urteko ibilbideari.
Abenduak 17. Ortzaizen atxilotutako bost lagunen kontrako epaiketa hasi zen, Parisen.
Abenduak 19. Zigorren berri eman zuen Parisko auzitegi korrekzionalak: zazpi urteko kartzela zigorra Reta eta Goienetxearentzat, hamazortzi hilabetekoa Etxebehererentzat, eta sei hilabetekoa Lekunberri eta Mateorentzat.
KRONOLOGIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu