Roge Blasco esatariak Radio Euskadin jarrai dezan sinadura bilketa bat bada martxan. Baina irrati publikotik beste hainbat esatari kaleratuko dituzte maiatzaren hasiera aldera. Esanguratsua da, esate baterako, gaueko Ganbara saioko zuzeneko talde osoa irratitik kanpo geldituko dela; Xabier Garcia Ramsden aurkezlea eta Maria Suarez eta Iratxe Martinez esatariak kaleratuko dituzte. Lau urte dira Garcia Ramsdenek gaueko programa gidatzen duela, eta hamar urte baino gehiagoirratian lanean hasi zenetik; Martinezek irratian 11 urte daramatza —horietatik gehienak albistegietan—; eta Suarezek, zortzi urte, azkeneko bostak Ganbara-n.
Ahots ezagun gehiago ere galduko ditu datozen asteetan Radio Euskadik. Esaterako: Loreto Larunbe. Hamabost urte baino gehiago dira irratian hasi zenetik. Gaur egun, Boulevard Magazine saioaren zuzendari eta aurkezlea da.
Telebistan sartu-irtena egin ostean, Radio Euskaditik kanpo geldituko da Jon Bilbao. ETB2ko Por fin, viernes saioa aurkeztu zuen iaz. Orain Más que palabras saioan ari da beharrean.
Radio Euskadik Nafarroan duen egoitzako bi esatari kaleratu egingo dituzte: Haritz Pascual eta Javier Dominguez. Duela hamahiru urte bekadun hasi zenetik makina bat saiotan aritu da Dominguez. 2011ko irailetik 2013ko ekainera La noche despierta zuzendu eta aurkeztu zuen, eta 2013-2014 denboraldian Graffiti magazina zuzendu zuen. Sei urtez egin zuen sanferminetako entzierroen kontakizuna. Gaur egun Más que palabras saioan dabil.
Kaleratuko dituztenen zerrendan daude, besteak beste, Bego Yebra (La Galeria saioaren aurkezlea), Idoia Lazaro (makina bat kultur saiotan ibilitakoa), Maider Martin (kultur gaiak lantzen ditu), Raul Pando (kirol saileko kazetaria), Jagoba Arostegi (albistegietako kazetaria) eta Mikel Ibañez (publizitate eta sustapenean aritzen da).
Euskadi Irratitik kaleratuko dituztenen izen batzuk duela egun batzuk argitaratu zituen BERRIAk: Fermin Etxegoien, Itziar Alduntzin, Arantxa Kaltzada, Aitor Elduaien, Onintza Segurola, Ainara Ortiz eta Edurne Ayuso.
EITB Musika irratitik Ekain Perez kaleratuko dute.
EITBko zuzendaritzak sindikatuetako ordezkariei aurkeztutako 61 langileen zerrendatik 31k ez dute kalte-ordainik jasoko. Beste 30ak sartuko dituzte erregulazio txostenean. Martxoaren 17an hasi zituzten bilerak EITBko zuzendaritzak eta sindikatuek, eta etzi egingo dute hirugarrena. Bilera bakoitza hasi aurretik, erregulazio txostenaren aurkako elkarretaratzea egiten dute egoitzaren aurrean ELAk, ESK-k eta CCOOk. Bihar EITBko Kontrolerako Batzordeko bilera egingo dute Eusko Legebiltzarrean. PSE-EEk enplegu publikoa murrizteaz galdetuko du.
Gaueko 'Ganbara' irratsaioaren hiru esatariak kaleratuko dituzte
EITBk sindikatuei emandako kaleratuen zerrendan Radio Euskadiko esatari ezagunak daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu