Paperik gabeko langileak

Kontraesanen esklabo

Ipar Euskal Herria pasabide gunea izan ohi da migratzaile gehienentzat, baina bertan gelditu nahi dutenek zail dute egoera legeztatzea. Lan baimena lortzea urte luzeko bidea da.

Emakumezko papergabe gehienek etxeko langile jarduten dute. DANI CABALLO / EFE.
Garazi Aduriz Zuñeda.
Baiona
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Helene Ducarre etorkinei laguntza administratiboa eskaintzen dien CIMADE elkarteko kidea da, eta ondo ezagutzen ditu papergabeek modu legalean lan egin aurretik gainditu behar dituzten oztopo guztiak. Haren ustez, etorkin gehienek «pasabide gune» gisa hartzen dute Ipar Euskal Herria. Saharaz hegoaldeko Afrikako migratzaileak izan ohi dira, eta, Espainiako paperak lortzea errazagoa bada ere, hizkuntza arrazoiak direla medio, etorkinek nahiago izaten dute Frantziako edo Erresuma Batuko eremu administratibora pasa. Gehienek, gainera, iritsi bezain laster Pariserako edo Londreserako bidea hartzen dute. «Ipar Euskal Herrian polizia kontrol anitz daude, eta zaila izaten zaie erregularizatuak izan arte ezkutuan bizitzea», nabarmendu du.

Gehienek alde egiten dute, baina ez guztiek. Zenbait Euskal Herrian gelditzeen saiatzen dira, eta haien lehen helburua asilo agiria lortzea izan ohi da. Baimen horrek hamar urterako bermatzen die bizitzeko eta lan egiteko eskubidea. Gainera, lanpostu bat aurkituz gero, erraza da asilo eskaera hori berritzea. «Hau da: behin lortu, eta lasai egon daitezke», laburbildu du. Errealitatea, baina, azalpen teorikoa baino gogorragoa da, Saharaz hegoaldeko jendeari askotan ukatzen baitzaio asilo eskaera.

Lana, derrigorrez

Asilo eskariaren erantzunaren zain dauden bitartean, edota ukatua zaienean, eta ezkutuan egonda ere, lan egin behar dute derrigorrez. Batetik, bizirauteko; eta, bestetik, hainbat lansari agiri bilduz gero aldi baterako langileentzako baimena lor dezaketelako. Agiri horrek aukera ematen die urte bateko epean bertan legalki bizitzeko eta lan egiteko. Dokumentu hori lortzeko, frogatu behar dute hiru urtez bizi izan direla Frantzian, eta 24 lansari agiri lortu dituztela. Edo bost urtez bertan bizi izan direla, zortzi lansari lortu dituztela gutxienez, eta lan kontratu bat bermatua dutela. Prefeta da etorkinari agiria eslei diezaiokeena. Hori bai: nahi izanez gero, «ez baitago horretara behartuta», Ducarrek azaldu duenez.

«Baina baldintzak legez kanpokoak dira guztiz», salatu du. Berez, papergabeek ez dute lan egiteko eskubiderik, eta enpresaburuek ere ez haiek kontratatzeko. «Horregatik zaie hain zaila lana aurkitzea», gehitu du. Frantziako immigrazio legea «guztiz kontraesankorra» da, Eñaut Aramendi Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuaren ordezkariaren ustez: «Erregularizatuak izateko, lan egin behar dute, baina erregularizatuak izan gabe debekatua zaie lan egitea».

Alta, gauregungo «sistema kapitalistan», edozein herritarrek dirua behar du «bizirauteko», eta, beraz, lan egin behar du. Migratzaileak «behar gorrian» dagoen jendea direla nabarmendu du, eta zaurgarritasun horrek kontraturik gabeko legez kanpoko lanetan murgiltzen ahal dituela. Egoera horietan ez dute inongo babesik izaten. Helburua, orduan, legea bazter utziko duen enplegatzaile bat aurkitzea izaten da.

Langile beharra

Pirinio Atlantikoetako enplegu zerbitzuaren arabera, sektore batzuetan langile eskari handiagoa dago. Industrian, eraikuntzan, herri lanetan eta bereziki ostalaritzan sumatzen da langile gabezia. Aramendiren ustez, egoera horrekFrantziako eskuin muturraren mezua desmuntatzen du: «Gaia soilik ikuspegi ekonomikotik hartuz ere, etorkinek ez diote inori lanik kentzen. Ekonomikoki interesgarriago litzateke haiek guztiak normaltasun guztiz lanean integratzea».

Ducarrek azaldu duenez, paperik gabeko etorkinek «errazagoa» izaten dute langile falta duten sektoreetan lan egitea. Ildo horretatik, Darmanin Frantziako Barne ministroak asilo eta immigrazioko lege proiektu berria aurkeztu berri du. Paperik gabeko jendeak lan egin ahal izatea erraztu beharko luke. Baina, Aramendiren ustez, lege horrek baditu arriskuak: «Tentsio lanbideetarako nahi dituzte etorkinak; hau da, ezingo dira nahi duten lanetan aritu. Eta, lan berrietara egokitzen ez badira, jakinda formakuntza bereziturik gabekoak izango direla gehienak, Frantziak erraz kanporatu ahalko ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.