Epaileak ez die deklarazioa hartu LABeko bost kideei, eta aske geratu dira

Sindikatuak salatu du magistratuaren jarrerak «are handiago» egin duela «Poliziaren burugabekeria», ez baitzen beharrezkoa inor atxilotzea

Atxilotuetako bat, atzo, libre, auzitegitik atera berri. LAB NAFARROA.
joxerra senar
Iruñean
2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Hogeita lau ordu egin dituzte atxilotuta. Herenegun gauean, Espainiako Poliziak LABeko sei kide atxilotu zituen, ISN enpresako kamioi batera igota N-121 errepidea trabatzeagatik eta CEN patronalaren Iruñeko egoitzan hauts gorria botatzeagatik. Izaskun Juarez LABeko Iruñerria-Pirinioak eskualdeko idazkaria berehala utzi zuten aske, baina gainerako bostek poliziaren egoitzan pasatu zuten gaua. Atzo goizean epailearen aurretik pasatzekoak ziren, baina hark ez zuen beharrezkotzat jo deklarazioa hartzea. Galdetu egin zien ea adierazpenik egin nahi zuten, eta, ezezkoa eman ziotenez, banan-banan aske utzi zituen.

Atzo, LABek salatu zuen epailearen jarrerak «are handiago» egiten duela «operazioaren burugabekeria». Herenegun, LABeko koordinatzaile nagusi Imanol Karrerak salatu zuen Espainiako Poliziak iraganeko irudiekin lotu nahi izan zuela LABen ekintza sindikala, langileen artean desmobilizazioa eragiteko asmoz.

Atxilotuetako bi garbiketa sektoreko ordezkariak dira, eta besteak, LABen zerbitzu pribatuen federazioko ordezkariak. Alde batetik, apirilaren 9an ISN enpresako kamioi batera igo, Beriain inguruan errepidea moztu, eta trafiko arloko segurtasuna urratzea leporatzen diete; bestetik, CEN patronalaren egoitzan egindako protestan mehatxuak, bortxa eta kalteak eragitea leporatzen diete.

Txostena, «oso pobrea»

Defentsa abokatuak jakinarazi zuen Poliziaren txostena «oso pobrea» dela. Kamioiaren ekintzan, Foruzaingoak ofizioz hasi zituen diligentziak, baina ISN enpresak salaketa jarri, eta Espainiako Poliziak hartu zuen kasua. Haiek martxoaren 8ko ekintzarekin lotu zuten garbiketa sektoreko protesta hori. «Antzezlan handi hau muntatu du».

LABek berretsi du protesta horietan ez dagoela inongo deliturik, baina, Poliziak delitu zantzuren bat ikusi izan balu, nahikoa zuela jakinarazpen baten bidez deklaratzera deitzearekin: «Ez zen beharrezkoa halako operatibo poliziala muntatzea. Ez zen beharrezkoa, parametro demokratikoetan, noski», kritikatu zuen. Horregatik, «Poliziaren gehiegikeria salatu eta ekintza sindikalaren alde egiteko asmoz», manifestaziora deitu du larunbatean, Iruñean. Baluarte jauregitik aterako da, 17:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.