Eten txiki bat baino ez

Ezkurdia eta Peio Etxeberria lagun minak dira, baina adiskidetasun hori bazter utzi beharko dute etzi, Labriten: finala dute jokoan

Peio Etxeberria eta Joseba Ezkurdia, barrez, atzo, aukeraketan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
«Bizitzak eman dizkidan lagunen artean, onenetako bat da Peio [Etxeberria]. Oso berezia izango da haren kontra jokatzea». Unai Laso kanporatu eta berehala azaldu zuen Joseba Ezkurdiak zer sentitzen zuen jakinda Peio Etxeberriaren aurka jokatuko zuela lau eta erdiko finalerdietan.

Egun batzuk pasatu dira geroztik, baina sentipena bera da. Baita Peio Etxeberriarena ere. Argi utzi zuten biek atzo, Labriten, etziko finalerdiko aukeraketan —Peio Etxeberriak pilota arinagoak aukeratu zituen—. Biek azaldu zuten «lagun handiak» direla, «ordu asko» egiten dituztela elkarrekin, lanean eta lanetik kanpo, eta horri esker «gauza asko» bizi izan dituztela elkarrekin. Ados daude biak: «Partida berezia eta polita izango da, are gehiago Iruñean jokatuko dela kontuan hartuta. Giro polita egongo da, ziur».

Baina sari handia dute jokoan: finala jokatzea. Eta hori nahikoa arrazoi da haien adiskidetasun handian eten txiki bat egiteko. «Elkarrekin entrenatzen gara, eta elkarri laguntzen diogu. Baina, oraingoan, aurkariak izango gara; zaila da. Halere, ez diot buelta askorik eman nahi. Nire jokoak axola dit», esan zuen Ezkurdiak.

Arbizuarrak partida «gogorra eta bizia» espero du. «Buruz eta sasoiz ondo egon beharko da. Erritmoa jartzen duenak aukera gehiago izango ditu irabazteko». Nabarmendu zuenez, Peio Etxeberriak «asko» jokatzen du, baina batez ere, lau eta erdian nabarmentzen da. «Pilotari osoa da, eta abiadura ematen dio pilotari gantxoz eta boleaz; defenditzen ere badaki».

Hirutan jokatu dute elkarren aurka, eta Ezkurdiak irabazi du beti. «Baina estuak izan dira partida guztiak. Azkenekoa hark galdu zuen, nik irabazi baino gehiago [22-16, sanferminetako finalerdietan]. Gauzak ondo egin beharko ditut: nik eman behar diot abiadura jokoari. Egiten badut, aukera izango dut. Txapelketako partidarik onena egin nuen Unairen aurka, baina hobeto egin dezaket: argi izan behar dut zer egin behar dudan; saketik hasita».

Azpimarratu zuen batek eta besteak «oso bide ezberdina» egin dutela txapelketan. «Peio lasaiago aritu da; nik, ordea, lehen partida galdu eta gero, presiopean jokatu behar izan dut. Biak ondo gaude: Peio txinpartarekin aritu zen Jokinen aurka [Altuna]; pilota oso azkar atera zitzaion eskutik. Niri, berriz, konfiantza eman dit azken partidak. Lehia polita eta zaila izango da. Saria handia da».

Hala uste du Peio Etxeberriak ere. Bigarrenez jarraian ariko da finalerdietan, eta, zenoztarraren iritziz, horrek «mesede» egingo dio. «Badakit zer den halako partida bat jokatzea. Oso adi egon beharko dut. Baina lasai nago: galtzen badut, aurrera egingo dut; eta irabazten badut, sari ikaragarria lortuko dut. Saiatuko naiz lortzen. Joseba ikusgarri aritu zen Unairen kontra, baina argi dut nire jokoa egiten badut aukera izango dudala. Beti bezala ariko naiz: ausart; eta partida gogortzen bada, borrokatu egingo naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.