Euskadiko Esne-behi Ustiategi Onenaren saria jaso berri du Iztueta Azpikoa baserriak, Lazkaon (Gipuzkoa). Marije Insausti ustiategiko nagusiak «poz handiz» jaso du aitortza hori, eta uste du «aurretik egindako lan onenaren emaitza» dela. Iztueta Esnekiak markako goi kalitateko jogurtak, izozkiak, esnea eta gazta ekoizten eta banatzen ditu.
Europako NPBren laguntzen inguruan iritzi argia dauka: etortzen dena, ondo, «baina nekazariak ezin dira haien mendeko izan aurrera atera nahi badute». Insaustik nahiago du gertuko administrazioari begira jarri. «Gure kasuan, Jaurlaritza da administrazio hori, eta sektorea lagundu nahi badu nekazaritza politika jakin bat garatu beharko luke». Iztueta Esnekien arduradunak dio badakiela Europak irizpide batzuk ezartzen dituela eta horiek errespetatu behar direla, «baina Frantzian, Austrian eta beste herrialde batzuetan lortu dute beren politika garatzea», eta Euskal Herrirako gauza bera eskatzen du.
Zer egin beharko litzatekeen galdetuta, Insaustik artzaintzari erreparatu dio, erakundeek jarduera horri emandako tratuari. «Behi esnea ez da modu horretan bultzatu, eta baserritar bakoitzak bere bidea egin behar izan du ahal izan duen moduan». Gaur egun badago politika bat, «baina dena handi egiteko helburua duena». Horregatik dio «txikiak babesik gabe» sentitzen direla, «abandonatuta».
Sektorearekin batera
NPBren akordioak jasotako helburuen artean daude ekoizleek salneurri justuak eta nahikoak edukitzea, ekoizpen kateko eragileen arteko oreka handiagoa lortzea, baina baita nekazarien arteko lehia handitzea ere, esaterako. «Poliki irakurri beharko dugu hori guztia. Baliteke helburu handinahiak eta politak azaltzea, baina gero ikusi beharko da nola gauzatzen den hori dena diru laguntza zehatzei dagokienez». Bien bitartean, baserritarrak lanean dabiltzala dio Insaustik. «Aspaldian egin genuen apustua gure ekoizpena guk geuk eraldatu eta saltzeko; gure aitonak egiten zuen, eta gure semeak egiten du orain».
Baina aurrera egiteko estrategia horretan zailtasun handiak daudela ez du ezkutatu Iztueta esnekien arduradunak. «Gizarte kontzientziatuagoa dugula esaten da, bertako kalitatezko produktuen aldeko jarrera handiagoa dela... zer nahi duzu esatea,ez dugu horrenbestekoa ikusten». Neke puntu bat ere sumatzen zaio Insaustiri kontzientziazio lanaz galdetu ondoren. «Guk gure lana dugu, eta gure lana kalitaterik goreneko produktuak ekoiztea eta saltzea da. Bertako nekazarien eta abeltzainen aldeko kontzientziazioa erakundeen esku egon beharko luke maila handi batean; gu ezin gara denetara iritsi, eta ikusten dugu bertako administrazioek ez dutela benetako apustua egin gure alde». Produktu batzuen aldeko politika badela onartu du, baina sortu diren ekinaldiak «goitik» sortu direla uste du; «ez dituzte gurekin batera egin, eta horrelako gauzek ez dute ongi funtzionatzen».
Erakundeak «sektorearekin batera» ari daitezen nahi du Iztueta Azpikoako arduradunak, «ahalik eta baserritar gehien egon behar delako landa eremuan bizitzen eta natura zaintzen». Baserrian lan egin eta aberastasuna sortzen dutenak «geroz eta gutxiago baikara».
Nekazaritza Politika Bateratuaren erreforma
«Ustiategi txikiak abandonatuta sentitzen gara»
Marije Insausti. Iztueta esnekiak egiten dituzte Lazkaoko Iztueta Azpikoa baserrian. Kalitateko handiko jogurtak, izozkiak, esnea eta gazta egiten ditu Marije Insaustik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu