Hiru eraso matxista salatu dituzte asteburuan: bat Araban eta bi Lapurdin

Gasteizko emakume batek etxetik ihes egin du, seme-alabekin batera, bikotekideak jo ostean. Ziburun labankadaz zauritutako andrea, larri

Oihana Teyseyre Koskarat - Ion Orzaiz
2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Emakume batek eta bere lau seme-alabek etxetik ihes egin behar izan dute asteburuan Gasteizen, bikotekideak emakumea eta haren alaba nagusia jo eta gero. Andreak berak salatu zuen gertatutakoa Udaltzaingoaren aurrean, igandean. Udalak ohar batean jakinarazi duenez, emakumeak azaldu zuen bikotekide duen gizonezkoak jo egin zituela bera eta bere alaba nagusia, eta horregatik irten zela etxetik ihesi, lau seme-alabekin. Erasoaren aztarnak eta biktimaren deklarazioa aintzat hartuta, udaltzainek gizonezkoa atxilotu zuten atzo, eta epailearen esku utzi.

Ez da Euskal Herrian iragan asteburuan gertatutako eraso matxista bakarra. Lapurdin, beste bi kasu salatu dituzte egunotan. Lehena Ziburun gertatu zen, iragan ostiral arratsean: gizon batek emazte bati labanaz eraso egin zion. Hamar bat labankada eman zizkion, ikerketaren lehen zantzuen arabera. Larriki zauriturik dago 40 bat urteko emakumea, erietxean, baina, medikuen arabera, arriskutik kanpo dago. Gizona ihesi joan zen erasoaren ostean, eta Frantziako Polizia haren bila aritu zen; azkenean, igandean atxilotu zuten, Ziburun, eta atxiloaldian dago. Lehen ikerketaren arabera, ez dago «harreman jakinik» bien artean.

Basusarriko (Lapurdi) herriko besten denboran, berriz, beste eraso bat gertatu zen larunbatean, Euskal Irratiek jakinarazi dutenez. Baionako prokuradoreak ez du zabaldu erasoaren inguruko informaziorik, baina afera Frantziako Poliziaren esku dago: biktima adingabea da, eta, atzo, bi mutil adingabe atxilotu zituzten. Gertatutako eraso matxistak salatzeko, dozenaka herritarrek elkarretaratzea egin zuten atzo Basusarriko plazan.

2003tik aurrera, 111 emakume eta 11 ume hil ditu indarkeria matxistak Euskal Herrian. Horietatik ia laurdenak, 24, Lapurdin hil dituzte. Aurten, lau emakume hil dituzte Euskal Herrian, eta eraso horietako bat Lapurdin gertatu zen, apirilean, Miarritzen; gizon batek eskopeta tiroz hil zuen emakumea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.