Binakako Txapelketako finala. Iker Irribarria. Aspeko aurrelaria

«Kolpeak hartu behar izaten dira. Hobea egiten zaituzte»

Iker Irribarriak laugarren finala jokatuko du igandean, azkena jokatu eta urte eta erdi pasatxora. Onartu du txakalaldi «sakona» izan duela, baina azpimarratu du hura atzean uzteko eginiko lanak «indartu» egin duela.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Uharte
2019ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Iker Irribarria gardena da (Arama, Gipuzkoa, 1996); pozik dagoenean nabaritzen zaio. Igandean bere kirol ibilbideko binakako bigarren finala jokatuko du, eta ezin du ezkutatu horrek sortzen dion irrika. Pasatutako une txarren tamainakoa da.

Irribarria itzuli egin dela esaten dute. Nora joan zen bada?

Ez dakit zuzena den esatea joan egin zela, baina mailaz jaitsi zen. Emaitzetan nabaritu zaio gehiago. Joan den urtean emaitzak nahiko kaskarrak izan ziren, baina, zorionez, berriz ere final batean nago, eta, hori bada itzultzea, pozten naiz itzultzeaz.

Emaitzak izan ziren bakarrik?

Eta sentipenak. Batak bestea ekartzen du, baina argi dago emaitzak ez zirela izan hoberenak. Egun askotan ez nuen batere gozatu kantxan.

«Gure esentzia itzuli da»: hori esan zenuen finalerdietako lehen partidaren ondoren

Bikote gisa hitz egiten nuen. Irabaztean, biok irabazten dugu, eta, galtzen dugunean, biok galtzen dugu. Ni, behintzat, gustura nago egin dudan jokoarekin. Urte txar honetan errematera urrutitik sartzen aritu naiz, edo txorakeriak egiten, eta pilotari eman gabe.Banekien zeintzuk ziren nire armak, baina agian ez nituen behar bezala erabili. Azken urteetan, beste pilotari batzuek nik baino hobeto maximizatu dituzte armak, eta horregatik ibili dira ni baino hobeto.

Azterketa prozesu baten ondorio da hori?

Bai. Teknikariekin horretaz hitz egin dut. Garbi esaten zidaten: «Iker, ez zara txarra tantoa aurrean bukatzen, baina, daukazun kolpearekin, lehenbizi saiatu atzera jotzen, landu tantoa...». Nik uste dut horretan ere hobetu dudala. Gauzak ez dira egun batetik bestera aldatzen, baina hori da sentipena, nire dohainak hobeto baliatzen ditudala orain.

Kantxan lan gehiago egiten duzu orain.

Kantxatik kanpo ere bai. Ahulguneak konpontzen saiatzen ari gara: ahal denean eraso egitea, ahal denean urruntzea... Pazientzia pixka bat izaten saiatzen naiz, aukera onaren zain egoten, atzelariari laguntzen... Bai, langileagoa naiz orain.

Bolada txarretan gehiago ikasten omen da. Ados zaude?

Ederki ikasita egon beharko dut orduan! Bai, azkenean kolpeak hartu egin behar izaten dira; horrek hobea egiten zaitu. Udatik hona gora egin dudala ikusten dut. Egia da lau eta erdia ez zela irten nahi genuen moduan, baina joera gorakoa zen.

Helduago dirudizu. Jende askok esan al dizu?

Hitz egitean izango da! Kantxan agian bai; uste dut partidako une garrantzitsuak hobeto identifikatzen ditudala. Tanto horietan serioago jokatzen dut, eta une horietan aurrerapausoa eman dudala uste dut. Partida asko tanto garrantzitsu horietan erabakitzen dira. Adibidez, Jokinen moduko [Altuna] pilotari batek une erabakigarri horietan ez du ia inoiz huts egiten, eta, horri esker, partida asko irabazten ditu. Zabaletak eta biok horri buruz hitz egin dugu, eta iruditzen zaigu txapelketa honetan bizpahiru partidak ihes egin digutela une erabakigarrietan asmatu ez dugulako.

Kanpotik ikusita, bilakaera fisikoa agerikoa da.

Bai; etsita zaudenean, gauzak aldatzeko joera izaten da. Prestaketa pixka bat aldatu dut, eta pozik nago emaitzekin. Hobeto ikusten dut neure burua koordinazio mailan eta defendatzeko garaian, baina argi dut hobetzeko tarte oso handia gelditzen zaidala.

Ordu asko egin dituzu bizikleta estatikoan?

Ordu asko bizikletan, ordu asko koordinazio eskaileretan... Koordinazio eskailerarekin amets ereegiten dut, baina nire gabezietako bat da. Lana da, eta zerbait nahi baduzu badakizu zer egin behar duzun.

Zuk esana da kiloak bainoago koipe kopurua jaitsi duzula.

Lodi ez naiz inoiz egon, baina esango nuke aspaldi ez naizela egon orain nagoen sasoian.

Jan ohiturak-eta aldatu dituzu?

Ikaragarri ez, guk energia asko erretzen dugulako, baina azukreak-eta kendu ditut. Ohitura arruntagoak. Gainera, nik amonaren etxean jaten dut egunero, eta beti garbi.

Arlo psikologikoa landu al duzu?

Bai, beste prestatzaile bat da; landu beharreko arlo bat da. Eskuarekin ematen diogu, baina buruarekin jokatzen dugu. Pozik nago egiten ari naizen lanarekin; jendeak beste poz batekin ikusten nau kantxan.

Urte eta erdi eman duzu finalik gabe. Zure kasuan, badirudi hondamendia dela.

Bai, ados nago; esajerazioa dela iruditzen zait pixka bat. Egon dira beste pilotari batzuk bospasei urte igaro dituztenak finalik jokatu gabe, eta, bazirudien ni inoiz ez nintzela itzuliko final batera. Hori ere ez da horrela. Aurreikuspen hori ona da alde batetik, jendeak zerbait ikusten baitizu, baina urte eta erdi egotea finalik jokatu gabe ez da hondamendi bat, inondik ere. Lau urte daramatzat profesionaletan, eta laugarren finala da.

Ibilbide profesionalaren hasieran hainbeste arrakasta eduki izana zama bat izan daiteke?

Zama bat izan daiteke urte txar bat eragiten badizu, baina urte hori ikasgai gisa hartu dut. Urte eta erdian hiru finaletan sailkatu nintzen. Dena kolpetik iritsi zitzaidan. Ez lanik egin gabe, baina bai ezustekoan.

Garai hartan baino pilotari hobea zara orain?

Bai, zalantzarik gabe. Iaz, duela bi urte edo debuteko urtean baino pilotari hobea naiz, orduan bi txapel irabazi nituen arren.

Plaza maite duzula dirudi; lasai itxura duzu. Buelta asko eman al dizkiozu buruari?

Ez dakit zenbat buelta emango nizkion! Zenbatzen hasiz gero... Irabaztean edo galtzean norbera pozten edo gogaitzen da gehien. Prestatzaileak lan bat jartzen badu, norberak sufritzen du gehien. Azkenean, sakrifizioa da, eta zu zara goian egotea gehien desiratzen duena, baina beti ez da posible.

Txapelketa on bat egin izana liberazio bat da?

Zalantzarik gabe. Txapelketa on bat egitea zure lanaren fruitua da. Esan nahi du etsipenaren ondorioz eginiko aldaketek emaitza ona izan dutela. Udatik apurka goraka egin dut, nire piramidea eraikiz. Baina lan horri, prozesu horri ekiteko, hona iritsi nintekeela sinetsi behar nuen. Zerbait lortu nahi baduzu, gai zarela sinetsi behar duzu.

Edozeinek esango du Zabaleta honekin dena errazagoa dela.

Egungo atzelaririk onena ez bada... Nire ustez, bi atzelaririk onenak daude finalean, eta hori antzematen da. Horrez gain, denok ditugu partida onak eta txarrak. Txapelketa guztian berak agindu du, baina azken bi partidetan ni ere hobeto aritu naiz. Argi dago Zabaletarekin irabaztea errazagoa dela, baina partida guztiak lehiatu behar dira.

Txapelketako garairik onenean zaudetela uste duzu?

Bai, baina uste dut hobeto egon gintezkeela. Dena den, egia da huts gutxi egiten ari garela, eta ondo hartu dugula elkar. Baina finalean oso bikote gogorra izango dugu parean. Haien azken partida ikustekoa izan zen.

Duela bi urte, Beñat Rezustarekin irabazi zenuen binakakoa. Alde handia al dago haren eta Zabaletaren artean?

Bai, ezberdinak dira erabat: kantxan, jarreretan, defendatzeko garaian, jotzeko moduan... baita kantxatik kanpo ere. Biekin ondo moldatu naiz, eta hori da garrantzitsua. Elkarbizitza kontu bat ere bada: Binakako Txapelketan hemeretzi aste pasatu behar ditugu elkarrekin. Ezkontideak izatea bezalakoa da.

Zu bolada txarretik zentozen, eta, hala ere, hasieratik jo zintuzten faboritotzat.

Marka da hori! Indarra ematen dizu. Presioa badago, jendeak zugan sinesten duelako da. Zabaletarekin jartzen zaituzte, eta entzuten duzu: «Bikote honi ezin zaio irabazi». Baina ez al nengoen hain gaizki jokoz? Badago zerbait hor indarra ematen dizuna. Presioa sumatzen baduzu, zerbait egin duzun seinale da. Esan nahi du jendeak zugan sinesten duela, eta jende askok nigan sinetsi duelako nago berriz nire mailan.

Buruz burukoa urrun al dago?

Hori galdetzea ere marka da! Urte eta erdi azken finala jokatu nuela, horrelako urtea pasatu, final baten atarian nago... eta hasi gara hurrengoan pentsatzen. Nahikoa lan dut hori barneratzen. Bai, badakit gero etorriko dela buruz burukoa, baina gauzak lasai hartu nahi ditut. Lehenbizi, final hau jokatu, eta gero gerokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.